Milesker Grazi

Milesker Grazi –

Terexa Lekumberrik Enbata aldizkarian.

Milesker Grazi
Grazi Etxebehere.

Ortzaize Ibarnian sortu hintzen duela 72 urte…

Herri hau maitatu dun, ta biziki uros hintzan azken urte hauetan ezagutu duen berpizteaz.

Gaztetik ohartu haiz, bete-betean bizitzeko, Ortzaize baino zabalagorik behar huela.
Zabalago hori Euskal Herria zunan.

Hire euskalduntasuna? Normala zunan, euskaldun sortu baihiz, eta euskaraz hazia izan, ahalgerik gabe.

Hire kontzientzia politikoa? 1970. hamarkada hastapenean piztu zaun, Burgoseko auzia zela, errefuxiatuen aldeko lehen gose grebak, borroka armatuaren hastapenak ipar Euskal Herri hontan etabar.

Hortik goiti, engaiatu hiz… euskara eta Euskal Herria, hots hire izaitearen zati bat, arriskuan senditu ditunalakotz.

Engaiamendu horrek sentsu eman din hire eguneroko biziari. Eta herri huntan, Ortzaizen, ukan dunan inplikazioari ere.

Hire ofiziotik hasiz. 40 urtez, ez hiz erizaina bakarrik izan, etxeko norbait izan hiz. Egiten hintuen gauza frango, ez zitunan erizain ofizioari lotuak, bainan bai, hik, hire buruari ematen hion funkzioneari. Xahar bat artatuz, maitasuna erakusten hion, autonomia erakasten, duintasuna ekartzen, etxean egoiteko aukera edo posibilitatea ematen, eta bide beretik etxe hori xutik egoiten laguntzen. Hiaurek erraiten huen bezala, herriarekiko maitasunak beste dimentsione bat ematen zinan hire lanari.

Nola ez aipa Garbi batasunaren barnean eraman ditunan borrokak, herritarrei eman ontasunak, herritarenak egon ziten. Hortzez eta haginez defenditu ditun eta aitortu behar dinat ilusio batzu galdu tunala, zauritua izan hizala, jendeen gan huen konfiantxak animaleko ukaldia hartu duela. Baina abertzaletasunak egunerokotasun horren jasaiten lagundu hiu. Eta ikasia hien, mementu zailetan, «zangoak hemen eta burua beste nonbait izaiten».Ez niken bururatu nahi, Grazi, heriotzeari buruz eraman ditunan gogoetak aipatu gabe.

Ortzaizeko ainitz familia lagundu ditun azken urrats hortan, ainitz hil beztitu eta apaindu. Heriotza, besten heriotza, etxekokua huen. Miresten huen xahar batzuen duintasuna, pentsatuz : «gai izanen ote niz, ni, ene herioari hola begiratzeko?».

Erraiten huen heriotzak diola biziari egiazki balorea emaiten, prest egon behar genuela «gerrikoa gerrian eta lepokoa lepoan». Eta errito berriak asmatu behar genituela. Hori ere, gure herritar ta euskaldun eginbidea zela. Funtsean, azken agur hau, hiaurek antolatu dun, hastetik buru, erranez hire lagun batzuek, Mizel Bergouignan edo Mizel Berokok, ez zutela xantza hori ukan eta nahi huela gaurko hau ondokoendako eredu izan zadin. Zenbat aldiz ez tun erran hiltzea baino aise tristeago zela hilik bizitzea.

Ez huen bizitasuna eskas Grazi. Hire barneko haserrea hire bizitasunaren araberakoa zunan. Hiretako ez zunan maitasunik borrokarik gabe, ez eta borrokarik maitasunik gabe. Horiek zitunan hire nortasunaren bi kontrarioak, astialak bezain maitagarriak.

Milesker Grazi, hintzanari leial egonik.

Milesker Grazi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.