Gure mihi puntan ere badago
Munduan bada hainbat herri bere burua izendatzeko bere hizkuntza aipatzen duena. Horietako bat da gurea, euskaldunak gara, euskaradunak. Eta Euskal Herria euskararen herria dugu, Hizkuntza dugu nazio ardatz. Hizkuntzak egiten gaitu nazio, euskaldunak gara ala ez gara. Eta horrexegatik esan dezakegu hizkuntzak ematen digula (besteak beste) burujabetzarako eskubidea.
Geure buruaren jabe izan nahi dugu, bai. Eta kanpoko esku hartzerik gabe geure burua antolatzen utz diezaguten. Euskararen berreskuratzeak behar dituen tresna eta bitartekoak eratzeko aukera behar dugu, eta hori, ezin daiteke dependentziatik eraiki, are gutxiago mendekotasunetik, independentziatik izan behar da.
Horrexegatik egiten dizuegu dei Gure Esku Dagok ekainaren 8rako prestatu duen ekitaldi erraldoian parte hartzeko. Har dezagun eskutik hurkoa eta oihuka dezagun, kanta dezagun herri bat garela. Bizi garela oraindik, eta libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugula. Iparra Estoniak, Letoniak eta Lituaniak erakutsi ziguten. Ez zen gogoan geratu zaigun bezain berehalako eta erraza izan, baina lortu zuten. Geure parean eta egoera paraleloan diren katalanek ere egin ziguten erakustaldia. Geure garaia da, herri libreen Europa marratu dezagun, elkarri eskua emanda.
Inoren esku badago, geure esku dagoelako, dudarik gabe. Geurea geuk hartu ezean, ez digu inork emango. Eta biderik ez balego, zertarako eskubidea? Estatu izateko norabide berean, nazio egiten gaituen euskararen herria berreuskalduntzeko ere, bada biderik. Ekainaren 8a baino lehen hasteko modukoa gainera: euskaldun agertzea eta gure eskubideak edonon errespeta araztea. Horrela ikusiko dugu gutako bakoitzak gure inguruan euskaldunak agertzen, elkarri eskua ematen, harremanak garatzen, geure komunitatea eratzen, inoiz geure estatuaren muina izango dena. Horrela ez bada, ez delako Euskal Herria izango.
Ekainaren 8an, euskaldun, euskaltzale, eskua zabalik izango gaituzu zain, lerroan, euskaraz, autodeterminazio eskubidea, gurean behintzat, euskaraz garatu beharrekoa delako. Gure mihi puntan ere badago.
EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:
– Pili Robles Barainka.
– Josu Larrea Elorriaga.
– Garbiñe Zurutuza Fernandez.
– Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.
Gero eta ziurtasun gutxiago dut, lehen parrafoan esaten diren gauzen inguruan.
.
Hizkuntza ez da nazio baten ardatz bakarra, inon ere ez. Proiektu nazionalean txertatzen den elementuetako bat izan liteke, baina batzutan ia apaingarri hutsa, eta bestetan bereizgarri gisa ez da esistitzen.
.
Euskara ez zen izan euskal nazionalismoaren ardatz ia bakar edo bederen inportanteena, Txillardegi bezalako kulturalistak iritsi arte. Alegia, hor goikoa oso gauza berria da.
.
Horrexegatik bereizten zituen nazionalismo tradizionalak euskotarrak eta euskaldunak, ez baitira zehazki gauza bera. Lehen nazionalismoak aipatzen zituen beste elementu batzuk, instituzio foralak, leinua eta katolizismoa, adibidez, hizkuntza bezain erabakigarriak izan zitezkeenak, eta are gehiago, inportanteagoak.
.
Irlanda eta Eskozia nazioak dira, hizkuntzarekin nahiz gabe.
.
Mundu honetan “eskubidea” zerk ematen duen; Maok zioen boterea fusilen kanoietan jaiotzen dela…
Aupa Amonamantagorri!
Eskerrik asko artikulua irakurri eta sakon aztertzeko lana hartu izanagatik.
Halere, lehen parrafoari egiten diozun kritikan, “Hizkuntza ez da nazio baten ardatz bakarra, inon ere ez”, diozu. Horrelaxe idatzia dugu hasiera: “Munduan bada hainbat herri bere burua izendatzeko bere hizkuntza aipatzen duena. Horietako bat da gurea, euskaldunak gara, euskaradunak. Eta Euskal Herria euskararen herria dugu, Hizkuntza dugu nazio ardatz…” Bere burua izendatzeko hizkuntza erabiltzen duten munduko herri guztien kasuan bakarra ez bada ere, nagusi dena argia delakoan, komunitate horretako kide guztiak egoera guztietan batzen dituen terminoko adierazle bakarra den heinean behintzat, niretzat argi.
Munduan 6.000 hizkuntza ezberdin inguru badira,
dozenaka dira (akaso zientoka edo milaka, baina ez dut eskura antropologia estudiatu nueneko apunterik)
beraien burua izendatzeko (eta beraz, munduko beste herri, etnia, nazio, …engandik bereizteko) hizkuntza
erabiltzen dutenak. Horra hor 5 minutuz interneten aurkitutakoak:
– Angpøn, que significa los que hablan la lengua, guk zokeak deituak, Mexikon, wikipediatik.
– “…Los españoles decidieron llamarles pimas, mismos que tenían y conservan un término para referirse a si mismos. O^oba, que significa simplemente “la gente”, no cualquier gente, sino sólo los que hablan … lengua pima.”, Mexikon, http://www.chihuahuamexico.com orritik.
– Mexikoko txotxoltekak: Runixa Ngiigua, que significa “los que hablan el idioma”
– Ekuador eta Peru arteko kitxuak, …
– Mexikoko Otomiak “…se nombran a si mismos nahnu, que significa“los que hablan otomi”.
Eta abar luze bat.
Nazioa bera kontzeptu zabala da ere, gizatalde bat ezaugarri komun batzuen inguruan biltzen duena. Ezaugarriok objektiboak (hizkuntza, kultura, etnia…) edo-eta subjektiboak (borondatea, nahia…) izan daitezke. Nazioa ezaugarri objektiboek osatzen dutela defendatzen du Alemaniar Eskolak, Frantziar Eskolak ezaugarri subjektiboen alde egiten duelarik. Azken hau wikipedian aurkitu dut.
Bestelako hausnarketez ez dut sakondu nahi, ur handiak lirake akaso, eta bat baino gehiagorekin bat nator gainera. Bai esan (idatzi, zehatzago), beste gauza bat dela, proiektu nazionalean edota euskal nazionalismoaren historian izan duen lekua, edo egun duena, baina hortaz ez dugu ezer aipatu.
Eskerrik asko berriz, eta hurrengora arte,
Josu Larrea.