Miguel Martin: “Datozen hiru urteetan programazioaren maila jaitsi egingo da”

Miguel Martin: “Datozen hiru urteetan programazioaren maila jaitsi egingo da” –

Jazzaldiaren 55. edizioa egingo da azkenean, uztailaren 22tik 26ra bitartean, baina ez da betikoa izango, bertako eta espainiar estatuko artistek izango baitute protagonismoa. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria elkarrizketatzeko aukera izan dugu Donostia Kulturak irratiko ekoitzitako Ispilu Beltza saioan. Hitz egin digu Jazzaldiaz eta Donostiako antzokien irekieraz. Hemen duzu elkarrizketa osorik transkribatuta.

Miguel Martin: "Datozen hiru urteetan programazioaren maila jaitsi egingo da"

Zer moduz dena?

Ondo esan beharko. Denok bezala hein batean, musika zuzenean entzuteko gogoz, Jazzaren eguna kontzertu areto batean ospatzeko irrikaz. Oraindik ezin denez, jazza entzuten eta mundu guztiko zale eta profesionalekin berriak partekatzen.

Nola egokitu zara konfinamendura?

Nik uste ondo egokitu naizela, izan ere, den dena eskura dugun garai batean bizi gara. Musika mordoa daukagu eskura, berri mordo bat ere bai eta iritzi zein berritasun asko partekatu ditzakegu. Kontaktuan gaude mundu osoko jendearekin. Uste dut, nahiz eta beti den txarra -askotan tragedia- halako pandemia bat, kultura eskura daukagula inoiz izan ez dugun neurrian.

Eta nolako paradoxa sortzaileak horren gaizki pasatzen egotea…

Paradoxa handi bat da, eta espero dut horretan geratzea. Espero dut honek buelta ematea eta uste dut publikoak aintzat hartu behar duela sortzaileek beren talentua, sorkuntza eta lana partekatzeko egiten duten esfortzua. Espero dut buelta eman ahal izatea. Ez dezala pentsatu jendeak sortzaileak musutruk bizi daitezkeenik beren sorkuntza oparituta. Buelta emateko gaitasuna baldin badugu, eta berriz aretoetara, zuzenekora, jendea eramaten badugu, non, egindako lanak ordaina baduen, dena ondo egongo da berriz. Amesgaizto bat baino ez da izango gertatu dena. Eta ekonomikoki buelta eman ahal izango dio sortzaileen gehiengoak. Denon artean ekidin behar dugu jendeak pentsatzea sorkuntza eta talentua dohain dela.

Zer eszenatoki aurreikusten dituzue? Jada aipatu da antzokiak zabaltzea, baina, aforoaren herena soilik erabiliz. Noiz berreskuratuko dugu antzokien egunerokoa?

Uste dut badirela askoz okerrago pasako duten alorrak. Dantzak zeinen gaizki pasako duen hitz egiten genuen atzo goizean bilera batean. Dantza arte oso garestia da, lan asko eskatzen duena eta profesional askoren beharra duena ekitaldi bat egiteko. Antzerkiaren kasuan, diziplina eta formulen arabera, baina, musikak uste dut badituela errekurtso gehiago. Beti ere, edukieraren herenak suposatzen duen galera kontutan izanda noski. Espero dut musikak baliabide gehiago izatea. Zaila izango da talde handiak entzutea. Denon esfortzua beharko da, publikoarena, artistena eta baita erakunde publikoena ere. Uste dut gertuko erakunde publikoak jabetzen direla lagundu egin beharko dutela. Datozen denbora zailetan kultura bultzatu egin behar da, bestela ezingo zaio buelta eman. Bizitzera goazen garai txar hau ez da laburra izango, ez pentsa urtea amaitu arteko tarte batez ari garenik, seguraski oraindik denbora asko izango dugu aurretik edukiera murriztuarekin eta asmatu behar ditugu aurrera egiteko moduak. Donostia Kulturak geldituko zaizkigun baliabideekin bertako artistei babesa emango die.

