Miel Anjel Elustondok irabazi du aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
Miel Anjel Elustondok irabazi du aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria –
Miel Anjel Elustondok irabazi du Kazetaritza saria “Tonban ehortzirik” erreportaje sortagatik, eta enpresabidea.eus webguneak irabazi du Komunikazio saria.
Atzo azaroak 30 ospatu da Andoainen 2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia. Bertan eman dira ezagutzera aurtengo saridunak: kazetaritza sariaren irabazlea Miel Anjel Elustondok idatzitako Tonban ehortzirik seriea izan da. Komunikazio sariaren irabazlea enpresabidea.eus webgunea.
Bi sari, komunikazio saria eta kazetaritza saria, biak maila berekoak: 9.000 euro eta Xabier Lakak RAKSerako berariaz egindako oroikurra eman dira sari banatan. Jarraian saridunak izendatzeko epaimahaiak ezagutzera eman dituen arrazoiak, hitzez hitz:
.
KOMUNIKAZIO SARIA
enpresabidea.eus webgunea
enpresabide.eus atari digitala 2022ko apirilean jaiotako euskarazko proiektu komunikatiboa Nico Cuenca ekonomialariak zuzentzen du eta Pilar Kaltzada kazetaria da sustatzaile nagusietako bat. Informazio ekonomiko eta enpresarial espezializatua eskaintzen du, euskaraz eta gure lurraldeari egokituta. Begibistakoa da enpresa eta ekonomiaren munduan hutsune handia dagoela euskaraz eta proiektu honen ekarpena arlo horretan azpimarratzekoa da. Aktualitateko informazioa eta gai jakinei buruzko eduki landuak interpretazio eta iritziarekin uztartzen ditu atari digital berri honek. Era berean nabarmentzekoa da iritzi emaileen aniztasuna eta emakumeen presentzia, oraindik ere hain maskulinizatua den mundu horretan.
.
KAZETARITZA SARIA
Miel Anjel Elustondok idatzitako Tonban ehortzirik seriea (Berria)
Pandemian murgildurik egon garen bitartean askotan alboratu egin ditugu kazetaritzatik iristen zitzaizkigun proposamen jostariak eta bereziak, bestelako generoak sortzeraino iristen zirenak. Aurten saritzen dugun lana horietako bat da: Miel Anjel Elustondoren Tonban ehortzirik saila Berria egunkarian. Abuztutik irail bitartean Sabino Arana, Jon Mirande, Marga Andurain eta Uztapideri “egindako” elkarrizketetan eta XIX. mendeko emakume bertsolariei buruzko kroniketan kazetaritza eta literatura uztartzen ditu, euskarazko kazetaritzan parekorik ez duena. Dokumentazio lan itzela atzean duela, fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten ditu Elustondok sail honetan. Aspaldi hil ziren horiek hurbil sentitzen ditugu, egiatik iristen zaizkigu. Testu sorta honetan, beste askotan egin duen bezala, kazetari-sentsibilitate berezia agertzen du, ezaugarri pertsonalak dituen marka, kalitatezkoa zalantzarik gabe.
.
Ekitaldiaren gidaritza Alaitz Mendoza kazetariak egin du, eta hitza hartu dute Andoaingo alkate Maider Lainez andreak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Polikako sailburu Bingen Zupiria jaunak. Irabazleek ere hitza hartu dute eskerrak emateko. Bertan izan dira, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak, Kazetaritza Elkargoaren buruzagiak eta euskalgintzako eragile ugari. Ekitaldiak izan ditu gozamenerako musika eta dantza aukerak ere Kimuak Dantza taldea eta Zigor DZ-ren eskutik.
Epaimahaiak azaro hasieran zortzi finalista izendatu zituen aurtengo sarirako. Kazetaritza Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izeneko Larrun monografikoa, Amaia Lekunberri Ansolak egindakoa; Aske Bizi ETBko dokumentala; Biba Zuek ETBko magazina. Komunikazio Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Aiaraldea komunikazio proiektua; Aiora Probatxoak youtuben duen jardueragatik; aikotaldea.eus, Aiko taldeak sorturiko komunikazio proiektua.
