Mugikortasun azpiegituretan buru

Autopista sarearen dentsitatea Euskal HerrianEuskal Herriak mugikortasun azpiegitura garrantzitsuak ditu. Europako Batasuneko herrialdeen testuinguruan Euskal Herriko indizeak altuenetarikoak dira bai ibilgailuen dentsitate eta autobide kilometroetan bai eta trenbide sare elektrifikatuetan. Horrela erakusten dute datuek eta irudikatzen dira Euskal Herriari Begira aplikazioan, Gaindegiak Udalbiltzarentzat sorturiko lanabesa Euskal Herria zertan den ikusten laguntzen duena. Euskal Herriko lurraldeen informazio ekonomikoa zein sozial gehiago kontsultatzeko jo www.atlasa.net gunera.*

Kokapena eta jarduera

Euskal Herriko kokapen geoestrategikoak mendeetan zehar gure lurraldea pasoko zein sarrerako gune bihurtu du bai maila kontinentalean bai eta penintsula mailan. Egun, Europako Batasunetik zirkulatzen duen bidaiari zein merkantzia trafikoaren bolumen handi bat hartzen du bere baitan. Atlantikoko fatxadan kokatuta egoterakoan eta mediterraneoko portuak gertu izanda gurean garraioarekin loturiko azpiegitura eta jarduera asko pilatzen dira.

Honekin batera, gure jarduera industrial indartsua medio, esportatzailea gainera, eta gure bizi maila altuak eraginda, tokiko azpiegiturak eraiki eta ibilgailu partikularren erabilera sustatu du.

Ibilgailuak

Ibilgailu indibidualen kopurua Euskal Herrian eta Europako Batasunean

Euskal Herrian 1.000 biztanleko 579 ibilgailu daude. Grezia (580), Frantzia (576), Alemania (575) edo Suitza (573) bezalako herrialdeen pareko zifra da. Europako ranking-ean hamargarren postuan kokatzen da eta EB-27ko bataz bestekoaren gainetik dago (538).

Autobideak

Autopista sarearen dentsitatea Euskal Herrian eta Europako Batasunean

Autobide sarearen dentsitatea (abiadura handiko errepideak) altuenetarikoa da eta Europako ranking-ean bosgarren postuan kokatzen gara. Antzera daude Belgika (58 km), Eslovenia (38 km) edo Alemanian (35 km). Europako (EB-27, 15,6 km) bataz bestekotik urrunago gaude, baita, Austria (21 km), Frantzia (17 km) edo Erresuma Batua (15 km) bezalako herrialdeetatik ere.

Trenbide elektrifikatuak

Historia luzea du Euskal Herrian trenbide elektrifikatuak. Hortik dator trenbide elektrifikaturen indize altuenetarikoa izatea eta ondorioz ranking europarrean (41,61 km) seigarren postuan egotea. Gure indizea Austria, Txekiar Errepublika eta Italiakoaren parekoa da. Halaber, Belgika (100,37 km), Alemania (57,40 km) edo Herbehereek (54,55 km) kopuruz gainditzen gaituzte.

Lurralde desegituratu batentzat oharrak

Aurkeztutako adierazleak gizarte industrial baten isla dira baina badira aintzat hartzeko hainbat kontu. Alde batetik, mugikortasun azpiegituren funtzionalitateari erreparatuz, hauek ez dute gure lurraldearen integrazioa helburu, europar ardatza egituratzea baizik. Izan ere, zerbitzu hauek iristen ez diren gune asko daude gurean. Bestalde ingurumen-kostua dago. Baliabide publikoak mugikortasun jasangarri eta lurraldearekiko integratzaileak diren jardueretara bideratu beharrean, ibilgailu pribatuaren menpekoak gara eta ondorioz, abiadura handiko errepideak erabiltzen ditugu.

Oharra: Testu honen xedea dibulgatiboa da, datuen irakurketa erraztea du helburu. Testu hau Gaindegiako talde teknikoak ekoitzi du. Ez du Udalbiltzaren iritzia adierazteko helbururik.