Ikusi eta zabaldu

Ikusi eta zabaldu –

Ikusi eta zabaldu

Udako hilabetetan ohikoak izaten dira espektakulu, ikuskizun eta jendearen ikusmina erakartzen duten edonolako ekintzak. Kontzertu, kaleko antzerki, su-artifizial, Break-dance edo nahi duguna. Udan ez dago aspertzerik.

Donostiako azken Aste Nagusiko egun batean, su-artifizialek Bulebarrean harrapatu ninduten, eta han gelditu nintzen, espektakulu piroteknikoari begira. Kontua da, momentu batez, nire aurrean zegoen jendean erreparatuta, konturatu nintzela pertsona haien portzentai handi bat su-artifizialak sakelako telefonoarekin grabatzen zegoela. Smarphonearekin, hobe esanda.

Momentu hartan, azken urteotan gertatzen ari den fenomeno honen inguruan nire hausnarketa egiteari ekin nion, orain, digitalean bada ere, paper gainean ipintzen saiatzen ari naizena.

Niri behintzat zer pentsa ematen dit kontu honek. Su artifizialak ikusten egon eta hamar minutuz kapaz izan hauek gelditu gabe grabatzeko, edo kontzertu baterako hogeita hamar euro ordaindu eta memoria txartela agortzen den arte bideo bat bestearen atzetik egin. Eta horrela hamaika adibide.

Nire buruari galdetzen diot zein ote den helburua. Argazki eta bideo horiek gelditu gabe egitearen helburua. Baliteke hurrengo egunean lagunei erakusteko, baliteke Facebookera igotzeko, jendeak ikus dezan bizitza sozial dibertigarri eta emozioz beterikoa dugula, baliteke mutil-lagun edo neska-lagunari momentuan bertan Whatsapp bidez bidaltzeko, bikoteak ikus dezan bera gabe ere bizitza interesgarria dugula, edo zer dakit nik.

Niri momentura arte ez dit merezi gozatzen ari naizen ikuskizun batean sakelakoa atera eta grabatzen hastea. Errespetu osoa hau egiteko motibazioa sentitzen duenari. Ni behintzat zuzenekoa gozatzearekin gelditzen naiz, eta ordaindu egin badut zer esan. Eta arrazoiren batengatik ikuskizuna birbizi nahi badut, besteren bat arduratuko zen smartphonea atera, grabatu, eta Facebookera, Youtubera eta leku guztietara igotzeaz, seguru.

2013-09-06

Ikusi eta zabaldu