Mikel Zabaltza gogoan: «jzioqui dugu» eta «guec ajutu ez dugu»

Mikel Zabaltza gogoan –

Donemiliaga Kukulako monasterioaren atarikoan, harrian betiko zizelkaturik, irakur daitezke euskarazko glosa zaharrenakjzioqui dugu eta guec ajutu ez dugu. Adituei kasu egitera, lehenaren esanahia hauxe dateke: «jzioqui dugu», (lat.) (inveniri) meriumur; alegia, (aurkitzea) merezi genuen. «Mikel, non dago?» oihua horma mutuetan eta gazteon eztarrietan lehertu zen 80ko hamarkadaren garai urrun hartan. Donemiliagako Kukulan, Euskaltzaindiaren ekimenez jarritako harrizko hitzek berresten didate baietz, merezi genuela Mikel non zuten jakitea. Izan ere, atxilotu eta handik hogei egunera agerrarazi zuten, garai horretako Barne ministro Jose Barrionuevok berak iragarri bezala Espainiako Kongresuan.

Mikel Zabaltza gogoan

Bigarren glosak hauxe omen diosku: guec ajutu ez dugu (lat.) (non convienet a nobis), ez dugu egokitzat hartu, alegia. Bigarren glosak dakarkit gogora Mikel Zabalza gazteari eragindako torturekin eta heriotzarekin estuki lotutako Arturo Espejo guardia zibila orain teniente jenerala dela. Espejori saria eman izanak bihotza uzkurtu eta barruak astindu dizkit; gorrotoa baino nazka eragin dit Espejo teniente jeneral izendatzeak, higuina. Izan ere, bertsio ofiziala, gezurrezko kontakizun sinestezin hura, Espejori berari egozten zaio. Bistan da, bertsio ofiziala sinesten duenik ez dago: Guardia Zibilaren kapitaina eta CESIDeko kide Gomez Nietok berak Perote nagusiari esandakoa hor dago, grabazioetan betiko jasoa.

Nik ez nuen ezagutu Mikel Zabalza aetza. Gure ama ere aetza izanik, jakin izan nuen Garraldako plazan, festetan, erakustaldi batean ibili zela aizkoran. Kontu jakina da, torturatzaileak bere nortasuna ezkutatzeko erabili ohi duen buru-estalkiak agerian uzten du begi-parea, arimaren ispilua. Mikel Zabaltza gazte sendo horrek, Intxaurrondoko infernuan bortizki torturatuak, zer ikusiko zuen Espejo kapitainaren begien ispiluan? Txerren ikusiko zuen segurki, Deabrua bera.

Donemiliaga Kukulako monasterioaren ikasi omen zuen Gonzalo de Berceok, gaztelaniaz gorde diren lehen poemak idatzi zituenak, Deabruari ematen zion izena hauxe duzu: Don Bildur. Espainiako demokrazia ustel aizunaren ispilu, Don Bildur, Goardia Zibilaren Arturo Espejo teniente jenerala; guec ajutu ez dugu.

Mikel Zabaltza gogoan

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.