Mila esker denoi, benetan
Mila esker denoi, benetan –
Munduko gauzarik errazena da egunkari bat zuzentzea, ondoan daukazun lankide taldea bikaina bada. Horrelako zoriona eduki dut nik, eta zuek ere bai, irakurleok. Kalitatetik bezainbeste grina profesionaletik daukan lantaldea eduki dugu eta daukagu BERRIAn. Horietako asko, injustuki eta bortxaz itxi zuten Euskaldunon Egunkaria-ren harrobian zaildutakoak: erredakzioan eta bestelako zerbitzuetan. Horrexegatik diot erraza dela egunkari bat zuzentzea; meritua ez baita, horrelakoetan, zuzendariarena, gainerako lankide guztiena baizik. Besterik, demeritu larria litzateke.
2003ko ekainean abiatutako BERRIAren proiektu ilusio sortzaile hartan, milaka herritarrek erosi zenituzten akzioak, handiak eta txikiak, guk buruan geneukan diru kopurura iritsita. Marka guztiak hautsi zituen dirua biltzeko kanpaina hark. Zuetako askok dirua jartzeaz gain, akzio erosle bila jardun zenuten, arrakasta handiarekin. Ondoko hogei urteotan, egunkaria erosita, harpidetza eginda, BERRIAlagun komunitatean izena emanda, bateko eta besteko kanpainetan parte hartuta, publizitatea erosita… zuek izan zarete arrakastaren bigarren partea. Lehena lantaldea, bigarrena zuek, BERRIAren oinarri soziala zaretenok. Modu bakarra daukagu zuen ahalegin hori eskertzeko: gure eginahal guztia egitea zuek merezi bezalako komunikabidea egiteko. Hori izan da, eta hori izango da zuekin dugun konpromisoa. Era berean, eskertzekoak dira Euskal Herriko erakunde publikoek urteotan emandako diru laguntzak, ezinbestekoak izan direlako gero eta exijenteagoa den komunikazioaren esparru honetan gure helburuak lortzeko.
Lanbide zoragarria da kazetaritza, etengabe ikasteko aukera emateaz gain, gure herrian eta munduan zer gertatzen den lehen eskutik ezagutzeko aukera ematen digulako. Askotan, filtro interesatu askotatik pasatutako errealitatea da; hor dago gure lana, gure zeregin nagusietako bat, filtro horiek desaktibatzea zuoi, irakurleoi, zer gertatzen ari den azaldu, eta batzuek azaltzea nahiko ez luketena azaltzeko. Gure neurrian, harrokeriarik gabe baina ahalkez jardun gabe, errealitatearen gertuko behatzailea, aztertzailea eta azaltzailea izatea dagokigu. Eta lantegi hori oso garbi dauka gure lantaldeak, alegia, zertarako egiten dugun lan komunikazio talde batean. Ondo bereiztea zarata eta albistea, azala eta mamia… ezerk desbidera ez gaitzan gure zereginetik.
Topiko bat da esatea horrelakoetan «zenbat aldatu den mundua azken urteotan». Topiko askok bezala, badu esaera horrek justifikazioa. Kazetaritza, funtsean, ez da asko aldatu 1702an Ingalaterran ameslari batzuek bi zutabetara argitaratzen hasi ziren Daily Currant egunkaria sortu zutenetik. Errealitatean zer edo zer gertatzen da, eta kazetariak kontatu egiten die jazotakoa irakurleei, ez dezagun ahaztu, diru kopuru baten truke. Orduz geroztik, tresnak aldatu dira, inprimatzekoak -linotipiarik offsetera-, idaztekoak -idazmakinatik ordenagailura- eta zabaltzekoak -paperetik sarera-. Askoz gehiago, ez.
Ezin esango dugu gauza bera hurrengo urteotan etorriko zaigunaz. Ikusteko dago adimen artifizialaz esaten ari diren guztia beteko den, baina, erdia beteta ere, aldaketa handiak datoz bide horretatik. Beste lanbideetan egin duten bezala, gure ofizioan hasita daude robotak oinarrizko testuak idazten. Bien bitartean, sortu genuenetik egin duen bezala, kazetaritza humanoa egiten segituko du BERRIAk. Humanoek egingo dutelako, eta humanoengandik gertu egingo duelako. Ez genuke gure funtzioa beteko horrela egingo ez bagenu.
Bi interesgune geografiko eduki ditu BERRIAk hogei urteotan: Euskal Herria eta mundua. Bi esparru horien oreka bilatu dugu urteotan, gure herria eta nazioartea; euskarazkoa izateak ez duelako esan nahi gure herrian gertatu dena bakarrik jorratu behar dugunik. Xabier Lizardik euskara noranahikoa nahi zuen bezala, halakoxea nahi izan dugu guk BERRIA: noranahikoa eta edozertarakoa, hau da, edozein gai jorratzeko tresna baliagarria izatea BERRIA, mundura irekia. Jarrera horrek eraman ditu gure kazetariak munduan barrena lan egitera, irakurleek lehen eskutik jaso behar dutelako informazioa. Atzerrietako hauteskundeak, bake prozesuak, herrialde zanpatuak, Olinpiar Jokoak, euskal kirol taldeen nazioarteko partidak, munduko klima batzarrak, elkarrizketak… Hor egon da BERRIA, eta hor segituko du, egunkari osoa eskaintzea delako marketako bat.
Euskal Herriko informazioa ematea izan da beste ildo nagusia. Euskarazko egunkari nazional bakarra garela jakitun, saiatu gara komunikabide nazionala euskaraz irakurtzeko prest daudenak eroso egon zitezen BERRIA irakurtzeko orduan. Lanbide honetan guk baino gehiago dakitenekin aspaldi ikasi genuen ezinezkoa dela irakurle bat %100 kontent egotea produktu guztiarekin, baina, hala ere, hori posible balitz bezala egin behar dugula lan. Aldaketa handiak jazo dira gure herrian hogei urteotan: ETAren bukaera eta euskal preso politikoen hurbiltzea, feminismoaren indarra, euskara eta hezkuntza, genero hilketak, lan gatazkak, etorkinen kopuruaren handitzea, COVID-19a, kirolarien garaipenak, kulturaren ugaritzea… Horiek eta zerrenda luzea osatzen duten beste gai asko eduki ditugu miran BERRIAn.
Sortu zenean jendaurrean hartu zituen konpromisoak betetzeko ahalegina egin dugu. Batean eta bestean saiatu gara onena ematen, gertatu dena ikuspegi desberdinetatik ikusten eta azaltzen, ulertzen zaila zena ulertzeko saiakera egiten, betiere kazetaritzaren baliabide aurreratuak erabilita. Unean uneko teknologia eta programak gureganatu ditugu, eta hori, kostuagatik ezinezkoa izan denetan, etxeko informatikariek egindako lan iaioarekin ordezkatu dugu. Akatsak egindakoan umil jokatzen saiatu gara, alegia, onartuta ez ditugula gauzak beti ondo egin, eta zuzenketak argitaratuta konpontzen saiatu gara eta kaltea arintzen. Zero akats kontzeptua betetzen zaila izan arren, ez dugu amore eman.
Eskerrik asko zuen lan bikainagatik etxeko sailetan lanean ari diren lankide paregabeei: erredakzioan, dokumentazioan, diseinuan, infografian, euskara zuzentzaileen zerbitzuan, webgunean, ikus-entzunezkoetan, administrazioan, sustapenean, publizitatean, finantzetan, teknikan, banaketan, inprimategian… denak ezinbesteko eta denak konprometituak.
Robotek komunikabideetako erredakzioak inbaditu bitartean, BERRIAk giza talde prestu batekin segituko du lanean, hemendik aurrera zuzendari berria izango den Amagoia Mujika Tolaretxipirekin; orain arte iritsi ez den kalitate maila batera igoko baitu Amagoiak, bere lantalde apartarekin, BERRIA. Pertsona bikaina, lankide solidarioa, eta kazetari trebea.