Beti jan eta beti gose

Beti jan eta beti gose –

Piztiaren gosea asegaitza da. Denetik jaten du, gizentzen badu. Berdin zaio naturagune, musika estilo, iraultzaile baten irudi edo mugimendu politiko oso bat. Euskaldunok, sukaldari petoak izaki, bikain elikatu dugu azken urteotan. Horregatik ez daukagu sukaldariz aldatu beharrik. Tamalez, ez dira betiko garai onenak bankete jorientzat eta ugarituz doaz geroz eta gehiago apurrekin konformatzera behartzen gaituzten errezetak. Gutxi batzuentzat oturuntza, besteontzat apurren erregimena. Dietan jarrai.

Beti jan eta beti gose

Batzuentzat digeritzeko zaila bada ere, euskal sukaldaritza beti izan da, oro har, oro ar eta oro urre. Eta urrezko arrautzen oilo horri segika sortu zuten Basque Culinary Center izenez batailaturiko unibertsitate pribatu, baina publikoki finantzatua. Zein euskaldunek ez du azken hamar urteotan bere diruz mamitutako proiektu honen onura zuzenik izan? Bada, oraindik despistaturen bat balego, jakin Donostiako Gros auzoan bigarren egoitza bat egosten dabiltzala. Egoitza berria, errezeta zaharrarekin:

Gentrifikazio deritzen zentrifugatzaile soziala topera duen auzo bat hautatu. Alkateak norbere auzoan zahartu nahi izatea pixka bat exquisitoa dela badio, ezin hobe. Erreserbatu. Gazteen emantzipazio, osasun zentro, adinekoen egoitza edota auzotarren edozein behar sozial asetzeko orube gutiziatua eskrupulu barik oparitu. Geroz eta berdeagoa, hobe. Utzi lasai auzotarrak berotzen, baina kontuz erre gabe. Zuritu proiektua marketinarekin. Zerbitzu publikoak beratzen utzi urte luzez. Zukutu. Isuri milioikadak espekulazioaren heltzera. Et voilà: dekonstrukzioaren konstrukzioa. Promotoreak ase, auzoak barau. Bon profit!

BERRIArentzat egindako kolaborazioa

Beti jan eta beti gose

Denboragintzan lizentziatua/ barra ertzeko psiko-anarista / @manex_mu

2 pentsamendu “Beti jan eta beti gose”-ri buruz

  • "Erakunde pribatua, diru publikoz hornitua". 2022-09-01 09:41

    “Erakunde pribatua, diru publikoz hornitua”. Ba, zera, edozein ONG-GKE, talde feminista, kultura talde, euskaltzale talde, ez da hori ba?

    Gainera, “sistemaren aurka borrokatzen” dutela diote batzuek. Hori bai, sistemak berak euren patrikak bete ondoren. Eta beren lanaren benetako eraginkortasunaren ardura inortxok ere hartzen ez duelarik.

  • Mondragon SA 2022-09-01 11:17

    EAEkoak ez dauka izenik. Alderdi guztiek -BILDU ere bai!!!!- bat egiten dute estrategia horrekin. Lotsagarria. Eskolak, unibertsitateak….diru publikoz hornitu eta gero hor ageri dira MUekoak harro potolo ez dakit zer kudeatzen dutela eta ondo baino hobeto dihoakiela esaten. Jakina! Ondo doakie eskean oso onak direlako eta badaezpadako politikoekin badaezpadako gauzak lortzen direlako. Eta markitenean ere txarrak ez: “Deustukoak eskumazaleak, gu, berriz, ezkerzaleak, ingumenzaleak, ekologistak, …. jajajajaja”. Ez duzue lotsarik.. Ez ote da etorriko baten bat hori iraultzera eta MUri mozorroa kentzera. Ea GKSko hauek uzten dituzten era horretako jokamoldeak agerian. Aberatsak herritar guztion poltsikotik. Ez dago gaizki.