Finalisten artean sarituak aukeratzeko ardura epaimahaiak izan du, eta Alexander Huitzi Alfonso Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna izan da mahaiburu. Harekin batera mahaikide izan dira: Itxaro Borda Xarriton (euskaltzaina, idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza Ruiz de Alda (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxo Uriagereka (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Pantxika Maitia (kazetari eta film egilea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua) eta idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.
2022ko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak ohorezko mugarri bana eskaini die Elixabete Garmendiari eta Patxi Baztarrikari, Xabier Lakak diseinatutako lana oparituz. Hauexek epaimahaiak baloratu dituenak sari hauek emateko garaian:
Ohorezko Aipamena: Elixabete Garmendia
Elixabete Garmendia hautatu da bere kazetari ibilbidea oparoa izan delako. 1970eko hamarkadan hasi zen lanean eta prentsan ari zen emakume kazetari bakarretakoa izan zen denbora luzez. Ormaiztegin 1953an jaioa eta Nafarroako unibertsitatean ikasi zuen ofizioa. Zeruko Argiaren zuzendari gisa ezagutu genuen eta astekaria elizaren eskuetatik atera zuen Pilar Iparragirrekin batera, aldizkari zorrotz, moderno eta irekia plazaratuz asterik aste.
EITBn ere aritu zen hainbat emankizunetan, baina bereziki oroimen guztietan geratu den Bertatik Bertara izeneko hartan. Euskadi Irratiko kultur saioetan entzun dugu haren ahotsa. Partaidetza ugari egin ditu, besteak beste, bere zutabeak Berriako Iritzia sailean irakur ditzakegu. Kazetaritzako alor gehienak landu ditu Elixabete Garmendiak, bere kemena, izpiritu zabaltasuna eta eskuzabaltasuna eskainiz, batzuentzat halaber eredu bilakatuz. Kazetari ibilbide oso bat saritu da gaurkoan.
Ohorezko aipamena: Patxi Baztarrika
Ataunen sortua 1958. urtean, ondo gaztetxo zela lotu zitzaion euskarazko kazetaritzari. 12 urte besterik ez zuela Zeruko Argian idazten hasi zen Ataungo berriemaile gisa, hain ondo idazten zuen, aldizkariak on Joxe Migel Barandiarani buruzko zenbaki berezia prestatu zuenean, on Joxe Migeli egindako elkarrizketa Baztarrikaren esku utzi baitzuen, baita omenaldi ekitaldiei buruzko kronika osoa ere. Baina Patxi Baztarrikak ez du kazetaritza izan ogibide, Andoaingo Udaleko euskara teknikari eta arduradun izan baita nagusiki 1981az gero eta bide luzea egin du politikagintzan ere, Hizkuntza Politikarako sailburuorde izanik bi txandatan, besteak beste.
Andoaingo Udaleko euskara teknikari gisa Rikardo Arregi Kazetaritza Sari hauen sorrera landu, bideratu eta hauspotu zuen eta berari zor zaio, zalantza izpirik gabe, sariari behar beste eduki eta irismen eman izana, bere bilakaeran eta biziberritzean, profesionalki zegokionetik askoz haratagoko arduraz jardun baitzuen idazkari gisa, orain bi urte erretiroa hartu zuen arte.
Informazio askatasunaren aldarrikapena: Pablo Gonzalez
Ez dira garai hoberenak adierazpen askatasunarentzat. Munduan zehar kazetariak isilduak dira, epaituak edo epairik gabe kartzelatuak. Aurten ere hainbat kazetarik bizia galdu dute informatzeko eskubidearen alde lanean ari zirenean.
Kazetariek halatan arriskuak hartzen dituzte. Egiaren eta post-egiaren arteko borroka betean gaude. Askotan errazagoa da fake berriak hedatzea, errealitatea bere gordinean azaltzea baino.
Polonian preso da Pablo Gonzalez kazetaria, Errusiaren alde espioitzan aritzea leporatzen zaiolarik. Hamar urteko zigorra eman diezaiokete. Varsoviatik ari zen eta bere erreportajeek Ukrainako gerra zuten nagusiki aipagai.
Gonzalezen kasuan, hurbiltasunak elkartasuna sustatzen du. Baina ez du mugatzen. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariketako epaimahaiak adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin nahi du, mundu mailan, bai eta Euskal Herrian bertan ere.
Miel Anjel Elustondok irabazi du aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria