Melitoniuma
Melitoniuma –
Nola edo hala eginez, gure amonak esango lukeen moduan, Terrorismoaren Biktimen Memoriala bisitatu nuen. Melitoniuma. Gasteizko bihotzean kokatua, babesleak ez dira txikikerietan ibili guztion kutxatik sosak xahutzerakoan. Eskola-ume taldeak adi entzuten dituzte iruzurrean trebatutako begiraleen azalpenak. Pantailek haurrentzako jokoak eskaintzen dituzte, galdera hutsal eta maltzurrez. Erakusketaren harribitxia zulo baten maketa da, zeinak irudikatzen duen Ortega Lara tamalez 532 egunez bahiturik egon zen tokia. Makina bat preso politiko, tamalez hauek ere, 11.000 egunez isolaturik egon diren eta isolaturik jarraitzen duten zuloen oso antzekoa.
Irudi deitoragarrien segidaz gaindiko zerbait ikusi nahian nenbilen, alferrik ibili ere. Gogoratu nuen Barbara Balzeranik “Compañera Luna” liburuan kontatzen duena, Aldo Mororen bahiketan parte hartu eta 25 urte espetxeratua eman dituen partisano komunistak, militante armatuei terrorista deitzen zitzaiela-eta, hausnarketa hau egiten zuena: “Militanteak jaio ziren testuinguru historiko-politikotik banatzeko grina horrek fenomeno kezkagarri batera garamatza: arrazoiketara eramango gaituen hari ororen absentziara”.
Eta arrazoibideen bila nenbilen ni Melitoniumeko Rosetta harria den panela aurkitu nuenean. Haren arabera, lau dira terrorismoaren faseak: “Lehen bolada anarkista/nihilista izan zen, XIX. mendeko azken herenean. Bigarrena nazionalista/antikoloniala, Gerra Handiaren ondoren. Hirugarrena 1960ko hamarkada bukaerako ezker berriarena. Azkena, nagusiki erlijiozalea, XX. mende bukaeran piztu zen eta indarrean darrai”.
Dena argitua: terrorista izan zen aktibismo anarkista, eta ez XIX. Mendeko esplotazio baldintza makurrak. Ez zen terrorista Alejandro II tsarra, Poloniako harakina, bai ordea lehergailu bat jaurti zion mutikoa. Angiolillok gaizki egin zuen Arrasaten Canovas presidentea mundutik atera zuenean, Kubako borreroa eta Montjuic-eko fusilamenduen arduraduna. Badugu Maiatzaren 1a ospatzerik eta Chicagoko martiriak oroitzerik anarkistak baziren? Zortzi orduko lan egunak edo borroka sufragistak justifikatzen ote dituzte indarkeria ekintzak? Inolaz ere ez! Diosku Melitoniumak. Hala ere, milaka komunero nafarrek, geldoak eta basatiak, txaloak jo zituzten Regueral borreroa akatu zutenean. Patagonia errebeldea, anarkistek matxinatua, Varela milikoak baketu zuen 1.500 langile erailda; hortaz, bidegabeko mendekuz? hil zuen anarkista aleman batek. Terrorista batek beraz, Mussolini hiltzen saiatzeagatik exekutatu zuten Michele Schirru bezala. Sacco eta Vanzetti bezala, pistola libertarioak izateagatik elektrokutatuak. Fusilatua izan baino lehen, Severino Di Giovannik ez zuen damutu nahi izan: “Ez dut bizitza eroso baten alde egin, ezta bizitza lasai baten alde ere. Borroka aukeratu nuen. Aurre egin diet beraiek darabiltzaten arma berak erabilita, eta horrexegatik hartzen naute, eta banaiz, gizon arriskutsutzat”. Guzti hauetatik edan zuten geroago Jacobek, Durrutik, Likinianok eta Quico Sabaték, baita gure Lucio Urtubia maiteak ere. Anarkoak, idealistak, baketsuak, armatuak batzuetan, segun eta noiz eta non.
Bigarren olatua, dio Melitoniumak lotsagorritu gabe, nazionalista/antikoloniala izan zen. Afrikaren banaketa, eskuaira eta kartaboiz egina, ez zen terrorista izan; ezta Opioaren Guda ere; ezta Indotxina edo Indiaren okupazioa ere; ezta Argelia edo Kenian egindako tortura ugariak ere; ezta Aparheid-a ere. Terroristak europar demokraten aurka altxatu zirenak izan ziren: Mau-Mau-ak, muyaidin argeliarrak… Nola ulertu baina ehun herrialde independentek bortxa erabili zuten pertsonaia itzaltsuak ohoratzea?
Hirugarren olatua, ondo heldu, ezker berriarena izan zen, 60ko hamarkadatik aurrera. Zazpi fusilekin hasi zen Fidel. Gero etorri ziren, Kanbodia, Angola, Palestina, Nikaragua… Che, Sankara edo Mandela ikonoen atzetik ehun Vietnam egin, herriak askatu eta kapitalismoarekin bukatu behar zela uste zuten guztiak. Franco ez zen terrorista, ezta amerikar diktadurak ere; Che bai, terrorista zen, baita Txiki, argala, Puig Antich ere… Ez OTAN eta bai ETA, FARC edo ELN, Memorialean espresuki aipatuak. Terrorismoaren biktima izan zen Meliton Manzanas, ez Gasteizen sarraskitu zituzten langileak, Melitoniumetik metro gutxira. Laugarren olatutik, noski, Dorre Bikiak Aipatzen dituzte, sekula ez arabiar munduak Gurutzadetatik hona pairatu izan dituen inbasio eta izugarrikeriak.
Laburtuz, pozik atera nintzen Melitoniumetik. Zerbait sotilagoa espero nuen, ez horren baldarra. Nazio zapalkuntzen eta kapitalismoaren kontra izan diren matxinada armatuak blokean kondenatzeak Iruñeko Momumento a los Caidos-en pare uzten du Memoriala. Edozein tiraniaren aurrean sumisioari apologia; espainiar nazionalismoa; bertsio poliziala; kirats frankista; baketze militarista, eskola-manipulazioa; kamuflatutako gorrotoa. Horrelako antro bat mantentzeak izan beharko luke, eta ez “ongi-etorriek”, biktimentzako iraingarri.
.
Erredakzioan euskaratua.
Melitoniuma