Gerra, miseria eta elkartasuna guztion ahotan dugun garaietan

Gerra, miseria eta elkartasuna guztion ahotan dugun garaietan –

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak martxan jarri duen kanpainaren harira, honako artikulu hau idatzi dute Uztarria atarian Iraitz Elordik, Ania Diezek eta Ortzi Alberdik.

Gerra, miseria eta elkartasuna guztion ahotan dugun garaietan
Esklabetako Zentro Sozialistaren sarrera.

Ukrainiako egoerak guztion ahotan jarri du elkartasun hitza. Komunikabideen indarraren erakusle bat gehiago da hori; izan ere, gerra eta miseria kapitalismoaren historiaren eguneroko ogia izan dira bere hastapenetatik. Esaterako Yemen, Etiopia edota Palestina gerra bizian ditugu azken urteetan, eta miseria herrialde andanaren errealitate gordina izan da hamarkada luzetan. Hortik ihesean, askok amaitzen dute gure herrietan, eta krisi kapitalistaren areagotzearekin, hemen jaio izanak ez gaitu pobreziatik salbu uzten.

Horren harira, eta etxera etorrita, egutegiak dio jada bi urte igaro direla oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri genuenetik. Atzera begiratu eta atzoko kontua badirudi ere, bidean eginiko lan eta arazo guztiak kontuan izanik, hiru hamarkada pasatu direla ere esango genuke batzuetan.

Jantoki sozialaren ibilbideak erakutsi zigun gure inguruetan bizi ziren hainbaten egoera larria, baina pandemiak jo eta etxetik ateratzea debekatu zigutenean, nahitaezkoa zen hainbatez oroitzea: papelik gabeko guztiez, kale saltzaileez, familiari ogi apur bat eramateko eguneroko txatarra ezinbestekoa zutenez, gure aiton-amonen zaintzaileez, eta abar luze bat.

Egoera honetan, geu ere gaizkileen gisa elkartzen ginen momentuko soluzioen bila, oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri bitartean, baita behin martxan jarrita ere, banaketetatik, bilketetatik edota erosketetatik Esklabetara bueltan ez baikenekien poliziaren jarrera nolakoa izan zitekeen. Baina egin behar genuen, eta egin genuen.

Gaitasunak antolatu eta lan militantea jarduera honetara bideratzean, ordea, argi ikusi dugu karitatetik urruntzea eta independentziaz jardutea garesti ordaindu daitekeela. Izan ere, bidean oztopoak eta ergelkeriak jasotzera ohitu behar izan dugu.

Alde batetik, instituzioen jarrera aipatu beharra daukagu. Proiektua martxan jarri eta berehala, Azpeitiko Udalak prentsa oharra zabaldu zuen: Fesbalen elikagai bankuari 3000 euroko ekarpena, 300 familiari laguntzeko. Gure lanaren beharrik ez zegoela irudikatu ahalko zuen horrek, egoera horretan 3000 euro ziztrin bideratzearen miseria kontuan hartuko ez bagenu, besteak beste.

Ondoren jasoketa postuekin komeriak; lekuak ez gordetzea horiek jartzeko, karpak uzteko arazoak edota udaltzainen jarrera oldarkorra janaria biltzen genuen eremuetan. Fesbalek ere elkartasunaren monopolioa aldarrikatzen zuen. Behin eta berriz mehatxatu izan gaituzte epaitegietara bidaltzearekin, izena kopiatu izanagatik, nahasmena sortzeagatik eta abar.

Argi dugu hori guztia proiektu politiko bati diogun atxikimenduagatik zein pobreziaren izaera estrukturala salatzeagatik dela. Bai hori eta bai jaso ahal dugun herritarren laguntza murritza ere. Izan ere, sistemaren miseriak zuritzeko diharduten GKE-ek milioika euroko laguntzak jasotzen dituzten bitartean (milaka liberatu, korrupzio eta espioitza kasu tarteko), antolakuntza politikoa indartzeko sortutako gure lan lerroak oztopoak eta ezintasun ekonomikoa bakarrik aurkitu ditu bidean.

Argi dago gu ez garela gure dinamika konkretu hau aurrera ateratzearekin soilik konformatzen. Guk pobreziarekin bizitzera ohitua dagoen gizarte ereduaren gaindipena dugu jomuga, horretarako independentzia politikoaren ezinbestekotasuna aldarrikatzearekin batera, antolakuntza forma eraginkorrak garatuz.

Aurreikuspen egokiak egin genituen: krisi kapitalistan murgilduta, miseriara kondenatuta gaude, lehen pandemiak areagotu zuena, orain gerrak azeleratu du, baina emaitza beti berbera da; estrukturala den langile klasearen pobretze orokortua, izan inflazioaren bitartez, izan prestakuntza edota ezinbesteko zerbitzuen pixkanakako dekadentziaren bitartez.

Gure proiektuaren berri baduzue, baita gure lan militanterako prestutasuna ere. Orain zuei dagokizue erabakitzea: eraginkorrak ez diren eta gizarteko sektore zaurgarriena esklusiora kondenatzen duten gizarte zerbitzuen zein politiko profesionalen esku utzi proletalgoaren etorkizuna, edota gizarte kapitalistaren gaindipenerako konpromisoa dugunoi esku bat botatzera animatu.

Ogi apurrik ez, elkartasuna eta borroka!

Gerra, miseria eta elkartasuna guztion ahotan dugun garaietan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude