Sortzaileen pobrezia

Sortzaileen pobrezia –

Pako Aristik BERRIAn.


Umeek edukitzen dute justiziaren zentzu bat, xumea, oinarrizkoa, xaloa, helduok urteen igarobidean galtzen duguna, sistema ekonomikoak ezartzen dizkigun amarru eta interesetan nahaspilatua. Gauzak horrela direla esaten zaigu, aldaezinak, eta guk sinetsi. Haurrek ez dute hain erraz sinesten gauzak horrela izan behar dutenik. Haientzat mundua berria da, eta dena aldatu liteke. Baita idazleon estatus ekonomikoa ere. Zergatik ez? Zeinek eragotzi behar du? Galdetzen dute. Justiziazkoa bada, aldatu egin beharko da.

Sortzaileen pobrezia
Arg: Leire Cano

«Hori ez dago ondo!», esaten dizute fermuki guk liburu bakoitzeko %10 kobratzen dugula esplikatzen diedanean. %20 dendariak jasotzen du, %30 banatzaileak, eta %40 argitaletxeak. Eta beren inozotasunean kapitalismoaren funtsa deskubritzen dute, non lana egiten duenak kobratzen duen gutxien, eta lan hori kudeatzen duenak gehien. «Horrek alderantziz behar luke», diote, eta mundu eder bat irudikatzen dut, non idazleok %40 kobratuko genukeen, eta gainontzeko bitartekari guztiek hortik behera. Sortzailearen duintasuna erreibindikatzen denean hori da nik duintasunari jartzen diodan aurpegia.

Esplikatzen diet diruaren banaketa horrek lehen sektoreko langileekin parekatzen gaituela, arrantzaleekin, nekazariekin, zeintzuei produktuak miseria bat ordaintzen dizkieten jatorrian, gero super-merkatuetako prezio hanpatuak aurkitu arte. Portuan kiloa euro bat ordaindu den arraina salmenta postuetan bederatzi kobratzen bada, nora joan da biderkatu den diru hori? Edo 40 zentimo ordaindu den patata kiloa 4,50 eurotan saltzen denean?

Idazten dugunetik irakurlearen eskuetara iristen den arte liburuak bidaia luze bat egiten du. Industriak existentzia fisikoa ematen dio, baina guk testua sortu ez bagenu ez legoke ondorengorik. Sortzailea da kultur adierazpide guztien iturburua, jatorria, genesia. Era guztietako sortzaileak ari direlako lanean existitzen dira liburuak, filmak, antzerkiak, komikiak, diskoak, kontzertuak, bertso-saioak, telesailak, irratietako programak eta abar. Eta, era berean, gu orain sormen lanean ari bagara da aurretik beste sortzaile askok gure hizkuntzan jardun zuelako, auskalo zer baldintza ekonomikotan, amore eman gabe, etsipenari aurre eginez eta, ziur aski, baita etxekoen gaitzespenari ere, edo euren garaiko gizartean serio hartzen ez zituzten harroputzen erdeinuei.

Liburua idazleak idatzi du, idazleak sortu du: istorioak asmatu ditu, edo poemak ondu, dokumentatu egin da, irizpide linguistiko batzuk erabili ditu: mamia, alegia, berak eman dio, eta hor isuri du bere esperientzia, irakurri dituen liburuen erreferentziak, ordura arte metatu duen biziaren gaineko jakinduria. Taupada egiten duen bihotz bat txertatu dio testuari.

Hortik aurrerako prozesuak objektu bilakatuko du liburua: maketatu egingo du, papera josiko du, azala, edizioa enkargatu, kartoizko kutxetan pilatu, furgonetetan bidaiatuko du bere lekua hartzeraino liburu denden erakusleihoan, edo liburutegiko nobedadeen apalean.

