Euskaldunak, egiak, gezurrak… eta estatistikak

Euskaldunak, egiak, gezurrak… eta estatistikakZuk oilasko bat. Nik ezer ez. Estatistikoki, oilasko erdi bana jan dugu. Zapore hori utzi didate egunotan euskararen inguruan zabaldu estatistika zaparradek. Txikitan irakatsi zidaten ezin zirela sagar-udareak batean zenbatu, eta nago ez ote dugun hala egiten datuok aurkezteko moduan. Lagundu baino, ez ote diguten iluntzen, bestela argi ikusten dugun errealitatea.

Baditugu datu globalak, partzialak, zer gertatzen den haurrekin…, lurraldez lurralde…, esparru administratiboetan… Inpresioa dut ordea argazkia ez ote dugun desenfokatua transmititzen. Batez ere, argitu gabe, oilasko jaten nor ari den, nor gosez hiltzen.

Etsipen mezu nahasgarria zabaldu da: datu-joera kezkagarriak, aurrerapen eskasak, inora ote goazen… Denok bestela espero genuelako? Agian denok dakigulako kontuak ezin direla horiek izan. Estatistikak estatistika. Herritarrok hain euskaltzale izanda, eta bagara, euskaltzaleok-euskalgintzak azken 30 urtean Euskal Herri osoan egin ahaleginaren ondoren, herritar guztiek ere EAEn eta Nafarroa Garai ‘euskaldunean’, ez dela posible emaitzak horren urri izatea, hutsaren pareko. Ezin da.

Eta nik ere uste dut, herritar gehienekin batera, gauzak ez direla agertu modukoak. Eta agian, datuak erakusteko modua zertxobait aldatuta, beste gabe hasi gaitezke ikuspegia aldatzen, frustrazio gutxiago eragiten, eta batez ere modu lagungarriagoa eskaintzen gure ondoko interbentzio estrategia, diskurtsoa, diseinatzeko esparru bakoitzean -datu bilketen helburua-.

Ze, denok dakigu euskaldunon berrindartze partida 2 joko zelai oso desberdinetan ari garela jokatzen. Joko zelai, bat ez datozenak gure lurralde banaketa historikoez. Eta batean, nabarmen ari garela irabazten. Goleadaz ere: EAE osoan eta Nafarroa Garai ‘euskaldunean’. Azken 30 urtean, euskalgintzaren ezinbesteko bultzadaz gain, euskaldunok herritar guztien hainbateko lege babesa lortu dugun lurraldeetan. Eta hauetan, konturatzea-aitortzea, maiz, kostatzen zaigula ematen duen arren, miraria ari gara lortzen. Eta hala aldarrikatu behar dugu, estatistikek ere lagunduta. Oraindik partida luze dugun arren jokoan.

Miraria

Belaunaldi deseuskalduntzea amaitu dugu. 75.000 elebidun heldu berritik gora. Beste hainbeste hartzaile. Eskerrak denei ahalegin itzelengatik. Familia transmisioa berriro ziurtatu dugu, eten beldurgarrien ondoren. Eta batez ere, belaunaldi gazte berri osoki euskalduna hazi dugu 1986az geroztik jaioez, Araban ere: 26 urtez azpitikoak. Ez dakit oraino ondo jabetu garen honen balioaz, indarraz. %90tik gora D(%60tik gora)/B ereduetan ikasiak 14-15 urtez, elebidun hartzaile on bederen; %60tik gora elebidun; %10ez behetik erdaldun elebakar -aparte etorkin berri gazte ugari landu beharrekoak-. Beste horrenbeste ia 1977-1986 bitarteko trantsizio belaunaldiarekin: %80 hartzaile, %55 elebidun, 26-35 urte bitartean.

Bi belaunaldiok ez dira ja frankismoa eta ondorenak beteenean jasandako belaunaldi erdaldunduak. Ordea, gaurko gizartea gidatzen dugun belaunaldi erdaldunduok ziurtatu behar dizkiegu belaunaldi berri euskaldunei zerbitzu euskaldun osoak, espainolezkoen pareko gutxienez. Hori, erronketako bat joko zelai honetan.

Bi gune soziolinguistiko

Irabazten ari garen lurraldeon. Oso desberdin, euskaldunon berrindartzeak oso abiapuntu ezberdina izan duelako bietan, eta bi estrategia:

Erdi gunea. “Euskalduna”. Indar gune, nondik zabaldu. %50 elebidunez gora gutxien, 3tik bi batez beste, paretsu adin guztietan, 36 urtez behera gehixeago: Bizkai ekialdea, Araba iparra, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko zonalde ‘euskalduna’ (tartean gune eskas heldu berriak ere, Donostia…). EAEko biztanleen %50, Nafarroa Garaiko %10 eskas. Milioi pasa herritar lurralde trinkoan. Hauetan nabari da erabileraren hazkunde gazte pozgarri itxaropentsua. Estrategia berezia behar dugu. Guztiz, Donostia irabazteko, oraindik ihes duguna.

Eta gerriko gunea. Erdaldunagoa: Bizkai mendebaldea, Araba zabala. Milioi herritar pasa ere. Euskara berreskuratzeko ahalegin eskerga egina, %0-%20ko euskaldun kopurutik, %20-%50ra pasea jada, Gasteiz-Bilbo hiriburuak barne. Gazteak euskaldundu dira. Are helduak: 35 urtetik gorako %10etik gora elebidun, %20 hartzaile Gasteiz-Bilbon ezerezetik abiatuta. Gaztetxoenetan gora doa erabilera. Estrategia propioa hemen ere. Bereziki Bilbo-Gasteizko hiriburuak irabazten joateko, zonalde euskaldunak sortu, zabaldu hauetan…

Miraria amaitu gabe dugu. Bidean gara. Sendotu behar. Gizarteak du giltza. Euskaltzaleok-euskalgintzak akuilua. Bereziki, euskaldun gazte bihotzekoek. Gazteok bihurtu dezakezue errealitate abiatu miraria. Guk bitartekoak eskueratu.

Bigarren joko zelaia

Tristeagoa. Beste Euskal Herri guztia. Euskaldunok lege babesik ez dugun lurraldeak: Iparralde osoa (230.000 bizt.), Nafarroa misto eta ez euskalduna (550.000). Euskaldunok azken 30 urtean gizalegez dagokigun lege babesa jaso bagenu, EAE-Nafarroa Garai euskaldunaren parekoa gutxienez, ez lukete soilik %20z azpitiko elebidun belaunaldi gazteek, eta Euskal Herriko erdigune euskaldunaren antz betea lukete BAMez gaineko Lapurdik, Nafarroa Behereak, Zuberoak, hileta agoniak ordez.

Iparraldeko, Nafarroa Garaiko gizarteek, Espainia-Frantziek euskaldunon batere errespeturik gabe gobernatzen dutelarik, beste ezeren gainetik zor digute lege babesa geure lurrean hiritar eskubidedun gisa, eta hala demandatzen diegu gizateria osoaren aurrean. Estrategia lehentasun. Soilik lege babesak ziurtatu liezaguke iraupena.

Bitartean erresistentzian urte luzez, iraute borrokan. Baina baditugu lorpenak ere. Nafarroa erdialdean, %30etik gora matrikula D ereduan; hegoan, ikastolak… Iparraldean ere hasi gara berriro gazteak irabazten. Baina geratu ezina zaigu XX. mendean Frantziak eragin etnozidio planifikatua, oraino bizirik diren belaunaldi heldu euskaldunen familia eta gizarte transmisioa eragotziz. Diagnostiko propioa du bigarren joko zelaiak, eta estrategia propioa behar. Erresistitzea ere, irabaztea da. Ari gara.

Ikuspegia fokatuagoa? Ez dakit. Ailedi.

P.S. Artikulua laburtu eta konprimitua dago BERRIAko neurrietan sartzeko, baina izan nahi luke erantzun eta eztabaida zirikatzaile eta jarraitzaile ere, egun hauetan gaiaz argitaratu diren beste hainbat iritziren inguruan.

erabilera, euskara, hizkuntza, inkesta, soziolinguistika

2 pentsamendu “Euskaldunak, egiak, gezurrak… eta estatistikak”-ri buruz

  • Aurki politika linguistikoa aldatu beharko dugu EAEn, bai irakaskuntzako ereduena eta baita ETBkoa. Eta horri gehitu merkataritza-kontsumitzailena. Berandu gabiltzala iruditzen zait.

    zer egingo da?? adostu?? urte gehiago jarraitu horrela azkenean konturatzeko zabaltzen dena kalean gaztelania dela?? gero eta seinale elebidun gehiago dagoela euskaraz bakarrik egon beharrean (euskara lekua galtzen eta gaztelania irabazten?)

    eta zer etorkinen aldeko polita linguistikari buruz?? akatsak errepikatzera goaz??

  • Interesgarria eta beharrezkoa Bittor, lehen irakurraldian. Bigarrena egingo dut proposatzen dituzunen gainean hausnartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude