Mikel Goñi: “2011n partida gehien jokatu dituen pilotaria naiz”
Lehen bezala, frontoiak betetzen ditu orain ere, erakargarri bilakatzen baititu kartelak. Oronoz-Mugairikoa tipo karismatikoa da, onerako nahiz txarrerako jenioduna. Iraganeko hankasartze eta erruak onartuta baina ezertaz damutu gabe, kontent bizi du bere bizitza. Beti ere pilotari emana, kirol honek duen guztia oparitu diola oso gogoan du eta.
Zertan dabil Mikel Goñi? Asteburu gehienetan partidak izaten ditut eta astean zehar, berriz, duela lau edo bost hilabete Arraiozen ireki genuen arropa dendan aritzen naiz goiz eta arratsaldez.
Hortaz, posiblea da gaur egun lehen mailan aritu gabe ere pilotatik bizitzea? Nire kasuan bai. Momentuz, partida anitz jokatzen ditut urtean zehar eta pilotatik jasotzen dudan soldata oraindik ere hagitz ona da. Berez, horrek bizitzeko adina ematen dit, baina aukera ikusi nuen arropa denda irekitzeko eta… aurrera begira ere jarri behar dut, hau lau edo bortz urte barru amaituko dela pentsatzen dut eta. Dendarekin, gainera, asmatu dugu! Inguruan ez zegoen horrelakorik, jende anitz ibilki da eta kolpean gabiltza!
Betetzen dituzu pilotalekuak? Bai, bai! Aurten jokatu ditudan partiden %90etan, frontoian 200 lagundik goiti izan dira, eta behin baino gehiagotan 500 edo 600 ere sartu izan dira. Duela gutti, adibidez, Azpeitian jokatu nuen eta 500 baino gehiago bildu ziren, eta aste honetan ere beste bi partida jokatuko ditut eta dagoeneko sarrerak agortu dira bietan.
Badirudi 33 urtekin oraindik asko duzula emateko… Pilotarion artean, profesionalak ez dira bakarrik Aspe eta Asegarce. Anekdota gisa, aurten –2011–, ni izan naiz partida gehien jokatu dituen pilotaria, 97 guztira. Egia da bertze era bateko pilotariak garela, baina ni oraindik hagitz gustura nabil, jendeak kantxan gozatzen du, eta horrekin aurrera!
Enpresak aipatu dituzula eta, zer dute Garfek edo Egur Sportek, Aspek edo Asegarcek ez dutena? Tira, haiek –Aspe eta Asegarce– antolatutako partiden sarrerak anitzez garestigoak dira, eta kantxako giroaren izaera ere desberdina da. Gure kasuan, normalean, bi pilotarik jokatzen dugu, Eulatek eta nik adibidez, eta gero herriko edo klubeko bertze pare batek. Dinamika horrek frontoian bertze giro bat sortzen du, jendea frontoira gustura heldu da, eta kantxan ere hori nabari dugu.1998an egin zenuen debuta eta 2007an lehen maila utzi behar izan zenuen.
Gorabehera anitzeko ibilbidea izan da zurea, nola bizitu duzu? Bizitzan zehar gauza anitz egin izan ditut, tartean gauza onak eta baita txarrak ere. Baina argi daukat inori ez diodala kalterik egin, nire buruari besterik, eta horrekin gelditzen naiz. Argi dut gorabeherak nireak izan direla eta horretan geldituko direla…
Irakurri elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en
Ez dut ezer Mikelen aurka baina ez dut ulertzen nola ordaindu daitekeen Mikel Goñiren partida bat ikusteko.Afizionatu, gazte zein kadete mailetan hainbat eta hainbat gazte ari da pilotan,astean zehar entrenatuz,euren gorputzak zainduz….eta hau berriz ez entrenatu ez zaindu,ikusi besterik ez dago nola dagoen…
Errespetu falta deritzot ikuslearekiko zein beste pilotariekiko.
Neri behintzat ez nauzue Mikel Goñiren partida bat ikusten harrapatuko.
Bakoitzak egin dezala bere aukera.
Barkatu Eñaut, baina ez zekiat zertaz ari haizen. Pilota profesionala espektakulu bat duk, ez bizimodu osasuntsua jendartean zabaltzeko asmoarekin Eusko Jaurlaritzak diruztatutako programa bat. Negozio bat duk, miloiak mugitzen dituen negozioa gainera.
Negozioa bai baina kirola
Kirola zer duk? bi pareta eta pilota bat. Gainerako guztia, espektakulua eta negozioa.
Bi pareta, pilota eta pilotariak.
Badakit gaur egunean pilota enpresek negozioa besterik ez dutela buruan baña kantxan gutxienez kirolariak ikus ditzagula.
Mikel Goñi niretako ez da kirolaria.
Mikel Goñik ez da kirolari eredugarria, egia da; baina asko entrenatu eta sasoiko dauden beste pilotari asko egiteko gai ez diren gauzak egiten ditu asko entrenatu gabe (hori ere nabarmena da). Berak berezkoa duen graziarekin, kale handiekin batera, sasoiko pilotarien arteko beste partidu askotan ikusten ez diren dizdira uneak sortzeko gaitasuna mantentzen du, eta ikusle asko daude partidu negargarria ikusteko arriskua hartzen dutenak Mikel Goñiren dizdira une horietaz gozatu ahal izateko.