“Masterrez gain, Basque Culinary Centerren profesionalei zuzendutako kurtso sorta ederra eskaintzen dugu”

BASQUE CULINARY CENTERREKO MASTERRAK

Basque Culinary Centerreko Idoia Calleja Master eta ikasketen zuzendariak zentro honek eskaintzen dituen Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterrari, eta Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Masterrari buruzko ezaugarriak azalduko dizkigu.

Basque Culinary Centerren kurtso honetan bi master martxan ipini dituzue: Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterra, eta Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Masterra; zer moduz ari dira funtzionatzen bi master hauek?

Biak oso ondo doaz.  Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Masterraren bigarren edizioa da aurtengoa eta, orain dela gutxi, urrian hasiko den hirugarren ediziorako matrikula ireki berri dugu. Azken honi buruz, oso programa intentsiboa izateaz gain, esan beharra dago ikasleek lanean jarduten ari diren bitartean burutzen dutela eta, baita ere, amaierako proiektua ere. Etorkizun handiko proiektuak dira, jatetxeak abian jartzea edota jardunean dauden negozioen egokitzapenak, bestek beste. Ikasleriaren %40a Hego Amerikatik dator eta proiektu batzuk Mexiko, Peru edo Israel bezalako herrialdeetan jarriko dituzte abian.

Eta zer esan dezakegu besteari buruz, Sukaldaritza, Teknika eta Produktuari buruzkoari buruz?  Lehen promozioa otsailean hasi zen eta arrakasta handiz ematen ari da. Ikasleria nazioartekoa da, eta oso inplikaturik daude nahiz eta ikasketa plana oso exijentea izan. Batzutan, jarduera batzuk gelatik kanpo izaten dira; horra hor, txangoak edo Massimo Bottura, Pedro Subijana edo Juan Mari Arzak bezalako txef handiek emandako master class-ak. Orain praktikaldiak antolatzen ari gara, eta bertan ikasleek euren ikasketa prozesua nazio mailako txef handienetako batzuekin osatzeko aukera izango dute.

Zer publiko motari daude zuzenduta: profesionalei, ikasleei edo denei?

Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Masterra ostalaritza eta jatetxeetako profesionalei dago zuzenduta, bereziki, baina proiektu gastronomiko bat hasteko asmotan dabilen beste sektore batzuetako profesionalentzako ere oso aproposa izan daiteke.  Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterra sukaldaritzan prestakuntza eta eskarmentua duten baina jauzi kualitatibo bat eman nahi duten pertsonendako zuzendurik dago.

Master hauek ikasi eta gero, zer nolako irteerak dituzte ikasleek?

Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Masterrean irteera naturalak ekintzaile izatea edo jatetxeetako kudeaketa eginkizunetan aritzea dira. Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterrean, aldiz, berezko irteera sukaldaritza edo jatetxeetako sormen departamenduak dira. Produktuari eta sukaldeko teknikari buruz jasotako ezaguerak kontuan harturik, ikasleak nortasun handiko eskaintza gastronomikoak garatzeko gai dira.

Bi Master hauetaz gain, zer bestelako graduondoko kurtsoak eskaintzen dituzue Basque Culinary Centerren?    

Profesionalei zuzendutako kurtso sorta ederra ere badaukagu: produktu eta sukaldaritzako aplikazioak, sukaldeko teknika, kudeaketa, aretoa edo sommelier-lanak. Kurtsoen iraupena egun bat eta astebete artekoa izaten da, eta eguneroko lanarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira.

 

 

 

 

Basque Culinary Center, BCC, Mondragon Unibertsitatea, Unibertsitate Masterra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude