Mikel Zabaltzaren begirada samurra
Mikel Zabaltzaren begirada samurra –
Kalez jantzitako bi polizia haiek Iruñeko San Nicolas kalean harrapatu gintuzten, juxtu-juxtu duela hogei urte, neguko arratsalde ilun batean. Mikel Zabaltzaren argazki grisa zuten ertz gorriko kartelak hormetan itsasten ari ginen: “se os va a caer el pelo” egin ziguten mehatxu, komisaldegirako bidean ginela. Herri Batasunaren kartel horrek hiru hitzak baino ez zituen: “Atxilotua, torturatua, eraila” eta argazkian Mikel Zabaltzaren begirada, ikusi nahi zuen orori begira.
Gazteagoak ginen, 33 urte gazteagoak, eta General Chinchilla kaleko komisaldegian elkarrengandik bereiztu, hormari begira jarri eta galdeketa egin ziguten. Galdera guztiak Herri Batasunaren barneko antolakuntzaz izan ziren: ea nork emanak ziren kartel horiek, ea nor zen propaganda arduraduna, ea Alde Zaharreko komitean nor zen arduraduna… Poltsikoak eta kartera arakatu eta Irakasletza Eskolako nire karneta topatu zuen polizia batek: “maestro, será joputa” eta danba! xaflada bat. Gero beste polizia batek Irakasletza Eskolako nire karneta berriz topatu eta “jodersen, éste es maestro, será joputa” eta belarrondokoa. Gehiagorik ez. Pribilegiatuak izan ginen. Beste lagun batek abestu behar izan zituen abestu ezinezko ohar batzuk, poltsiko batean euskaraz apuntatuta zeramatzanak. Ordubete emanda, kalera: “Pueden irse, pero nos quedamos con los carteles”. Kartelak, baldea eta erratza lapurtu zizkiguten.
Kale Berriko egoitzara iritsi gineneko Adolfo Araiz abokatua joana zen komisaldegira –mila esker anitz , Adolfo!-, gutaz galdezka. Antza, San Nikolas kalean hartu gintuztenean Urliak ikusi zuen, Berendiari esan zion eta jendea ordurako hasia zen mugitzen. “Eta kartelak?” –galdera. “Komisaldegian”- erantzuna. Baina lasai, egoitzan kartel gehiago zegoen. Askoz gehiago. Eta kartel gehiago jarri genituen. Horiek eta askoz gehiago. Oker ez banaiz, kartel horiengatik “parlamentario gaztea” zen Floren Aoiz auziperatu zuten eta zalaparta ederra sortu zen ertz gorriko kartel gris horren kontura, “Atxilotua, torturatua, eraila” hiru hitzak baino ez zituen kartel hura, argazkian Mikel Zabaltzaren begirada, ikusi nahi zuen orori begira.
Bai, gazteagoak ginen, 33 urte gazteagoak eta orduan Madrilen PSOE zegoen, orain bezala, eta orain inork zalantzan jartzen ez duen zerbait ari ginen salatzen, alegia, Mikel Zabaltza atxilotu, torturatu eta hil zutela ari ginen salatzen. Eta orduan bezala, orain ere beharrezkoa da inpunitatea salatzea, beharrezkoa da presoen dispertsioa salatzea, beharrezkoa da Altsasuko gazteen egoera salatzea…