2012ko 8 albiste segitzeko arrastoak

Zertaz hitz egingo dute gure egunkariek 2012. urtean? Jarraian 8 galderen inguruko zantzu batzuk.

Urtea mobilizazio “kolosalarekin” hasiko da. Euskal presoen egoera errotik aldatzeko eskakizuna 2012an ozen entzuten segiko da. Herritarren  %78 dago hurbilketaren alde. Zoritxarrez Mariano Raxoyk du azken hitza. PPk jarrera iheskorrari eutsiko dio higadura handiagoa eragiten ez dion bitartean. Horretan bultz egitea ere egokituko zaio Nazioarteko Harreman Taldeari. Estatuaren immobilismoa apurtzeko asmoa plazaratu zuen, ikusi beharko nola gauzatzen den. Kontu “teknikoei” nola aurre egingo dion erabakitzeke du gaur gaurkoz. Bilboko kaleak ere mukuru bete beharko al dira 2013. urtean ere?

EAJren barne buruzagitza ere albiste izango da 2012. urtean. Batetik, EBB berrituko dute jeltzaleek, bestetik, lehendakarigaia aukeratuko du EAEko hauteskundeak gainean izan baino lehen. Iñigo Urkullu EBBren buru izaten segiko du; gaitzagoa jakitea lehendakarigai nor izango den. Alderdia eta balizko Jaurlaritzaren burua pertsona bera izatea harrigarria litzateke. Hala, Izaskun Bilbao eta Josu Erkoreka dira Ajuria Eneara bideko zerrenda horretan aipatzen dituzten bi izen. EAJk eszenatoki berrian zapaldu nahi duen belarra aukeratu beharko du. Popularrei hurbildu ala ezker subiranistari? Tirabirak eskuetatik ihes egin gabe helduko al da EAJ 2013. urtera?

Begi bistakoa da alderdi legalik ez izateak ezker abertzalearen garapena oztopatzen duela. Denborak aurrera egin ahala Konstituzionalak Sortu legez kanpo uztearen itzala desagertuz doa. Finean, baiezkoa noiz eman du PPk bere eskuetan. EAEko balizko hauteskundeek ere Sorturen inguruko erabakian eragina izan dezakete. 2012. urtean Sortu legeztatzekotan, ezker abertzalearen diskurtsoa ikustaraziko da, orain arte baino gardentasun handiagoz. Sorturen estatutuek proposatzen duten antolakuntza eredu berria nola gauzatzen den ere ikusi beharko da. Esaterako, Idazkari Orokorra nor izango den.

Berez, hauteskunderik gabeko urtea da 2012, baina ez litzateke harritzekoa aurten EAEko Lehendakari berria bozkatu beharra. Baina, Lopez-Basagoiti bikoteak higadura zantzuak ditu aspalditik, azkena Kutxan popularrek egin dioten zikinkeria. Ez dira gutxi udazken aldera, alderdi bakoitzak bere etxeko lanak egin eta gero, hauteskundeak izango dela diotenak. Lopezek, ordea, badirudi ez duela Portugaletera itzultzeko asmorik eta hala dio behin eta berriro. Ez da berdina agintzea eta agintean irautea. PSEk zirt edo zart egin beharko du EAEn zuen babesa galdu nahi ez badu. Hauteskundeek guztiz itxaraldatuko dute egun legebiltzarrean dagoen nagusitasun konstituzionalista.

Aralar alderdiak ere bere etorkizuna aztertu beharko du. Konbentzimendu osoz baino, halabeharrez hartu zuen parte (%24 horren aurka) Bilduko alderdiekin. Aintzane Ezenarro legebiltzarkidea, esaterako, estrategia horrekin zalantzati da, bitartean Patxi Zabaletak batzearen bidean eroso dela erakutsi du. EAEko hauteskundeetara begira zer egin erabaki beharko du, baina horren gainetik alderdiaren beraren funtzioa eta espazioa markatu beharko du, ildo estrategikoa finkatu. Lortu Arte eta Euskal Herria Ezkerretik hitzarmenen ostean helduko al da Aralarren txanda?

Arnaldo Otegi kartzelan. Espainiako Gobernuak idatzi eta Auzitegi Konsituzionalak sinatuko du Otegik aurkeztutako errekurtsoa. Zentzugabekeria juridiko-politikoak Otegiren askatasuna hertsitzen duen bitartean, bere irudia hazi egin da. Sorturen gaiak eta hauteskundeen balizko aurrerapenak kalkulu politikoan sar daitezke, aske uztearen erabakia baldintzatuz.

36.000 milioi euro aurreztea “hasieraren hasiera” dela dio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Zergen igoerak eta arlo guztietako inbertsioen moteltzeak Hego Euskal Herriko herritarrak ere kaltetu egingo ditu. 2012. urtean Gobernuaren politika ekonomikoak mozketen bide hori jarraituko du, beti ere Europako handimandien eskaerei men eginez. Azken asteetan itzali egin da Espainia “erreskatatua” izango zela zioen oihartzuna. Italia, Grezia, Irlanda eta Portugalen bidea ez hartzearen prezioa handiegia izan daiteke. Ikusi beharko da M15 gisako mugimenduek eta gizarte erantzunak hartzen duten tamaina eta eragina.

UMPko Nicolas Sarkozy eta PSko Francois Hollande aurrez aurre ariko dira Frantziako hauteskunde presidentzialetan. Orain arte egindako ikerketek eta hauteskunde emaitzek sozialisten aldeko joera iragartzen dute. 1995tik UMP boterean izan ostean sozialistek badute Eliseora itzultzeko aukera. Izango al du gurean eraginik sozialista bat Frantziako buru izateak? Gatazkaren konponbidean Espainiaren morroi izateari utziko al dio?

2012, Aralar, EAJ, ebb, Ekonomia, Frantzia, hauteskundeak, Otegi, politika, presoak, sortu, urtea

Zer duzu buruan “2012ko 8 albiste segitzeko arrastoak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude