Militantzien isiltze neurtua
Militantzien isiltze neurtua –
Hedoi Etxartek Berria egunkarian.
Jose Luis Zumeta hil eta hiru egunera, bi egunkaritan bere omenezko eskela argitaratu zuten. Ordura arte argitaratutakoekin alderatuta bi berritasun zituen: izenaren ezkerrean margolariak beren-beregi Viento Sur aldizkari marxistarentzat Sobietar iraultzaren mendeurrenerako egin zuen koadroa zegoen (koadroaren goiko bostenean Picasso margolari komunistaren kriseilu eta beso ezaguna, koloreen azpian 1917-2017), agur bertsoen azpian ohar bat: Hire lagunok (LKI). Eta, ordea, Xabier Gantzarainek emandako zaldien pistaz gain, inon ez da esan lagun horiekin Zumetak izan zuen harremana (Iraultza Taldeetarako egindako Che-ren posterra, Hertzainaken diskoa Durrutiren hitzak euskaratuta, Hika aldizkari troskistarentzako azalak).
Artea ez ulertzeko modu bat da artistek politikan duten parte hartzea (ala axolagabekeria) ez aipatzea. Célinen obra ulertzeko, ia ezinbestekoa da bere ogibidea eta bere hautu faxista harremantzea (ikus Christine Lecerf-ek France Culture-ntzako egin pentalogia). Txillida artista litzateke 36an faxistek irabazi ez balute? Ikus Manterola, Basterretxea eta Valls. Virginia Woolfik ez dago bere lagun giroko sexu esperimentaziorik gabe. Zergatik egin zen Angela Davis AEBetako Alderdi Komunistakoa? Bere obraren hazia erabaki horretan dago.
Sarrionandiak Jone Guenetxeari kontatutakoak ez dira pasadizo pertsonalak: dira bere obra irakurtzeko ezinbesteko arrastoak. Arrastoak isiltzea exegetaren negligentzia da. Maurice Blanchot moralaren zaindariak bazuen kezka «gizakiaren suntsiketa mugarik gabekoarekin». Zeren «ardura gezurtaezin» bat daukagu artistak kokatzean. Eta isiltasunaren agentzien aurrean gure lana da esatea: LKIk esan nahi du Liga Komunista Iraultzailea. Ez dezagun pentsa Gabriel Aresti izan zela «poeta konprometitu» bat, komunista izan zen, Jon Juaristik gogoratu bezala.