Marxismotik estrukturalismora

Marxismotik estrukturalismora –

Txillardegiren eta marxismoaren arteko harreman zailak ulertzeko, Pako Suduperen “Txillardegiren borroka abertzalea” bikaina da tresnarik egokiena. Eta mundu osoko marxistek eta antimarxistek hizkuntzaz esandakoa zehazki ezagutzeko, berriz, Joxe Azurmendiren “Hizkuntza, etnia eta marxismoa” ezin aberatsagoa.

Marxismotik estrukturalismoraTxillardegi idazten hasi zen garaian, marxismotik estrukturalismora igaro ziren hainbat idazle Frantzian. François Furet historialariaren esanetan, adikzio ideologikoak behar izaten ditu intelektual frantsesak, eta marxismoaren kokaina estrukturalismoaren LSDarekin ordeztu zuten. Gizon berriaren igarleen ondoren, gizakiaren disoluzioaren analistak etorri ziren.[1]

Adikzio erlijiosoak behar izaten dituela euskaldun mota batek zioen Txillardegik. 60ko hamarraldiaren amaieran, Euskal Herriko seminarioak hustu zirenean, gogorregia egin omen zitzaien fraide ohiei inongo federik gabe bizitzea, eta marxismoa hartu zuten ordezko fedetzat. Ez zitzaien zaila egin, bere liburu sakratu, karisma, milenarismo, herexe eta edozein erlijioren parafernaliaz hornitua baitzetorren marxismoa.[2]

Txillardegik, Marxen aholkuari jarraiki, ETAko marxistek ziotena baino gehiago zegitena hartzen zuen kontuan. Eta, Txillardegi-eta erbestean zeudela profitaturik, marxistak buruzagitzaz jabetu eta goitik behera hasi zen erakundea gaztelaniaz funtzionatzen. PSOEn amaitu zuen buruzagi haietako zenbaitek. Ez zetozen bat ez sentsibilitateak ez proiektu politikoak. Praktika erdaldun hori zuritzeko, klaseen nazioartekotasuna, “herri” kontzeptuaren kutsu burgesa eta antzeko ideiak zerabiltzaten. Sutan jartzen zen Txillardegi.

Edonola ere, ñabardurarik ez zaio falta donostiarraren antimarxismoari. Materialismo historikoaren ideia nagusiak onartzen ditu, eta aldarrikatzen du historiak frogatu duela klaseei buruzko Marxen ideiak egiazkoak direla.[3] Erantsiko duenez, «marxismoa ezagutu eta lehen inpresioa da gizartea X izpien bidez ikusten duzula».[4]

Ordea, ez zien ezikusia egin Stalinek marxismoaren izenean egin zituen  krimenei. Ez zuen uste CIAren propaganda hutsa zirenik Gulag Artxipelagoa, sobietarren tankeak Budapesteko 56ko iraultzan, edota 68ko udaberrian Pragan. Marxismoa oinarri omen zuten sobietarrei leporatzen zien pluralismoa eta demokrazia ez bermatzea. Eta marxista euskaldunak moskutero itsuak ei ziren.[5]

Polemika betean, Txillardegik idatzi zuen marxismoa mitologia zela, moda hutsa, eta estrukturalismoa, berriz, zientzia: etorkizuneko itzalari dagokionez, pareko ikusten zituen Albert Einstein eta Ferdinand de Saussure. Hizkuntza eta pentsakera saiakeran erruz erabili zituen materialismo dialektikoaren aurkako Lévi-Strauss estrukturalistaren ideiak. Ordea, gauzak apur bat gehiago konplikatzeko, Lévi-Straussek marxistatzat zuen bere burua. Hori bai, inork gutxik sinesten zion. Marxista eta estrukturalista izan zaitezkeela aldi berean, Louis Althusseren materialismo aleatorioak erakutsi zuen garbi. Dena den, handik pixka batera bere bolada estrukturalista desbiazionismotzat joko zuen. Pentsalaria ondo sailkatua eta etiketatua duzula uste orduko, ihes egiten dizu.


[1] LOYER, Emmanuelle, Lévi-Strauss, Flammarion, Paris, 2015, 470. or.

[2] TXILLARDEGI, Hitza hitz, Elkar, Donostia, 1996, 103. or.

[3] Ibidem, 118. or.

[4] “Elkarrizketa”, in Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria, Lasarte-Oria, 2007, 39. or.

[5] Hitza hitz, 109. or.

