Mugimendu ezkertiar berria Euskal Herrian? Lehengo lepotik burua
Mugimendu ezkertiar berria Euskal Herrian? Lehengo lepotik burua –
Euskal Herrian itxi den ziklo politikoaren aurrean paradigma berri baten beharra ikusi duten zenbait gazte berrantolatzen eta berregituratzen hasi dira, esentzia ezkertiarraren bila eta euskal-espainiar burgesiaren eskutik joango ez den erreferentzia zein gidaritza berriak sortzen hasi dira. Esan beharra daukat hasiera baten argi izpiren bat ikusi nuela honen baitan; orain arte langile klasearen emantzipazioa zergatik ez den eman eta norbanako zein kolektiboaren askatasunaren bidean izandako hutsune eta okerren inguruko hausnarketa sakonago eta helduago bat emango zelakoan baitnengoen.
Ematen duenez IKASLE ABERTZALEAK antolakundeak ere erronka honi ekin dio azken bolada honetan. Ezker Abertzale ofizialaren estrukturarekin zuen lotura estua apurtuz eta abangoardiatzat joz bere burua.
Antolakundearen izen “aberri-zale” klasistan sartu gabe, berriz ere praxis Marxitatik ekiten dio borroka garai berriei, Karl Marxen doktrina zabalduz, berriz ere langile klasea historiaren zurrunbiloan sartu nahian.
Izan ere Marxismoaren hedapena eta bere hegemonia kulturalak, gehiengoaren pertzepzio sistema eraldatu du, sendatzen oso zaila izango den itsukeria intelektual sakona eraginez. Hain da larria, ezen, sufritzen duen pertsonak konbentzimendu osoz arrazoitzen dizun bere eskutan dituela iraganeko, oraineko eta etorkizuneko gertakari guztiak ulertzeko baliabideak.
Marxismoaren irakurketa zurrunak iraultza burokratikoaren pertzepzioa ezintzearekin batera jerarkia sozialaren puntu gorenera eraman du jakintzaren oligarkia eta eskuduntza teknikoadminitratiboa. Horrekin batera “patroi berrien” eskutan jarri du klase menderatzea zilegiztatuko duen formula politikoa. Herri langilearen begien aurrean gainera.
Historiak erakutsi digu sarritan iraultza komunistek oligarkia berri bat eraman dutela boterera, eguneroko bizitzaren funtzioak monopolizatzen dituena, baliabide intelektualei, kognitiboei eta teknikoei esker. (JAKINTZA BOTEREA DA). Klase dominante berri hau burokratez, agintariz, teknikariz eta zientifikoz osatua dago, haien artean mosaiko anitz bat eman lezakeena, baina finean haien artean jakintzaren monopolioa izango dutenak, azken hau zapalkuntza sozial eta politikoaren oinarria dena.
Ados nago esatean, gizakiak gizakia menderatzeko daukan joerak ez daukala oinarri psikologikorik baizik eta ekonomiko eta sozialak direla arrazoiok.
Baina bi termino hauetan besterik ez txertatzea sozialismoaren eraikuntza sinplea baino sinpleagoa da: jabetza pribatuaren desagertzearekin eta baliabide produktiboen kolektibizazioarekin proletariatuaren emantzipazioa bermatuko dela esatea, inuzentekeria da.
Honen kritikan egiten dugun askok mundu osoko langile mugimenduaren inguruko irakurketa zientifikoa egiten dugu. Historia apur bat irakurrita asko dira intelektualizatu izan diren proletarioak, doktrina ondo ikasia zeukatenak eta hasiera baten, (dena esan beharra dago), iraultzan sinistu izan dutenak baina gero praktika autoritario eta klasistan jauzi direnak.
Honek langile klasearen kolonizazioa ekarri du iraultzaile doktrinazaleen partetik, unean uneko herri iraultzak irabazi duenero langile masaren gaineko intelektualen diktadurara ezarriz.
Ez pentsa hau Euskal Herritik urruti dagoen perspektiba bat denik. Orain ez hain beste “langileontzat boterea osoa” esaten zuen pankarta bat ikusi nuen, nork sinatua zen ikusita (Marxismoaren jarraitzaile sutsuak hauek) zenbait galdera etorri zitzaizkidan burura.
Langileak klase dominantean bihurtzen direnean? Noren gain gailenduko dira? Horrek hurrengoa pentsatzera narama; bestelako proletariatu bat oinperatua edo menperatua izango da hala beharrez. Garai batean nekazal guneetako masak izango ziren eta gaur gaurkoz, gizartean baldintza ekonomiko kaskarrenak dituztenak, etorkinak, emakumeak, bazterketa egoeran daudenak (eta guzti hauen haien seme-alabak)… izango dira. Hauek kulturaren gradurik baxuenean daude, beraz logikoa denez fabriketako, bulegoetako eta 3.sektoreko langileek zapalduko dituzte.
Trantsizioaren Estatuak klase menderatzailea sortzen du automatikoki, boterearen kudeaketaren jardunak, langile ohien psikologia agintaritzara bultzatuko duena. Gobernadoreak izango dira beraz, klase pribilegiatuen ohiko akatsak erreproduzituz.
Beraz Euskal Herrian sortzen dabilen mugimendu berri horrek, nondik begiratzen dio begitara euskal langile klaseari? Goitik begiratuta zaila da lurrera begira dagoenaren begiak ikustea. Nik uste Ikasle abertzaleak antolakundeak garai berri baten hasierak dakarren noraeza, gutxi batzuen nahiak eta behar pertsonal frustratuak asetzeko baliatu duela. Berriro ere lehen aipatu bezala paradigma orokorrak berean bermatuz eta euskal langile klasea enegarrenez amaierarik ez duen borobil batean ibiltzera gonbidatuz.
Nor berak jakingo du zer egiten duen eta ze ardurarekin jokatzen duen askatasun osoaren bidean.
Aupa Amaiur,
Hasteko eta behin, uste det orkorrean marxismoaren baitan dagoen ideia sozialismo errealaren edo leninismoaren (leninismoari, marxismo positibizatu edo stalinismoa deituko nioke, interpretazio bulgarizatu bat orohar) paradigma oinarritzat hartzen dezula testu osoan zehar, eta honek determinatzen dituela egiten dituzun hainbat galdera zein baieztapen.
Zintzoki, ez dakit ea kritika ezkerretik egina den, edo zuzenean teoria komunista iraultzailea alde batera uzten dezun, edo are okerrago, errikudilizatzen dezun. Ez naiz doktrinaren zein arrazoiaren edo aztertzen gabiltzan objektuaren analisi egokienaren auzian sartuko, edo beste era batera esanda, ez naiz “arrazoiaren” azterketan ematen den absolutuaren eta erlatiboaren arteko batasun dialektikoan sartuko, uste det ez dela hau epistemologia marxistaren inguruan hitz egiteko lekua. Azterketa (edo hobe esanda literatura) asko dago auzi honeri buruz, baina egokien Marxengan aurkituko dezu, zehazkiago Grundriseetan, interesa edukiko bazenu.
Diozu “Historiak erakutsi digu sarritan iraultza komunistek oligarkia berri bat eraman dutela boterera, eguneroko bizitzaren funtzioak monopolizatzen dituena, baliabide intelektualei, kognitiboei eta teknikoei esker. (JAKINTZA BOTEREA DA). Klase dominante berri hau burokratez, agintariz, teknikariz eta zientifikoz osatua dago ,haien artean mosaiko anitz bat eman lezakeena, baina finean haien artean jakintzaren monopolioa izango dutenak , azken hau zapalkuntza sozial eta politikoaren oinarria dena.” Egia da, “iraultza komunista” bezela ezagutzen ditugun esperientziek burokrazia zein –eta finean- antolaketa sozial burges baten forma aldaketa “besterik ez zela izan” (komatxo artean jartzen det, iraultza saiakera oro bere historizitatean ulertzea ezinbestekoa dela ulertzen detelako), baina testuinugur historikoari jarraikiz, iraultzen gauzapenen objektibitatea bera historikoki determinatua zegoen heinean, hau da, ekoizpen harreman feudalen baitan iraultza komunistaren saiakera planteatu behar izateak muga asko ditu; hau dela medio garatzen dira bost urteko planak deritzenak zein industrializaio prozesu bat. Estatu kapitalismoa da, finean, bai Iraultza sobietarrak zein txinatarrak hartzen duen forma politikoa, beti ere Kapitalaren determinazio sinpleak (balio forma, soldatapeko lana, dirua, Estatu burgesa…) abolitu gabe. Hortaz, Lenin hil ondorengo teorien sinplifikazio zein bulgarizazioak ez du zerikusirik benetan iraultzaile hauen planteamendu politikoekin, eta Marx landuz gero, ohartzen gara iraultza PROZESUA uste baino konplexuagoa dela. Eta Marxek bera Lenin-en taktika ulertzeko giltza ematen digu.
Hau jarraikiz, honera garamatza: “Baina bi termino hauetan besterik ez txertatzea sozialismoaren eraikuntza sinplea baino sinpleagoa da: jabetza pribatuaren desagertzearekin eta baliabide produktiboen kolektibizazioarekin proletariatuaren emantzipazioa bermatuko dela esatea, inuzentekeria da.” Kapitala, egun akademian eta errealitatea kosifikatuak erakusten digutenaz aratago, erlazio soziala izateaz gain, kategoria konkretu bat da. Konkretua da, hainbat determinazioren sintesia delako (Marx). Determinazio sinple hauek anitzak dira, ez du ezertarako balio, ekoizpen bitartekoen sozalizazioak merkantziak ekoizten jarraituko bagenu, ez eta gizakia soldatapeko lanaren esklabutzari lotuta agertuko balitz. Funtsean, balio-formaren dinamikak martxan jartzea “sozializazioaren” izenean nahi ta nahiez Kapitala bera akumulatzera eramango liguke, nahiz eta forma institucional etabar berriak agertu.
Langile klasearen zapalkuntzak fundamendu ekonomikoak ditu, baina ez da soilik horretara mugatzen. Komunismoaren eraikuntzak (Kapitalaren aboliziotik hasten dena) berau gainditzeko aukerak ematen ditu, behin geure gaineko botere hori abolituz geure baitan egonik gizartearen antolaketa soziala. Are gehiago, komunismoaren eraikuntzaren prozesuan ekoizpen harreman sozial kapitalisten baitan hezitu geran seme-alabak gaude, subjektibitate hori geure barren-barrenean egonik, hortaz, instituzio proletarioen eraikuntza ezinbesteko da praktika atzerakoiei eurre egin, eta balore berrien baitan erlazio sozial berriak eman daitezen. “Azpiegituraren” aldaketak “gainegituraren” baitan inmediatoki edo mekanikoki aldaketa ekarriko duenaren ideia Diamat edo manual Sobietarretatik dator, eta erabat faltsua da.
Uste det, langile klasearen gaineko ikuspegi enpirista bate do obrerista bat dela testu honetan maneiatzen zabiltzana. Langile klaseak “inherente” duen edo unibertsaltzat duen ezaugarria bere lan-indar-merkantzia saltzera behartuta dagoela da, bizirik mantendu nahi badu. Bertan sartzen dira, testuan aipatzen dituzun “emakumeak” (emakume langileak!), etorkinak, etabar. Berauek izango lirateke, forma poltiko berriaren baitan bai ekoizpenareiko eta orohar beraien (geure) bizitzareko KONTROL OSOA EDUKIKO LUKETENAK. Ez dira gobernariak izango agintearen jabetza edukiko dutenak, langileak beraiek izango dira control osoa dutenak, polizia zein ejerzitorik egongo ez den bezela, langileek edukiko lukete KONTROL OSOA. Marxek Pariseko Komunaren esperientzian honeri buruzko irakaspenak ateratzen ditu, interesa edukiz gero; eta precisamente honexegatik diotsut ez dela berdina Leninen planteamendu teoriko historizitate zehatz batean edo Marx beraren planteamendua.
Gazte mugimenduan gertatzen ari dena da, Krisiaren ondorioz langile aristokraziatik gatozen seme-alabak etengaeko proletarizazio prozesu baten sartuta gaudela, eta iadanik ez digutela historikoki kadukatua dauden planteamendu politikoek balio, hau da, historian langile klasearen kapa baten edo burgesiaren artean ematen den aliantzak bere topea eman duela, eta hau dela medio nolabaiteko erradikaltasun bat ematen da; eta planteamendua argia bezain zuzena da: komunismoaren eraikuntza ala ezereza.
Amaitzeko aipatzea Ikasle Abertzaleak-en militatzen dugun ikasleok geure kaxa pentsatzen ikasi degula, eta ez gaitzazuela tontotzat hartu oso konsziente baikara eramaten degun praktika zein ildo politikoak suposatzen duen erantzukizunaz. Ondo izan eta esango didazu.
Besterik gabe, hausnarketarako besterik ez dut idatzi textua, garai politiko interesantea ikusten baitnuen ideia libertarioen edapenerako Euskal Herrian eta aukera hori galdu dugunaren sentsazioa nuelako. Ez dator inondik eta ez doa inora.Eta ikasle izanda ikasle mugimenduak ikutzen nauelako gertutik aipatu dut Ikasle Abertzaleak. Nork bere konbintzio eta nork bere erreferente politikoak ditu eta errespetatzen dut. Ideologia iraultzaile guztietan daude akatsak (bestela garaipena gurea litzake jadanik) bai taktikoak , teorikoak zein praktikoak eta horren inguruan eztabaidatzea da aberasgarria bezain beharrezkoa .
“Determinazio sinple hauek anitzak dira, ez du ezertarako balio, ekoizpen bitartekoen sozalizazioak merkantziak ekoizten jarraituko bagenu, ez eta gizakia soldatapeko lanaren esklabutzari lotuta agertuko balitz. Funtsean, balio-formaren dinamikak martxan jartzea “sozializazioaren” izenean nahi ta nahiez Kapitala bera akumulatzera eramango liguke, nahiz eta forma institucional etabar berriak agertu.”
Droga gogorra Ikasle Abertzaleaken, bertan gauzak ez direla aldatu dirudi. Ederto egin du Ernaik, ideia fantasmagoriko hauetatik urrun mantendu behar dugu gure unibertsitatea.
Gure gazteri iraultzaile guzti honek hobe luke nerabezaroko tontakeriak alde batera utzi eta 24 orduz euskaraz jardungo balitz. Horrela agian egingo genuke iraultza apur bat.
Guztiz ados nago Kommunismus-en iruzkin eta planteamenduekin.
Honez gain, amaiur, gomendatuko nizuke ortografia edo mekanografia klaseren batera joatea. Normalean koma aurreko hitzari lotuta jarri behar da eta ondoren espazioa, eta ez alderantzitz. Bi komen artean edo bi punturen artean esaldi osoa parentesi artean jartzea akats larria da, adibidez: “kognitiboei eta teknikoei esker. (JAKINTZA BOTEREA DA). Klase dominante berri hau burokratez”.
Beste hainbat akats ikusi ditut, eta begietatik odola besterik ez zait jario, baina ez dut pasa ere egin nahi.
Besterik gabe, Elkar dendara edo joatea gomendatuko nizuke, LH-ko libururen baten bila.
Muxu bat, eta komunismoa eraiki!
«Historiak erakutsi digu sarritan iraultza komunistek oligarkia berri bat eraman dutela boterera».
Sarritan ez, BETI! Eta oligarkia horrek BETI baliatu da botereaz herri xumea eta langilea baino hobeto bizi izateko.
Jarraitu zure buruhausteekin eta zorte on oligarkia berrian sartzeko lehian 😉
Nire ustez artikulu hau sozialdemokraten intoxikazioa besterik ezin du izan, martzianorik anarkoideenak ere defendaezinak.
Halere “Kommunismus” erantzundakoak argiro erakusten du zein galduta dauden ustezko ‘benetako marxismoa’ defendatzen duten autonomo-berriak, ikasle mugimenduan hazi direnak benetako praxi iraultzaile baten faltaz baliatuta.
Gaztetxotan izaten da bereziki errebeldiarako nolabaiteko joera. Gauzen egoerarekin ados ez eta mundu zikin hau aldatzeko nahia. Ikusten ari naiz ordea azkenaldian indar hori feminismo eta marxismoa ari direla kapitalizatzen. Erdigunean langile-klasea edo emakumea. Eta euskaldunok? Eta gure hizkuntza? Gure bizirauteko eskubidea?
Ziur nago gazte hauek fede onez ari direla (seguru gehienak zintzoki abertzale gisa identifikatzen dutela beren burua), baina ikuspegi nazionaletik politikoki gertatzen ari dena katastrofe hutsa da. Eskubide nazionalak ez dira aipatu ere egiten, okupazioa normalizatzen ari da “gure” politikarien partetik eta euskararen egoera tamalgarria da (ikusteke euskaraldiak zer ematen duen). Ideologia arrotzen menpean abertzaletasuna bera alde batera uzten ari dela iruditzen zait. Zuotakon bat hau irakurtzen badago eskatu nahiko nizueke ikuspegi nazionala zaintzea arlo guztietan eta ez erortzea orbita espainolista-frantximentan (kulturalki batez ere, erraza baita).
Euskaldunok lehenengo, euskara lehenengo
Haserre 27, pozik 30. Zer esan nahi horrek? Benetan hor 57 lagun izan direla boto ematen?
Aspaldixkoan ez nuen horrelakorik ikusi agerkari honetan. Nola egiten da iruzur hau?
Hasteko erran nahi nizueke zuen diskurtsuak nahikoa abstraktuak, konplikatuak, iduritzen zaizkidala, eskolatistikoak ez erraiteko. Ala ene euskara mailaren falta da?
Horrelakotxeak entzunak nituen, duela 50 bat urte eta ikusi dugu zer ondorio urri eman diguten.
Alta, ez banaiz makur, Marxek erran zuen, untsa pentsatutako gauzapen batek edozein diskurtsoa baino gehiago balio zuela, eta, gu asko mintzatu ginen, ez aski egin eta emaitza araberakoak ordea.
Bestetik, irakurtzen zaituztelarik, iduritzen zait berdin mintza zintezketela Madriletik edo Parisetik.
Alta, Leninek berak zioen Marxismaren muin-muina zela”egoera konkretuaren analisia konkretua”.
Zer diozute, bada, bi estatu inperialistek dezpiezatu eta kolonizaturiko zuen herriaren gaurko egoera konkretuaz ?
Diskurtsoa hauien atzean, zuen kezka baldin baldinbada gure Herrian nahikoak ez diren justizia eta elkartasun ekonomikoa, batez ere esplotatuenen aldera, uste dut abertzale asko ados liratekeela zuekin hitz egiteko eta gehiago dena, ekiteko ere bai.
Ezdakit “esentzia ” onhar dezakezuen bainan, guretzat, inportanteena litzateke justizia eta konkretuki elkartasun ekonomikoa.
Bainan, horretaz aritzeko, berriz diot ezin dela, ene ustez, gure egoera nazionalaz horrela abstrakzio egin.
Ala ez zaituztet ondo ulertu?
Barkatu bainan erran behar nuen:
Eskolastikoa , ez eta eskolatistiko
Irakurtzen zaituztedalarik ez eta zaituztelarik
onar eta ez onhar…
Euskara ahal dutan bezain ona emaitea azken ordurainoko borroka izanen da enetako.
Arkeologik erakusten digunez, gure arbasoak izan ziren ehiztari bizimoduari eusten gehien tematu zirenak, inguru osoa nekazari bizimodura aldatu eta gero. Bi mila urtez edo eutsi zioten aidanez. Sen horrek bizirik dirau gure artean nonbait. Ate joka ditugu inteligentzia artifiziala eta horren eskutik helduko diren errobotak eta androideak, epe ez oso luzean gizakien lana bera gainezko bihurtuko dutenak. Ortzimugan ikus daiteke jada langile klase ustiatuaren ordez, zer eginik izango ez duen baztertu eta zokoratuen klasea agertzen hasia dela. Eta heldu hurren dauden egoera berri horietarako gogoeta abiatu beharrean, gure Abango ardiak, XIX. mendeko sasietan kakotuta geratu zaizkigu, kalpar handiak moztu gabe nonbait. Ile motzagoko bizkorrago batzuk ez ote daude inon?
Ja, ja, Hartsuaga, hirea duk hirea umorea! Irriparra baino gehiago eragin diak, “Abango ardiak” irakurri eta zaidak ba momentu batez bururatu Wikipedia begiratu beharko dudala?
Goatzera joan aurreko algara honek merezi izan dik Zuzeun sartzea.
Barkatu: “eta EZ zaidak…”
Ekidin behar da guziz fraseologia baldar eta gehienontzat ulergaitz hura Marx berarena ez zena, baizik eta, XX mendeko « marxista » kaskar anitzena.
Horretaz aparte, gure gazteek erabat arrazoi dute Marxen teoriaz interesatzea. Bada zer azter, ikas eta erabil XIX mendeko ekonomista horren obretan, gaurko ekonomista serio gehienek ezagutzen eta aipatzen dituztenetan.
Bainan hau egiterakoan, hobe da erakasle on baten laguntza izaitea, batez ere bere teoriaren limitak erakusteko : adibidez langile klasearen misioaren baitako sinismen« idealista » edo ekoizpen baliabideen kolektibisazioak langileen esplotazioa automatikoki ezeztatu zuelako sinismena edo langile klasearen internazionalismoa…
1935 urtearen inguruan, oso gazterik beraz, Simone Weil (1909- 1944) frantses filosofoak lehen bi pundu horiek ederki seinalatu zituen jada. Egia da langile klasearen egoera erreala hobeki sentitu ahal izaieko, saiatu zen mekanika industrian urte batez bederen lan egiten esku langile bezala.
Horra etsenplu ederra gure gazte politikazaleentzat !
Artetik erraiteko, robota ez da makina programatu bat baizik lana errazten diguna, aspaldiko denboran uztarriaren inbentzioak egin zuen bezala. Robotak alde batetik lan errepetibo asko kentzen du bainan bestetik bere fabrikazioak lan kalifikatua sortzen du ere bai.
Ez dut uste ez Marxek, ez Simone Weilek roboten kontra izango zirenik baitezpada. Beti da neurri et erabilpen modu kontua.
Interesgarria litzateke herriz herri parrean ezartzearoboten ekoizpenaren bolumena eta langabeziaren tasa.
Apustua egingo nuke ongi antolatu eta zintzoki kudeatutako herri tipi batean, hots egiazko komunitate nazional batean, robota ala ez, lan egin nahi duenarentzat lana izanen dela beti.
Arrazoi duzu esaterakoan orain baino lehen ere izan direla makinak eta asmazioak. Eta egia da orain artekoek ez dutela paradigma aldaketarik ekarri, paradigma beraren baitako aldaketa soilak baizik. Alta, oraingoan kezka iturri nagusia ez dira errobotak eta androideak, intelijentzia artifiziala baizik. Beso-lana ez ezik, buru-lana bera ere makinak egiten hastea, alegia. Pixkanaka, lanean aritzeko adina dutenen artean ehuneko gero eta handiagoa geratuko da bazterturik, besterik gabe irauteko adina emango dion soldata sozialaren onuradun. Apustu egin nahi baduzu, hitzordua jarriko dugu berrogeita hamar urte barru, ea nork nori ordaindu behar dion afaria.
Aitortzen dut ez naizela aditua inteligentzia artifiziala horretan. Erruz seguraz ere iduriz.
Bainan naizen weiliar kaskar horrentzat, lanetik baztertu eta ordaindutakoez osatutako mundu harek ifernua dirudi klimatisatzen baldin badute ere. Diozun araberan arriskua existitzen bada horren kontrako erresistentzian ere sartu beharko gara ; Ez litzateke beste arrazoi bat baizik askatasuna bilatzeko
Nahiz, data ikusita, afaria pagatzeko arrisku biziki guti daukadan, apustuarekin prudenta egonen naiz. Aldiz Uztaritzetik pasako zaren urrengoan bazkaitera bederen gomitatzen zaitut eszenario kezkarri horren posibilitateaz solastatzeko.
Tolosarra naizenez badakizu elkar azagutu gabe ere senideturik gaudela. Pozik hartzen dut gonbitea eta neronena luzatzen ere, zerorri honuntza etorriko bazina aitzin.
Hau bai sorpresa Juan Inazio!
Gainera senide lantaldekoa naiz, elgar ikusiko dugu.
Gure Herria tipia da neurriagatik,, bainan haundi emaiten diogun maitasunagatik
Nik uste dut Juan Inazio, adimen artifizialaz ezertxo ere ez dakizula. Beste asko bezala, gai horren inguruan egin duten marketing osoa irentsi duzu eta sortzen dizkizun lilurarekin naiz beldurrarekin idazten duzu.
Eztabaida irteerarik gabekoa denean,- eta hau horietakoa da, etorkizunaz datu objektiborik ez dugulako-, apustua izan ohi da bide bakarra nork bere usteari zenbaterainoko indarrez eusten dion neurtzeko. Beraz, Beñati bezala afaria jokatuko dizut zuri ere, berrogeita hamar urte barru ordaintzekotan. Oraindik hemen izango garela uste baduzu zehaztuko ditugu xehetasunak.