Mozorro politika
Bukatu dira “festa eta jolas egunak”, bukatu dira inauteriak.
Bukatu da Saturnalia, bukatu garizuma aurreko aratusteak.
Bukatu dira mozorroak, urte osoa hiritar arduratsuz jantzita dabiltzan politikariek aurki jantziko duten arren hauteskundeetakoa. Ez dira gurean mozorrotzera oso emanak agintariak, baina EAE-ko parlamentuari erreparatu eta, gutxienez, alderdi bakoitzeko mozorro bat proposatzera gatozkizue.
PP
Ezin esan popularrak oso festazaleak direnik, publikoki bederen. Baina alderdikideen artean bada mozorrotzera ausartu denik. Juanjo Gastañazatorre Durangoko zinegotziak, esaterako, hautsak harrotu ditu Kanariar Uharte urrunetako inauteri ezagunetan hautatu duen mozorroa-dela eta (El Día egunkariko argazkian, ezkerretik lehenengoa da). Gure aldetik ez zaigu txarto iruditzen gizona militarrez jantzi izana, Durangok faxisten bonbardaketa pairatu zuen arren. Mozorroak mozorro dira, Gestapo-ko kidez edo ETA-kidez jantzi.
Irudi atseginago baten bila Bilbora jo dugu, eta Basagoiti sinpatikoa sukaldean aurkitu. Egia esatera ez da mozorro bat -Athletic-eko tisertaz baino ez da mozorrotzen-, baina ezin bilbotarragoa denez, taxu hau hartzen du txokoan legatza saltsan sukaldatzen duenean, “rico, rico!”.
EH Bildu
Ezker Abertzalekoek bai, badute parrandazale amorratu izateko fama. Baina ez pentsa asko aurkitu ditugunik mozorrotuta; lotsati samarrak dira akaso. Gainera, ez dugu balekotzat hartu Izagirre Donostiako alkatea sukaldariz jantzita agertzea -San Sebastian egunez-, ezta Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (Martin, eta ez Gaizka) mexikar iraultzailez agertzen duen afixa ere -Gararen egutegirako egina baita argazkia-.
Santutxuko aratusteetara jo eta hara nor aurkitu dugun Santurtziko sardinera jantzita… Tasio Erkizia: “Sardina freskue!”. Minutodigital.com atari katxondoan inauteriak titularrera luzatu eta horrela eman zuten berria: “El batasuno Tasio Erkizia se lo pasa `bomba´ en los carnavales de Bilbao”.
UPyD
Gorka Maneiro parlamentaria egunero-egunero taxi gidariz jantzita ibiltzen bada ere, alderdiko burua ekarri dugu hona, Rosa Díez mesianikoa.
Rosaren beraren mozorroak baino -modazale amorratua ei da; irudi gogoangarriak eman dizkigun zaletasuna-, gehiago dira Rosaz jantzi direnak; gogoratu PSOE-ko kide zela Ondarroa `salbatzera´ joan eta herritarren aldetik jaso zuen parodia. ABC-k bere modura ulertu zuen kontua eta “payaso con peluca roja” deitu zion Rosa Díez-ez jantzi zen gazteari –irakurtzekoa da kronika-. Baina gatozen harira: ez esan Díez-ek ez duela bete-betean asmatzen Mesias jantzita!
Lehendakariak
Bi, Juan Jose Ibarretxe vs. Patxi López.
Ez batak ez besteak ez du inauteri zale zantzurik agertu, ezta beharrik ere. López ikusi izan dugu saxofoi jole legez -planta bai baina soinurik ez- Rolling Stone aldizkariko “Rock’N’Roll Lehendakari” elkarrizketan, baina aukeratu dugun argazkian (eta ez da mozorroa), Dallas-en ageri da Lehendakari sozialista; Arabako lur azpian gas poltsak egon zitezkeela-eta Texas aldera, ikastera, egindako bisitaldian. 2011 zen, eta ETA-ren armak uzteko erabakiak ere AEB-etan harrapatu zuen López, Jotaerre-z mozorrotuta.
Aurkeztu ditugun mozorro guztietan bikainena Ibarretxerena iruditu zaigu. Arabar jeltzalea Lehendakari zela behin eta berriro jotzen zitzaion adarra, Mr. Spock-en berdina zelako. Eta hara non EAJ-koak, ezohiko umorez, aratusteetan parte hartu eta izarretara bidaian jarri ziren, Star Trek gai hartuta. Ibarretxe ere bertaratu zen eta ez zuen mozorrotu behar izan gainera -burukideek belarri ordeak zeramatzaten; berak ez-. Hori bai, vulkaniar agurra egiten ikasi zuen, elkartutako bina hatz batera eta bestera luzatu eta esku erdiko hutsunearekin `V´ zabal bat eginda.
EAJ
Euzko Alderdi Jeltzaleak azken urteotan aratusteetan agertu duen aldartea zoriondu badugu, Ortuzar da burukideen artean gehien gozatu duena aldian aldiko mozorroan buru-belarri sartuta, Mortadelo bailitzan. Star Trek, Asterix eta Obelix edo Braveheart, berdin egokitzen da gizona kondaira, komiki edo zientzia fikziora; guk indioarena egiten harrapatu dugu.
Zoritxarrez aurtengo inauterietan ez mozorrotzea erabaki du EAJ-k; erabaki tristea benetan. Gure aldetik, datorren urterako mozorro proposamena igorri nahi dugu Sabin etxera: “Ortuzar, jantzi hadi ´Despicable Me´” -Hego Euskal Herriko pantailetan “Gru, mi villano favorito” itzuli zuten animaziozko filmaren protagonistaz-.
PSE
Sozialista gazteek ez dute ezertarako eranzten Statue of Liberty jantzia twitter-n, baina gure arreta Denis Itxasorengan jarri dugu; lotsarik erakutsi ez duen morroia. Atez Atekoa begiz jota dutela-eta, edukiontziz mozorrotzea ez zaie otu ba! Urdina paperarentzako, marroia organikorako eta horia ontzi arinentzako. Baina sozialisten “Pasarela residuos fashion week” parodian ontzi bat falta da; nora botatzen dute errefuxa?
Inauteri giroan sartuta, mozorrotzeari gustua hartu eta Denis Itxasok, San Markos mankomunitateko lehendakaria ere baden aldetik, birziklatze datuak ere disfrazatu egin dituela, salaketa egin du Diario Fatxok twitter-en eta Argiak hemen. Itxaso gaixoa! behin hustuta ontzi arinak jasotzen dituen pertz horian bota du norbaitek… okertuta?
“Pero estos no van de carnaval!” bota zuen Kortatuk, mozorroak baino zomorroak ahotan hartuta. Guk ordea, nahiago izan dugu Celia Cruz gogoratu eta aldakak astiro-astiro mugitu, bizitza inauteri hutsa da-eta:
“Bizitza aldakorra dela pentsatzen duen orok, jakin behar du ez dela horrela.
Bakarrik eta gaizki dagoela pentsatzen duen orok, jakin behar du ez dela horrela.
Bizitza beti krudela dela pentsatzen duen orok, jakin behar du ez dela horrela.
Hau ez dela inoiz aldatuko pentsatzen duen orok, jakin behar du ez dela horrela”.
“Horrenbeste kexatzen direnentzt, kritikatu baino egiten ez dutenentzat, armak erabiltzen
dituztenentzat, kontaminatzen gaituztenentzat, guda egiten dutenentzat, pekatari bizi direnentzat, tratu txarrak ematen dizkigutenentzat, kutsatzen gaituztenentzat”.
Durangoko PPko zinegotziak, Gastañazatorrek, Tenerifen SSetako kidez mozorrotu zela-eta, eman du bere iritzia:
Lehenengo: “Ni Nazi bat naizela? Guztiz kontrakoa!” esan du Anboto agerkarian (http://anboto.org/durango/1424690133398), kontuari garrantzia kenduta.
Geroago: Oker jokatu duela onartu eta barkamenak eskatu ditu (http://www.elcorreo.com/bizkaia/politica/201502/23/vasco-sobre-disfraz-nazi-20150223130654.html).
Alderdiko agintarien deia jasoko zuen?