Martxoaren 3an erailak, “terrorista”
Martxoak 3 elkarteak Carlos Cuesta kazetaria salatu du, Gasteizen orain ia-ia 40 urte erail zituzten bost langileak “terroristatzat” hartu baititu 13 TV telebista katean.
Erailketak gertatu zireneko 39. urtemugan egin zituen adierazpenok Carlos Cuestak “El Cascabel” eztabaida saioan –lehen Intereconomia katean botatzen zena-.
1976an, Gasteizko Zaramaga auzoan, San Frantzisko elizan asanbladan zirela hil zituen bost langileak poliziak, eraso bortitza eginda. Carlos Cuestarentzat baina, “jendea hiltzeko asmotan ziren terroristak” ziren erailak, “jendaila”. Gertakari larritik lau hamarkada luze igaro diren arren, eta sinesgaitza bada ere, afera ez da oraindik epaitegietan argitu.
Martxoak 3 elkartearen ustez, “egindako adierazpenak larriak dira; iraingarriak eta erdeinuzkoak hil zituzten langileen ohorearentzat. Ezin dira onartu”.
Gauzak horrela, Fiskaltzari zein EAE-n Espainiako Gobernuaren delegatu den Carlos Urquijori neurriak hartu ditzatela eskatu die, elkarteak bere aldetik epaitegietara jo baino lehen. Gaur, ostiralak 6, egin du salaketa Martxoak 3 elkarteak.
13 TV telebistaren jabetza Elizarena da -Espainiako Apezpiku-Konferentziak akzioen %51 du- ezaguna ultraeskuinaren ahotsa izan ohi delako; aurpegi ezagunenetakoa da bertan Carlos Cuesta muturrekoa.
Behin sare sozialetan haserre eta amorrua eragin zuten adierazpenok eginda, El Mundo egunkariko erredaktore burua den Cuestak atzera egin nahi izan zuen, besteak beste twitter bidez, telebistan esanak hildako langileen aurka baino ETA zaleen aurkakoak zirela esanda; “Errespetu osoa agertu nahi diet martxoaren 3an hildakoei, eta ETAk eraildako guztiei”.