Miren Arzalluz: "Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat"

Miren Arzalluz: “Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat” –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Museoei buruz hitz egin du gaur goizean [herenegun] Miren Arzalluzek DK Irratian.
Miren Arzalluz: "Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat"
Palais Galliera.

Urrian izena aldatu zioten Casares Irratiari eta programazio berria abiatu DK Irratiaren izenpean. Apirilaren hasiera arte, Ion Olano Carlosek Bestalde irratsaioa aurkeztu du egunero. Hemendik nire aitortza egindako lanagatik. Mila esker, Ion.

Apirilaren 14tik aurrera, Oier Aranzabalek Ispilu Beltza kultur magazina aurkezten du astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik 10:00etara.

Greba digitalaren bigarren egunean museoei buruz aritu dira gaur. Irratsaioaren hasieran Miren Arzalluz izan da (entzun 7 min 50 segundutik aurrera). Parisko Modaren Museoko (Palais Galliera) zuzendariak kontatu du, bi urtez berritzen ibili ondoren, egun hauetan zabaldu behar zutela berriro. Baina COVID-19 etorri da… Haren hitzak transkribatu ditut hemen. Hamabost minutuko elkarrizketa da.

Atzerapena

Bi gauza ziren: alde batetik, museoa berriz irekitzea eta, beste aldetik, atzerabegirako erraldoi bat zegoen. Bi urtez prestatzen aritu gara eta justu ireki behar genuenean, museoa itxi behar izan dugu irekieratik bi astetara.

Horrek zer suposatzen duen? Baditugu arazo batzuk: mailegu batzuk ez dira iritsi, beste batzuk bidean gelditu dira, ez dakigu noiz ireki beharko dugun… Maileguen aldetik arazo bat dugu, beste museo batzuetatik datozen soinekoak eta artelanak baitaude… Katalogoak ere bidean zeuden… Ezjakintasuna da momentu honetan nagusi.

Hipotesi ezberdinak

Guk hipotesi desberdinak ditugu, inork ez baitauka informazio zehatza. Udal museo bat gara eta Pariseko udaletxetik dator guk daukagun informazioa. Baina ez da informazio falta. Egunetik egunera, astetik astera, Gobernuak erabakiak hartzen ditu eta orain ezarri dute maiatzaren 11 konfinamenduaren bukaera gisa, baina konfinamenduaren bukaera hori nola antolatuko dugun ez dakigu eta beraiek ere ez dakite. Antza, horretan dihardute.

Kultura oinarrizko zerbitzu publikoa da?

Normalean, kulturan lan egiten dugun guztiok pentsatzen dugu kultura eskubide bat dela eta zerbitzu publiko bat izan behar duela. Izugarrizko garrantzia duela gizartean eta ez bakarrik hezkuntzan, baita ongizaterako eta osasunerako ere. Osasun mentalerako, adibidez, orain ikusten ari garen bezala. Konfinamendu egoera honetan zer garrantzitsua den kultura kontsumitzea ez zoratzeko.

Guretzat argi dago. Gero kontua da lehentasunak jartzea. Baldin badaude beste zerbitzu publiko batzuk jendeak gehiago estimatzen edo behar dituenak. Nork jartzen dituen lehentasun horiek, azken finean.

Museoak: publikoak, pribatuak…

Argi dago museo publiko eta pribatu asko dagoela. Museo pribatu asko desagertu egingo dira, seguraski. Eta finantzazio publikoa duten museo txiki askok oso gaizki pasako dute.

Bilduma iraunkorra duten museoek bilduma horren bidez izango dute aukera bat beti zerbait (artea edo dena delakoa) erakusteko eta kontatzeko, gure gizartea interpretatzeko artelan edo objektu batzuen bitartez.

Beste museo batzuek erakusketa tenporalak baino ez dituzte. Hau da, oso programazio anbiziotsuak dituzte, baina ez dute bilduma propio bat. Nola jokatuko dute hauek hain egoera ekonomiko larrian?

Kudeaketa modelo eta museo modelo desberdinak daude eta museo askok oso gaizki pasako dute. Batzuek itxi egin beharko dute, beste batzuek desagertu egingo dira, beste batzuek programazioa zeharo murriztu beharko dute…

Modelo ekonomikoak eta artistikoak auzitan

Guk gure programazioa aurkeztua eta Udaletxeak onartua genuen 2023ra arte. Halere, guzti hori orain berrikusi egin beharko dugu. Nahiz eta ezjakintasunean bizi, badakigu 2020, 2021 eta 2022ko aurrekontuak ez direla pentsatzen genituenak izango.

Alde batetik, museoen modelo ekonomikoa auzitan dago. Bestaldetik, modelo artistikoa ere bai. Gure finantzazioa erakunde publikoetatik dator gehienbat, baina gero eta gehiago dator erakunde pribatuetatik ere. Eta museo batzuek beste batzuekin konpetentzian gaude erakusketa gero eta handiagoak egiteko, gero eta bisitari gehiago erakartzeko… Neurri batean museoak erakunde turistikoak bilakatu dira. Eta honek, nire ustez, baditu bere mugak eta bere ahuldadeak.

Bestalde, erakusketa bera auzitan dago. Nola azaltzen ditugu, nola erakusten ditugu, nola aurkezten ditugu ideiak museotan? Artearen ingurukoak, gizartearen ingurukoak edo historiaren ingurukoak… Beti objektu batzuen bitartez, erakusketa baten bitartez. Formatu hori zaharkituta al dago? Ez ditugu beste medio batzuk esploratu eta hausnartu behar garai digital hauetan?  Ez dakit, badago hausnarketa oso sakon bat egiteke museoen inguruan.

Badago hausnarketa sakon bat ICOMen, adibidez, museoen nazioarteko erakundean, museoaren definizioaren inguruan. Oraindik XIX. mendeko definizioa baitarabilgu: bilduma bat, kontserbazioa, erakusketak…

Zetorrenaren azelerazioa

Seguraski, krisi honek ekarriko diguna da etortzear zegoen aldaketa oso modu azkarrean iristea. Nire ustez, iraultza gehienetan hori gertatzen da. Iraultza batean datozen aldaketak ez dira zerotik hasten. Normalean martxan zegoen prozesu baten azelerazioa izaten da.

Pentsatu dugu ez genukeela guk kudeatuko, baizik eta gure seme-alabek edo haien atzetik zetozenek, baina guk kudeatu beharko dugu. Gauza bera planetari buruz hitz egiten dugunean.

Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat. Nik ez diot beldurrik. Niri hori apasionantea iruditzen zait.

Aldaketa gogorrak datozenean denok gaude desorientatuta. Ezjakintasuna oso estresantea baita.

Ni historiagilea naiz eta, agian, horregatik iruditzen zait aukera bat dugula. Ez bakarrik bizitzea, baizik eta gauzak egin ahal izatea ere. Gure belaunaldia protagonista izatea horrelako transformazio une batean bada oso gogorra, baina baita zoragarria ere.

Erantzukizunari ezin zaio beldurrik izan.

Miren Arzalluz: “Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.