[Zinema Euskaraz] Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk

[Zinema Euskaraz] Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk –

Zineuskadiko Zinema Euskaraz programari esker, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai dago jada “Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk” filma.

“Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk”, film laburren bilduma bat da, ‘Barraskiloa eta balea’ ipuinaren egokitzapenarekin hasi eta itsas munduarekin eta haren boterearekin zerikusia duten beste hiru istorio ere biltzen dituena.

Mundua deskubritzeko gogoz, barraskilo txiki bat balea baten isatsera heldu eta itsasoetan zehar ibiliko da. Baina, egun batean, norabidea galdu eta badia isolatu batean geratuko da balea. Nola erreskatatuko du barraskilo txikiak?

Itsaspeko leku harrigarri eta magikoenetan barrena eramango gaituen  istorio ederra da, adiskidetasun bitxi baten eskutik. “El Grúfalo”, “Zog” eta “La rata pirata” filmen ekoizleek sortu dute abentura berri hau, itsasoaren botereaz betetako hiru film laburrekin batera.

Zinema hauetan proiektatuko da filma:

  • Golem Alhóndiga (Bilbo)
  • Getxo Zinema (Getxo)
  • Golem La Morea (Iruña)
  • Principe Zinema (Donostia)
  • Niessen Zinemak (Errenteria)
  • Areria Aretoa (Lazkao).
  • Gorbeia Zinemak (Gasteiz)

[Zinema Euskaraz] Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzukEra berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film edukiko ditugu ikusgai; horien artean, ‘Orkestra lurtarra’, Lotura Films ekoiztetxearen lana, estreinatuko da apirilaren 8an.

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programak aurten aurkeztuko duen hirugarren filma da hau. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.

Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

[Zinema Euskaraz] 

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.