Hiltzen gaituzte

Hiltzen gaituzte –

Zubietako erraustegitik 3 km t’erdira baino gutxiagoko erradioan ekoitzitako arrautzek 4 aldiz handitu dute dioxinen karga 2019az geroztik, eta goroldioetan egindako analisien arabera, 5 biderretan handiagoa da hazkunde hori. Albistea oharkabean pasa da, nahiz eta bere garrantzia handikoa izan, albistegi guztiek zabaldu beharko zituzten honekin. Aste honetan jakin dugu, baita, zentro horrek ez dituela betetzen Lakuak eskatutako segurtasun-estandarrak, eta paradoxikoki jakin dugu hori Lakua beraren bitartez.

Hiltzen gaituzte

Albiste honetatik atera daitezkeen ñabardurak hainbestekoak dira, non ez nukeen astirik izango guztiak izendatzeko, baina burura etorri zaidan lehen gauza inguru horretan erraustegia martxan jarri baino lehenagotik lanean ari diren baserritarrak izan dira. Bere azalean jartzen naiz eta hotzikarak sartzen zaizkit, jakin gabe elikagai kutsatuak banatu ditudala pentsatze hutsarekin.

Burura etorri zaizkit, baita, produktu natural eta km0 baten aldeko apustua egin duten kontsumitzaile horiek, hain zuzen ere, behar ditugun kontsumitzaile horiek, jakin gabe modu motel baina metagarrian pozoitzen aritu direnak.

Naturako bizkarroien oinarrizko araua ostalaria ez hiltzea da, kapitalismo klasikoaren oinarrizko araua orain arte gainbalioa sortzen duena ez hiltzea izan da, gutxienez bere produkzio-zikloak irauten duen bitartean. Baina badirudi tokiko kapitalismoaren kudeatzaileen diru-goseak muga posible guztiak gainditu dituela, eta epe laburkeriaz kobratzen duten artean bizirik iraun lasterketan murgilduta daude.

Puntu honetara heldura, erraustegia instalatzeko presioa egin zuten guztiei, horri bidea erraztu zioten guztiei, dioxinaz kutsatutako arrautza horiez elikatu behar izatea besterik ezin diet opa, eta gaixondoa Yushchenkoena baino arinago izatea hori bai. Izan ere, naturan bezala, gehienetan bizkarroiak behar du apopiloa, oso gutxitan gertatu ohi da alderantziz.

Hiltzen gaituzte

Oleta baserria, Laudio / oletabaserria7@gmail.com