Mikro(ekonomia)-ipuina
Mikro(ekonomia)-ipuina –
Enpresaren helburua: mozkinak maximizatzea. Horrela hasten ziren mikroekonomiako ariketak EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultatean. Helburu hori lortzeko kenketa erraz bat baino ez zen egin behar: diru-sarrera guztiak ken kostu guztiak. Diru-sarrera totalak ekoiztutako ondasunak edo zerbitzuak prezioekin biderkatuta lortzen ziren. Kostuak, aldiz, produkzio baliabideetatik, soldatetatik, zergetatik eta abarretatik zetozen.
Merkatuaren beste aldean, pertsonen helburua: onura (balioa) maximizatzea. Onura hori kontsumoaren bidez lortzen zen gehienbat, norberaren errentaren arabera. Errenta erabilgarri hori faktore ezberdinen menpe ere bazegoen, besteak beste, ondasun eta zerbitzuen prezioak, lan-merkatuaren egoera eta abar.
Enpresen eta pertsonen helburu horiek gero eta kontrajarriagoak dira, are gehiago bizitzen ari garen egoeran. Inflazioa %8,7an kokatzen da egun eta espero da 2022an zehar %6tik gorako izatea. Ekonomiaren hazkundea aurreikuespenetatik urrun dago, energia krisi sakon batean gaude eta Europar Batasunetik datozen berriek ez dute etorkizun itxaropentsu bat islatzen. Europak espainiako estatuari austeritate errezetak inposatuko dizkio udatik bueltan, 2008an egin zuen bezalaxe, europako funtsak jaso ahal izateko. Horrek gurean ere ondorioak izango ditu. Eta guzti hau gutxi balitz, interes tasak igo dira eta, Europako Banku Zentralak (EBZ) dionez, gehiago igoko dira. Ondorioz, zorpetatuta daudenek (familiek, enpresek zein estatuek) gehiago ordaindu beharko dute haien zorrengatik.
Kontrajarriak esaten nuen egoera oso kezkagarria bada ere, ezberdin ateratzen ari baitira enpresak eta pertsonak. 2021ean IBEX-35-eko enpresen mozkinak historiako handienak izan ziren, guztira 60.000 milioi eurokoak. IBEXeko agintariek %20an handituta ikusi zituzten haien diru-sarrerak urte horretan. 2022ko lehen hiruhilabetekoan, gerra bat medio, tendentzia berdina jarraitzen izaten du eta enpresa gehienek mozkinak handitu dituzte aurreko urteko lehen hiruhilabetekoarekin konparatuta (gerra barik).
Langileok, aldiz, murriztuta ikusi dugu gure eros ahalmena, soldatak edo pentsioak ez baitira KPIaren arabera igo. Eta arazo hau ez omen da epe motzean konponduko. Enpresen esanetan, soldaten igoera inflazio altuagoa ekarriko luke, soldatek kostuak igoko luketeelako eta horrek prezioetan eragina izango lukeelako. Hau ez da gertatzen ari egungo koiunturan. Izan ere, azken datuen arabera, inflazio altuaren arrazoietako bat (energia eta baliabide faltaz aparte) enpresen mozkin handiak baitira. EBZko goi kargu batek argi esan zuen Twiterreko hari honetan: labur.eus/tPgYg. “As a result, profits were a key contributor to inflation”.
Hausnarketa makroekonomiko bat: pentsa zein den egoera munduan, zein den desberdintasun maila klaseen artean, EBZk inflazioaren arrazoia enpresen mozkinei egozten diola, enpresei eskatu diela soldatak igotzeko eta Nazioarteko Diru Funtsak Sozietateen Gaineko zerga minimo bat ezarri nahi duela eta enpresen mozkin gehiegizko mozkinak ere zergapetu nahi dituela. Pentsa, 2008ko krisiaren beltzezko gizonen (EBZ, NDF eta Europako Batzordea) proposamenak hauek badira, zein izan daitekeen egungo injustizia maila.
Zaila da mikro(ekonomia)-ipuin honi amaiera itxaropentsua ematea enpresen mozkinak pertsonen onuraren gainetik esponentzialki hegaka doazenean. Hala ere, esperantzara kondenatuak gaude. Aberastasunaren banaketa justuago baten alde borrokatzen jarraitu beharko dugu. Horrek ere onura maximizatzen digulako.