 

“Kontu handiz hitz eginda, esango nuke,
hemendik bi hilabetera ikusi ahal izango dugula
zuzeneko bat Victoria Eugenian”

Eszenatoki posibleak, optimista zein pesimista: noiz itzuliko gara Victoria Eugeniara kontzertu bat entzutera?

Badirudi ekainaren amaiera edo uztailaren hasiera izan litekeela data posible bat. Norabide horretan ari gara lanean, baina, ez dago gure esku. Orain esan direnei erreparatuta, uste dut logikoa dela horrela planteatzea. Baina gauza asko pasa daitezke, eta egoerak gainditu egiten gaitu egunez egun, egiten dugun aurreikuspen bakoitza aldatu behar izaten dugu. Beti ere kontu handiz hitz eginda, esango nuke, hemendik bi hilabetera ikusi ahal izango dugula zuzeneko bat Victoria Eugenian.

Eta aforo murrizketa horrekin ordaindu daitezke Wilcoren edo Bryan Ferry-ren soldatak?

Wilco eta Bryan Ferry ez dira egongo aurten Donostian. Hori argi daukat. Bryan Ferry, ia konfirmatuta dago, 2021ean etorriko dela eta Wilcorekin lanean ari gara etorri dadin. Espero dezagun hurrengo urteko ekainerako egoera aldatu izana. Baina hori oraindik ezin dugu jakin. Ekainaren amaieran hitz egiten ari nintzenean bertako sortzaileez ari nintzen, euskal musikako izenez.

Atzo iragarri zen Jazzaldia egingo dela, baina, aldatuta. Bertako jaialdi bezala definitu zenuten. Zer esan nahi du horrek.

Bi alderdi fundamentalez ari gara. Bertakoa da, publikoa bertakoa izango delako, donostiakoa edo gipuzkoarra. Ez dirudi aurten turismoa gehiegi hedatuko denik. Jaialdia askoz ere txikiagoa izango da. 20-30 kontzertu izango dira ehundik gora izan beharrean, hala bertako musikoetan oinarrituko gara kartela osatzeko. Euskal Herriko artistak eta hein batean espainiar estatukoak izango dira, eta zalantza asko ditugu ea europar artistarik ekarri ahal izango dugun. Horretan ari gara lanean. Gainera, aipatu dugun bezala, kontzertuen edukieren murrizketa oso handia izango da eta osasun publikoa babesteko neurriak ere bai. Antzokiak zabaltzen ditugunean, Jazzaldia hasten denean, edo norbait museora doanean lehenengo aldiz, garrantzitsuena konfidantza ematea da. Ikusleari esperientzia atsegin bat bermatu behar zaio, eta segurtasuna bermatu uneoro. Protokoloak garantista izan behar du, baina, aldi berean ikuslearen azalean jarri behar gara.

Bertako artistak aipatu dituzu, baina, Europako eszenari ere zabalik beraz.

Aukerarik balego bai.

Kartelbururik izango da?

(barreak) Kartelburu zeri deitzen diozunaren arabera… baina, bai, kartelburuak beti egongo dira. Beti esan ohi dut musikak arazo bat duela programatzerakoan. Musikan mundu guztiak dauka bere erosketa zerrenda eta batentzako oso ona dena bestearentzako ez da, eta esango dizu “ez duzu ekarri fulanito!”. Tira, jazz euskaldunaz eta jazz espainiarraz ari garenean, jada kontaktuak eginak ditugu eta egitaraua osatzen ari gara puntako artistekin. Hori kartelburuak izatea da? Bakoitzak erabaki dezala.

Noski.

Bermatuta dago kalitatea, eta artistekin hitz egiten, zeharo entregatuko direla esan digute. Oraindik goiz da ezer aurreratzeko, baina, gure eskura dauden onenekin egingo dugu lan.

 

“Bryan Ferry 2021ean itzuliko da eta
Wilcorekin berdin izan dadin ari gara lanean”

Atentzioa deitzen du Trinitate Plaza mantentzeak. Bideragarria da edukiera erdira edo herenera murriztea?

Momentu honetan publiko egin denaren arabera, eta diot momentu honetan, zeren bihar aldatu daiteke eta etzi ere bai. Gaur esan denaren arabera 400 pertsonako muga dago aire libreko aretoetarako. Beno 400 pertsona dira, aurreko urtera arte 1800 pertsona ziren. Horixe da izango dugun murrizketa. Eta 400 diot, nik hala ulertu dudalako, informazioak irakurri eta berrirakurri ditudanean, baina, bihar kontrakoa esan diezagukete lasai asko. Hori gure gaitasunetik gain dago.

Eta Kursaal zein Victoria Eugenia, erabiliko dira?

Aukera bat da. Horretan ari gara. Victoria Eugenia nahiko argi dago erabili behar dugula, gure etxea baita. Baina hor dugu baita Kursaal aretoa beste aukera bezala eta baita San Telmo Museoa ere. Printzipioz aire libreko espazio handiak deskartatu egin ditugu.

Zurriola kasu.

Bai, orain arte ezagutzen dugunaren arabera, ez dago modurik egiteko. Kontrastatu dugu azken bi egunotan, eta ikusi dugu ez duela etorkizunik. Zoritxarrez, eta gustatuko balitzaigu ere eszenatoki berdearen gau bat bizitzea, horrelako jendetza elkartzeak sortzen duen problematikak ezinezkoa egiten du.

Badakigu Jazzaldia egingo dela behintzat. Nola imaginatzen duzu eguna?

(Barreak) Gustatuko litzaidake erantzutea. Eta seguraski lo gehiago egingo nuke, zeren, momentu honetan aukera ezberdinei bueltak eman besterik ez dut egiten. Uste dut oraindik ezin dudala ezer esan. Orain titularrak dira, ‘Helburua Trinitate Plaza’, ahalegin eta esfortzua egingo dugu Trinitate Plaza espazioetako bat izan dadin. Bistan denez, Victoria Eugenia Antzokiarekin kontatuko dugu eta beste aukerak Kursaal aretoa eta San Telmo Museoa dira.

Aurrekoan Miren Arzallusek esaten zigun museo eta erakunde kulturaletako aurrekontuak drastikoki jaitsiko direla datozen egunetan. Nola eragingo du honek Donostiako jaialdi eta programazioan epe ertain-luzean?

Tira, luzean espero dut ezetz. Espero dut bi, hiru, gehienez 4 urtetan honek guztiak buelta ematea, baina, aurretik dugun garaia gogorra izango da. Benetan zaila izango da. 2020a gogorra ari da izaten, baina, 2021a erakundeek oso gaizki pasako dute eta erakundeek gaizki pasatzen badute, haren menpeko garenok ere ez dugu ondo pasako. Irmotasun osoz esango dizut; nik bi, hiru urteko denboraldi bat aurreikusten dut aurrekontu aldetik oso juxtu ibiliko garena.

Horrek eragin zuzena izango du programazioan.

Duda izpirik gabe. Erakundeen menpeko den kultura dena. Programatua edo erakundeek sostengatua izan, dirua kostatzen du. Eta geroz eta diru gehiago izan, errazago eta hobeto sostengatu dezakegu. Diru gutxiago izanik, imaginazio ariketa bat egin beharko dugu, borondate onez jokatu eta esfortzu bat egin beharko da denon aldetik. Bi edo hiru urtetan gastuaren maila jaitsi egingo da, eta horrenbestez programazioarena ere bai.

Miguel Martin: “Datozen hiru urteetan programazioaren maila jaitsi egingo da”

Ekaitza bainuontzi batean