Memoria demokratikoaren legea eta memoria lekuak direla-eta
Memoria demokratikoaren legea eta memoria lekuak direla-eta –
Espainiako Kongresuak Memoria Demokratikoaren Lege Egitasmoa uztailean onartu izan duen arren, ez da iraila arte Senatuko oniritzia lortu eta gero behin betiko indarrean sartuko. Bitartean, badira egun batzuk, prentsan eta beste zenbait hedabidetan agertu dela, Gernika-Lumo Lege Egitasmoan aurreikusten diren Memoria Lekuen zerrendan egongo litzaketela, 36ko gerraren beste toki batzuekin batera. Horrela, Euskal Herriari begira, Gernika-Lumo jada Legearen xedapen gehigarrienetan Memoria Lekua bezala onartua dagoen Ezkabako gotorlekuarekin bat egingo luke (azken hau, Cumbreko jauregiaren zesioarekin, EHBilduren ekarpenen ondorioa). Bestalde, Legeak, lehen aldiz estatu mailan, Memoria Historikoaren arloan frankismoaren zilegitasun eduki eta egiturei aurre egiteko ahalegin azpimarragarria egiten duen arren, kontutan eduki behar da ez duela etorkizun handirik baldin eta hurrengo Espainiako hauteskundetan PPren aldeko aldaketarik gertatzen bada. Ez bakarrik espainiar eskumako blokeak, ohi den moduan, argi eta garbi esan duelako boterea eskuratuz gero legea kenduko duela, PSOEn barruan eta inguruan ere ahots asko altxatu direlako legearen kontra (Felipe Gonzalez beragandik hasita).
Dena den, Memoriaren Lekuei dagokionez ezin dugu zenbait gauza ahaztu. Batetik, Euskal Herriko ikuspegitik gure Memoria Kolektiboaren eraikuntza, Euskal Memoriaren Lekuen bereizketa, azterketa, ezagutza eta hedapena bere horretan gure ardatza izaten jarraitu beharko duela, begi bistakoa denez, gure euskal perspektiba osoa landu nahi badugu. Bestetik, Euskal Herrirako osatzen goazen zerrenda horietan aipatutako Lekuen lanketan, administrazioen eta gizarte zibilaren eragileen arteko elkarlanaren beharra nahitaezkoa izango dela, benetako Memoria Kolektibo bizia, gardena eta partekatua egin nahi bada. Era berean, Gernika-Lumoko kasuak bere ñabardurak ditu, Euskal Memoria Lekua delako, Memoria Historikoaren Lekua ere bai, eta nazioartean Memoria Lekutzat hartzen den toki sinboliko sakona. Izaera zabal hori izatea nahi dugu gainera eta horretara doaz gure artean ahalegin garrantzitsuenak (inola ere ez, ordea, publizitaterako marka bat sortzeko)
Gainera, Memoria Leku izendapena dela eta beste euskal Memoria Lekuentzat ere nabarmentzekoa izan daitekeen oharra gehi daiteke: Gernikako Memoria Lekuaren eraikuntza (eraikuntza soziala beti; komunitate baten ahalegin eta borroken ondorioa) bere historia eta bere memoria propioak ere badauzkala. Hasteko, herritarrena: Gernikar-Lumotarrak, Busturialdekoak; Euskal Herriko oroimena eta Egi gosearena. Bonbardaketa gertatu zenetik gerra erasoaren eta osteko biolentzia eta inposaketaren Memoria eta Egia gorde eta aukera eduki zutenean zabaltzea erabaki zutenena (70.hamarkadaren hasieran William Smallwood, “Egurtxikik”, ezkutuan bildutako lekukotasunak, adibidez). Gero Franco diktadorea hil zenetik Memoria hori ager arazten eta azaltzeko ahaleginak etorriko ziren, gaur arte. Herri ekimenak lehenengo, esaterako, 1976 urtean sortu zen Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileak bultzatu zituenak helburu zehatz bezain indartsuekin (denborarekin gaur eun ezagutzen dugun Gernika Batzordea adiera hartu zuenak): ikerketa historikoa bultzatzea, erantzukizunak eskatzea, artxiboak zabaltzea, Gernika, kulturaren hiria bihurtzea eta Guernica Gernikara ekartzeko eskaria. Laster erakundeen aldetik jarraipena, adibidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek 1979an Guernica Gernikara eskari ofiziala egin zuten eta, beste hainbat ekimenekin batera, herrian borroka antifaxistaren zentro bat egitea proposatu zuten. Hortik aurrera, eta egitasmo multzo zabal eta eraldatzaile guzti horien ikur bezala, Herri aldarrikapena izateraino heldu zen Guernica Gernikara eskaria.
Zenbait gauza lortu dira, oso maila apalean, gizartearen asmo guzti haiek errepasatzen ditugunean. Baina asmo, irudi, ideia, hausnarketa, idatzi, mobilizazio eta pankarta guzti haiek Gernika Memoriaren Lekuaren historia, memoria eta zentzua osatzen dutela argi dago. Eta bere bidez, herri oso batena.
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma
Memoria demokratikoaren legea eta memoria lekuak direla-eta