Minara bueltan
Ihes egiten diogu minari. Pablo Sastrek Argian dioen bezala: esfortzuaren ukoaren filosofia dago horren atzean. Ni bat nator. Halere, bizitza oparoa izan dugunoi txolloa bukatzen ari zaigu; izan ere, murrizketaz murrizketa normaltzat dauzkagun zerbitzu sozial batzuren akaberaren atarian gaude: osasuna, hezkuntza eta pentsioak. Ankerra geure patua.
Aitor dezadan nahiko ezkor naizela. Baina arrazoiak badauzkat. Aste honetan, CEOEk neurri zorrotzagoak eskatu dizkio Espainako gobernuari. “Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko oreka suntsitzen duten diru-laguntzak” kentzea, besteak beste. Beraz, geure esfortzuekin ordaintzen ditugun zergak baliogabetzea. Ez dezagun ahaztu; geure lanak ematen dituen “fruituekin” sostengatzen ditugula Osakidetza eta bestelako zerbitzu publikoak. Ez dira musutruk.
“Ez da intsumiso edo anarkia bultzatzeko unea” esan nahi zigun Patxi Lópezek murrizketak aplikatuko dituela iragartzeko; PPren “sakrifizio garaian gaude” lelotik hurbil. Dirudienez, Erdi Arora bueltatu gara. Sakrifikatu behar gara “merkatuen” izenean. Hauxe dira geure jainko berriak! Stock marckets save the queen! Gainera, Erdi Aroan bezala errudunak gaituzte merkatuetako gotzainek. “Geure posibilitateen gainetik” bizitzea pekatua eta murrizketak salbazioa ditugu, bederen. Eta euren erantzunkizunaz, hitzik ez, noski.
Hori dela-eta, txalotzekoak dira Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek hartutako neurriak: ez dituzte Espainako gobernuak onartu dituen murrizketak ezarriko. Auzo-lotsa sentitu nuen Lehendakariarekin, haatik. Benetan, diot. Ezin dut ulertu bere jarrera. Egunero EAJ eskuin abertzalea dela esanez, EAJtik eskuinago kokatzeko. Baina bueno, ondo baino hobeto dakigu sozialismoa sozialistak egiten dutena dela eta sakrifizio garaia suertatu zaigula: batzuk gerrikoa estutu; beste batzuk gizentzeko. Minaren gorazarrea, berriz.