Mila esker
Mila esker
Iruñeko Udalak behin bulegora bidalitako mezu batek nahiko argi azaldu dezake zein den Nafarroan euskarak bizi duen egoera. Lankide batek “mila esker” idatzi zuen mezuaren bukaeran, adeitasunez. Ordenagailuaren bestaldean zegoenak ez zuen ulertu, are, beste zerbait ulertu zuen. “Querida Mila Ezker” hitzekin hasi zuen erantzuna. Iruñeko Udaleko langilea zen.
Eskerrak ere ezin eman, antza, gure ama hizkuntzan. Inguruan izanen da oraindik agur hitzak zer esan nahi duen ere ez dakienik. Testuinguru horretan, herenegun gure hizkuntza ezagutzen ez dutenek gure hizkuntza arautzeko 1986an sortu zuten legea hizpide izan zuten Nafarroako Parlamentuan. Berriz ere, parlamentuko tribunan izugarrikeriak aditu zitezkeen UPN eta PPren bozeramaileen ahoetatik. Ezjakintasuna agian, edo ezjakinei bideraturiko beldurra bestela, Mila Ezquer eta konpainiak euskararen inposaketarekin amets gaiztoak izan ditzaten.
Azkenik PSN ausartu da legea milimetro batzuk hona mugitzera. Zonifikazioa ez, aitzitik. Euskara gelditzeko paretan pitzadura egin dela zioen Mikel Peruarenak Berrian. Orain, pitzadura hori handitzeko bultza egin beharko dugu, gainerakoan, pitzaduratik eguzki printzak baizik ez dira sartuko. Ongi etorria beraz, aldaketatxoa, baina, sentitzen dut, onartu dutenei ezin diet esker hitzik bidali. Eta sare sozialetan nafarrok zoriondu gaituztenei ere… asko dugu oraindik lortzeko.
Baina eskertzeaz ari naizela, bada aspaldi nire esker ona adierazi nahi diodan pertsona bat. Batik bat, bideo hau ikusi nuen egunetik. Izan ere, batzuetan gauzak eskertu behar dira. 1970. hamarkadaren hondarrean Iruñea ia erabat erdaldunean, etxean eta kalean inoiz aditu ez zuen hizkuntza bat ikasten hasi zen. Txikitan hizkuntza hori bazenik ere ez zekien, are gutxiago bertako hizkuntza zenik. Eta halaxe, urratsez urrats, euskaraz aritzeko gaitasuna lortu zuen. Horrekin aski ez, eta bere seme-alabei ez ezik, bere ikasgelatik igaro diren hamaika ikasleri ere eman zien berak etxetik jaso ez zuen hizkuntza. Lehenbiziko egunetik ulertzen ziotenei, eta etxean mila esker ere aditu ez zuten haur horiei, kate berri baten lehen begia izanen zirelakoan. Gaurko egunez, ama hizkuntzaren nazioarteko eguna dela eta, Twitterren euskara hitz nagusi duen mezu bat idatziko zutelakoan.
Gure amatxik bazekizkien euskarazko hitzak, Obanos bere sorterrian oraindik ere mantentzen baitira. Hala ere, berak gazteleraz ari zela pentsatzen zuen. Alabak euskara bere kabuz ikastea erabaki zuen bere amaren sorterrian, noizbait, herritarren ama hizkuntza izan zen hura. Eta ondorengoek, zer esan. Guk kontzientzia dugunetik aditu ditugu euskal hitzak inguruan.
Berak bezala egin zuten guzi horiei esker, gaur posible da ezjakintasunaren eta gorrotoaren paretatzarrean pitzadura egitea. Horregatik, haiei bai, haiei nire eskerrik onena adierazi nahi diet. Eta bereziki, nire egunerokoan, lanean, maitasunean, tristuran eta pozean behar beharrezko (izan) dudan hizkuntza eman zidanari. Idazten hasi nintzenetik nire eskuetatik sortu diren esaldi guzien jarraitzaile sutsuenari eskaini nahi dizkiot lerro hauek.
Mila esker ama, zure ama hizkuntza ez zena, nire ama hizkuntz egiteagatik.