Zerbait sortzen denean beti gertatzen da mirari bat. Istorio batek, ideia batek, teoria batek edo uholde emozional batek forma literarioa hartzen du, hitzez jantzia geratzen da nahi duenak gozatu dezan. Edo musikaz jantzia geratzen da, edo aktore baten ahotsean hartuko du forma, esaldiak, marrazkiak begi-belarrietara iritsiko dira, eta azkenik, pentsamendu kolektibo bati forma emango diote, poliki-poliki, euri fin baten moduan.

Sortzaileak herria definitzen du, nortasuna ematen dio espazio politiko bati, leku fisiko baten historiaren atalak kontatzen ditu, gabeziak eta akatsak azpimarratzen, herri jakinduriak eta jakinduria intelektualak eman dituen harribitxiak berritzen ditu adierazpide gaurkotuekin. Funts-funtsezko lana da berea, eta Euskal Herrian ederki nozitzen dugu egunero gure bizitza eta historia kanpokoek kontatu edo bertatik kontatu dagoen aldea. Kanpokoek (nahiz asko bertan bizi, nondik begiratzen den baita kakoa) exotiko ikusten gaituzte, berezi, temati, eta okerrenera jota, «gaixo dagoen gizarte» baten gisan, ETAren afera profitatuz.

Sortzaileak balio dezake begirada beste leku batetik zuzentzeko, menderakuntza egoeran ezkutatzen den historia krudela bistarazteko, geure burua errespetutik maitatzeko, munduko beste nazioetan konplexurik gabe bizi duten auto-estimu nazionala natural agertzeko. Sortzaileen munduari, bere kezka eta larritasunei bizkarra ematen dion herriak suizidio kulturala burutzen du, eta, ondorioz, suizidio identitarioa.

Liburuen prezioa, esaterako, garagardo batenarekin alderatzen denean, niri barrua urratzen zait. Objektuak biak, ez dute maila berean jokatzen: zurrut egitetik liburu bat irakurtzera jauzi kualitatibo handia dago. Ez dut ezagutzen naziorik bere nortasuna alkohol kontsumoan oinarritu duenik; bai ordea kultur produkzio zainduan, promozionatuan, mimatuan.

Euskal Herriak hargatik tristatzen nau askotan: hizkuntza propioan sortutako kulturaren promozioari jan-edan neurrigabearen proselitismoa nagusitzen zaiolako, nola hedabideetan hala festetako programa guztietan.

Maiz esaten da, baita ere, sortzaile talde sano bat mantentzea luxua dela herri batentzat, eta ez da hala: ezinbestekoa da, herri horren hezurdurari mamia ematen diotelako, haragia eta muina. Luxua soberakina da; sortzaileak, guztiz ezinbestekoak. Herri bat, edozein, sortzailerik gabe, hutsik dagoen buru-hezur manipulatu bat baino ez litzateke.

Botere politikoak ere sistema ekonomiko bat jaso du herentzian, non sortzaileei diru mizkin bat gordetzen zaien, zatirik nagusiena bitartekariei emateko. Guk badugu barne-konbentzimendu bat gure lanaz, bere garrantziaz: guk sortu egiten dugu, existitzen ez zen zerbait munduratzen dugu. Baina diruak, guk egindako hori kudeatzen dutenengan geratzen dira.

Hori iraultzea litzateke iraultza, hain zuzen, umeek ere hain argi ikusten dutena. Itxurakeriari halako garrantzia ematen dion gizarte hipokrita honen aurrean, hori da iraultza: ez galtzea euskal sortzaileak pobrea izatearen lotsa, baizik eta pobrea dela esan beharrik ez izatea.
Sortzaileen pobrezia  Sortzaileen pobrezia  Sortzaileen pobrezia

Sortzaileen pobrezia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Sortzaileen pobrezia”-ri buruz

  • josu naberan 2022-06-09 11:49

    zeharo ados, nolatan ez bá, Pako

    neure burua ere sortzailetzat baitakusat, hizkuntza arloan-edo.

    eta neuk ere premia-premiazkotzat baitakusat hik aldarrikatzen duan “iraultza” hori, zehazki eta prezeski, Pako.

    Gakoa duk NOLA burutu iraultza hori: KULTURGINTZA-II deritzodana.

    Hots, 60tako KULTURGINTZA-I deritzodanari darraitzekoa, (egokituta, noski, egungo egoerara).

    Hator Pako, eta bildu hire indarra eta ekarpena ABIATZEAR dagoen II-KULTURGINTZARA.

    Besoak zabal hartuko haugu.

    laster arte

  • Pakorekin erabat ados!
    Nik, gainera, bizpahiru gauza gehituko nituzke. Lehenik, politikoek esparru enpresarialei soilik, hau da, argitaletxe, zine produktora, antzerki konpainia, orkestra eta abarri zuzendutako laguntza zuzenak. Zeinak ez diren idazle, aktore edo musikariengana iristen; hauen lana kapitalista ikuspegi basati batetik kudeatzen duten enpresa batzuetara baizik.
    Bigarrenik, enpresa hauetako batzuk euskal merkatuan garatu duten MONOPOLIO statusa salagarria iruditzen zait, oso. Pakoren adibidean (%20 dendariak jasotzen du, %30 banatzaileak, eta %40 argitaletxeak) esango nuke guztiok ezagutzen dugula %90 hori jasotzen duen kultur-enpresaren bat.
    Eta azkenik, nahiz eta gizartean lan publiko sare mardula izatearen alde nagoen, (teorian behintzat), honek sortzaileekin mantentzen duen irabazien alde izugarriak ere kulturari min handia egiten diola pentsatzen dut. Ez da normala edozein kultur-etxetako “teknikari-funtzionari” batek edozein idazle, aktore, dantzari, abeslari edo dena delakoak baino “ez dakit zenbat gehiagoko” irabaziak izatea, azken hauen lanaren irregulartasuna kontuan hartuta, batik bat.
    Ez dakit KULTURGINTZA-II egitasmoak zein asmo izango dituen, baina pandemia osteko greba eta borroka ausartak jorratu beharko lirateke, ostera ere, EHkan sortzaile euskaldunak duintasunez blaitu nahi badira.

  • Benat Castorene 2022-06-12 17:35

    Egoera zinez zaila da euskal idazleentzat. Eta denbora berean ezinbestekoa da soluzioa aurkitzea ez badugu larritu oraindik gure herriaren etorkizuna.
    Problemaren parametro bat erabakigarria da dagoeneko irakurle guti dagoela. Testuinguru honetan guti egin dezakegu horren kontra.
    Argitalpenen ekipamentu teknikoa eta estruktura gastu finkoak liburu seria handiak inprimatzeko pentsatuak dirateke beharbada ( barkatu erratzen banaiz,ez dut arloa ezagutzen)
    Baina Pakok sortzailea alderatzen baitu industriako langileekin, hari horretatik jarraikiz, ez ote da asmatzen ahal sortzaile kooperatatiba bat?
    Honek prozezua kontrolatuko luke buruan buru edo horren parte ahalik eta handiena.
    Horrela posible litzateke adibidez ekipamentu teknikoaren amortizazioaren eta enpresa estrukturaren pizua arintzea, gure merkatuaren neurri tipiari egokituz.
    Oroz gain posible litzateke etekinaren partiketa justuagoa ezartzea sortzaile eta ezinbestekoak diren produkzio-teknikarien artean.
    Gainera borta “ideki bat ari naiz ostikoz bultzatzen” eta segur naiz badela jadanik horrelako koperatiba bat, Euskal herrian ezbada, nunbait mundu zabalean bederen.
    Sekula horrelakorik oraindik ezbalitz izango litzateke ekimen esanguratsu bat denontzat.
    Milesker Pakori testu mamitsu honengatik.

  • Benat Castorene 2022-06-12 17:42

    “…ez badugu larritu nahi…” esan nahi nuen bigarren lerroan.
    “…argitaletxeen ekipamentu teknikoa…” bosgarren lerroan.