#MikroIpuina #MakroErrealitate
Ipuinek askotan mezu bat izan ohi dute, ezkutukoa zein agerikoa, kontatzen diogun horri lezio bat emateko, akaso. Mezu bat, edota nahi bat ereiteko esperantza hazi bat. Badira ipuin bilakatzen diren ametsak ere, amets bat kontatzean esandakoak ipuin kutsua hartuaz, kontatu bitartean desiren poderioz ametsa apainduaz ametsa ipuinduz.
Normalean, izaten ditugun ametsak gure kezka, desio eta nahien fruitu dira, eta horiek gauaren gidari ditugunean errealak bailiran bizitzen ditugu, esnatu eta benetan bizi dugun ala ez zalantzan jartzeraino.
Aski ezaguna da iada gure txori urdinaren ahotan ibiltzen den #MikroIpuina traola. Traol horiek ere amets kutsua izaten dute maiz, ez dira literatura edota burutazio hutsalak izaten, sentimendu, desio, hazi, amets eta nahiak izaten dira.
Atzo askoren ipuina errealitate bilakatu zen, ni neu ez nago moduen alde, hasieratik denok bat izan beharrean debeku baten ondorioz batzeaz ari naiz, baina beno, denetik ikasten dela esan ohi da halakoetan, eta nik sinesten dut horretan. Batzuetan kolpe bat eman behar dizute begiak zabaltzeko, oihu handi bat egin belarrira albora begiratzeko.
Espero dut, beraz, gaur askoren ametsak betetzea, eta pausu bakarra ez izan eta bere horretan ez gelditzea, baizik eta elkarrekin egingo ditugun kilometro bilakatzea, helburu berdinerako noranzkoan egingo dugun ibilbidea, guztiok batera indarra eginez lortu dezakegulako gure ametsak egi bilakatzea.
Manifestazio isila izango da, baina zarata handia egingo dugu.
Bagoaz!