Marxismotik estrukturalismora

9 pentsamendu “Marxismotik estrukturalismora”-ri buruz

  • Igor Goitia Mora 2024-01-24 10:04

    Pako Sudupek, orain oso presente ez ditudan orrietan, oso argi uzten du bere “Txillardegiren Borroka Abertzalea” liburuan…Argi uzten du Txillardegik berak bere buruaz aitortu zuela jada 60ko hamarkadan, marxista ez, baina sozialdemokrazia baina ezkerrerago kokatzen zuela bere burua.
    Izan ere, eta aipatzen dituzun Txillardegik jaso ditzakeen etiketa askoren harira… etiketa horiek bere jardun-dimentsio ugariei dagozkie, nire ustetan (politika, hizkuntzalaritza, pentsamendua bere zabalean…). Eta, dimentsio politikoari dagokionean, Txillardegi bere marxismoatik kanpo egote horretan, ez du estrukukturalismotik esplikatzen, bazik berak aitortu eta aitortu zuen “sozialismo humanistatik”. Marxismoari dagokionean Txilladegiren dimentsio politikoan behintzat, kontua ez da jokatzen marxismo-estrukturalismo bitarikoan, baizik marxismo-sozialismo humanista-koan.
    Dena den, ea zer esaten diezagukeen Pako Sudupek. Bere liburua zoragarria da eta honen oso zehatz aritzen da…eta agian ni tronpatu naiz.
    Ondo izan eta mila esker

  • Ados zurekin Igor. Txillardegiren “Hizkuntza eta pentsakera” eta Azurmendiren “Hizkuntza, etnia eta marxismoa” eta, beharbada, ez nago oso seguru, Andoni Sagarnaren “Soziologiaren hastapenak” kezka beretik sortu ziren: marxismoari eta klase-borrokari lehentasuna eman eta nazio arazoa, hizkuntzan ardaztua gurean, baztertua geratuko zen beldurrari erantzuna eman nahian.
    Txillardegik “Hizkuntza eta Pentsakera” liburuaren hitzaurrearen amaieran: “Jakintza berrien aldetik egiten dugu, beraz, liburu honetan geure hizkuntzaren defentsa. Eta hau eginez, bai Euskal Herriari eta bai Kultura guztiari gorazarre eta mesede egin nahi diogu.”

    Eta Azurmendik, “Hizkuntza, etnia eta marxismoa” liburuaren hitzaurrean: Euskalzaletasunaren arloa, nazio-arazoa (erabat ez baino Euskal Herria-n daukagun bezala, hots, euskal nazio-arazoa) azterkatzen hastea da liburu honen gaia. Gai zaila ta alde askotatik begira ditekeana. Marxismoaren ikusgunetik bakarrik begiratzen zaio liburu hontan. Baina ikusgune honekintxe ere ikuskera ezberdin asko sortu da azken urteotan gure artean eta ezberdintasun horretxen barruan sortzen da liburu hau […] Horregatik, hasieratik azkeneraino politika-arazoez jardun arren liburu hau ez dela zentzun hertsian politikua irudituko zaio arrazoinez irakurleari. Eta ez du halakorik izan nahi ere. Ezen-eta politika, zentzun hertsian, beti bait da joera batekin ezezik programa batekin ere determinatutakoa. Liburu hau, berriz, ez dago joera determinaturik
    gabe. Hots, konprometitua da. Baina programarik gabekoa bait da, ez
    da politikazki konfesionala. Hobeki esan, ba dauka bere programa
    nasaia ere : nazio-arazoak, Euskal Herria-n, nazioaren restaurazioa eskatzen diola sozialismoari iruditzen zaigu. Rebantxismoa ? Ez. Gizartearen restauraziorako Proletargoaren Diktadurazko epe edo aldirik onhartzen duenak erraz asma dezake nazio-restauraziorako zenbait neurriren premia ere. Euskal Herria-ren alienazio egoerari datxeko hori (Vietnam-en ez da, noski, bestela).”
    Funtsean, Txillardegirentzat eta Azurmendirentzat gurean arazo sozialak ezin du arazo nazionala bigarren mailara jaurti. Horrek ez du esan nahi Txillardegik estrukturalismoa eta Saussure oso aintzat ez zituenik, baina batez ere bi (edo hiru) liburu horiek idazteko bulkada arazo nazional-linguistikoa errebindikatzea izan zela, marxismoak sekulako tira eta erakarmena zeuzkan garaian (1965-…)
    Eskerrik asko nire liburuaren propagandagatik.

  • Arraioa, egia da, izenburua horrela jarrita eman lezake adierazi nahi dudala Txillardegi bera izan zela ideia politikoetan marxismotik estrukturalismora igaro zena, baina soilik esan nahi nuen Frantzian pentsalari asko pasa zirela marxismotik estrukturalismora, marxisten eta estrukturalisten artean sekulako ika-mikak izan zirela, eta horren oihartzuna gurean ere entzun zela. Mila esker, Igor eta Pako, akats hori ikusten laguntzeagatik.

    Noski, izan dira eta badira alderdi politiko marxistak, baina inoiz ez da alderdi politiko estrukturalistarik izan. Baten batek esan zuen estrukturalismoa berez ez dela filosofia bat, are gutxiago politika bat, baizik eta metodo bat. Auskalo. Garbi dagoena da politikan ezin direla zaku berean sartu Lévi-Strauss, Althusser eta Foucault estrukturalistak.

    Edonola ere, Lévi-Strauss izan zen Txillardegirengan eraginik sakonena izan zuen estrukturalista, eta mami politiko nabarmena duten haren ideia batzuek, hala nola Jokin Apalategik euskaratu zigun “Arraza eta kondaira” liburukoek. Erruz erabili zituen Txillardegik, bai “Hizkuntza eta pentsakera”n eta bai gerora ere. Zuzenean jotzen zuten ideia horiek historiari eta progresoari buruz marxistek zuten ikuspuntuaren kontra. Ederki sumatu zuen Txillardegik Lévi-Straussen pentsamenduaren oinarria Euskal Herria eta euskara biziberritzeko erabil zitekeela.

  • Zuzeukoa ezin dut aldatu, eta ez diet arduradunei aldatzeko eskatuko, zeren izenburu berriarekin ulergaitzak bailirateke zuen erantzunak.

    Eibar.org-ekoan bai, izenburua zuzendu dut: “Frantzian, marxismotik estrukturalismora; hemen, seminariotik marxismora”.

    Mila esker ostera ere.

  • Hau da, Markos, argi geratu zaigu Txillardei ez zela ieologikoki marxismotik estrukturulalismora pasa (hain zuzen ere, estrukturalismoa ez zelako hautu politiko bat).
    Baina oraindik anbiguo geratzen da ea Txillardegi inoiz marxista izan zen, edota, ulertarazi zenezakeena (isildu izanagatik) ea Txillaerdegi marxismotik ez zen inoiz inora aldatu…
    Zer inoiz ez bazen marxista izan? Zer pintatzen du hortaz Txillardegik artikulu honetan?

  • Amaiarru, Txillardegiren hizkuntzaren filosofia ulertu nahi nuke, eta marxisten aurkako polemiketan adierazi zuen, batez ere “Hizkuntza eta pentsakera” liburuan. Txillardegik inoiz ez zuen bere burua marxistatzat hartu, bai aitzitik antimarxistatzat maiz. Sobiet Batasunaren eta marxismo-leninismo ortodoxoaren aurkako kritiketan, bat zetorren Bertrand Russell, Edgar Morin eta gisakoekin.

    Hala ere, polemikek ez zuten itsutu, eta beti izan zen gai Marxen alde jenialak ere ikusteko. Era berean, Gilles Deleuze, marxista ez izan arren, hil zenean “Marxen handitasuna” izeneko testu batean ari zen lanean.

    “Marxismotik estrukturalismora” hori lan zabalago baten atala da. Eibar.org blog-komunitatean atal gehiago atera dira. Horien artean, marxisten aldetik Txillardegiri eman zitzaion erantzunik sendoenaren berri jasotzen dutenak. Ernaikoen eta GKSkoen arteko eztabaidak bestela ulertzen lagundu didate.

  • Beno…zenbat antimarxista den antimarxista da antimarxista hain justu Marxen handitasunari ikusten dioten arriskuagatik. Argia izan zen arrisku hori ikusten Txillardegi. Oso tipo potente , gehiegi orduko ENAMentzat. Hortik sekulan bere lekua aurkitu ez izana. Orain Ezker Abertzaletik hil ta gero saldabero!!

  • Oso interesgarria eta argigarria eztabaida hau.

    Dena den, Txillardegik dakidala ez dio inolako ondare zuzenik aitortzen Marxi. Bera gehienbat marxismoa polemika eta bere kontrako polemika bezala bizitu zuen, gogoratu Hitza HItzen nola zioen bera marxista ez zelako nolatan arbuiatzen zuten marxistek!

    Gilles Deleuzek bere burua marxistatzat aitortzen zuen, beraz ez da Marx gero balioztatzen duen ez-marxista bat, baizik eta (Derrida bezala) Marx berriz kanonean jarri nahi duen marxista bat.

  • Gontxal, nik ere uste nuen zeuk esan bezalakoa zela Txillardegiren eta marxisten arteko harremana. Baina gero Hitza hitz irakurrita ikusi nuen Txillardegik materialismo historikoaren ideia nagusiak onartzen dituela, eta aldarrikatzen duela historiak frogatu duela klaseei buruzko Marxen ideiak egiazkoak direla (118. or.)

    Eta hauxe erantsi zuen Argiari 1987an eman zion elkarrizketan: «marxismoa ezagutu eta lehen inpresioa da gizartea X izpien bidez ikusten duzula». (Euskal Kulturaren Urtekaria, 1987, 39. or.)

    Aldi berean, antimarxistatzat zuen bere burua. Konplikatua da bizitza.

    Deleuzeri dagokionez, nik dakidala sekula ez zen marxista izan. Bere lagun guztien artean, bera izan zen Alderdi Komunistan egon ez zen bakarra. Ez zen batere kolektibista. Hobeki zihoazkion sorginak, Nietzsche, bakardadea, sekretua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude