Sautrela 402: Mila Salterain, emakumeak idazle 30 urte ondoren, Lur bat zure minari eta Joseba Sarrionandia

Mila Salterain

Aste honetako saioan idazle berri bat aurkeztuko dizuegu. Idazle berria bai, baina ez ordea, hasiberri bat. Berrogeita hamarrak pasata argitaratu du bere lehen nobela, Erresumaren ilunsentia. Nobela historikoa dugu, XII. mendeko Durangaldean kokatua, Bizkaiak Nafarroako Erresuma utzi eta Gaztelako Erresumara joan zenekoa. Ikerketa historiko batean du iturburu nobelak, eta Salterainen lana izan da testuinguru eta giro historiko horiek pertsonaia eta gertakizunetan bilbatzea. Nobela korala da, pertsonaia ugariz hornitua, batzuk historikoak beste batzuk fikziozkoak.

Ia hogeita hamar urte igaro dira Laura Mintegik eta Nerea Azurmendik emakumeek egindako literatura eta emakume-literatura aztertzen zuten artikulu bana argitaratu zutenetik. Urte horien guztien ostean, baina, zertan aldatu da egoera? Ba al da emakume-literaturarik? Zein da emakumezko idazleen egoera gurean? Aurrera egin du hamarkada hauetan? Zer dago hobetzeko? Horretaz guztiaz ariko zaizkigu Mintegi eta Azurmendi aste honetako erreportajean; iraganekoari buruz bezain gaur egungoari buruz.

Beñat Sarasolak poema liburu bat berreskuratuko digu saioaren bukaeran. Jose Luis Otamendi dugu egungo poeta estimatuenetako bat eta haren obra nagusienetako bat ekarriko digu: Lur bat zure minari. 1996ean argitaratua, Otamendiren ibilbidean mugarritzat jotzen den liburua dugu.

Azkenik, Joseba Sarrionandiak hizkuntzaren gaiari helduko dio iurretarrari eginiko elkarrizketa zatian. Nola ikusten ote du euskararen egungo egoera? Bere euskarak ba ote du uherrik hainbeste denboran Euskal Herritik kanpora bizi ondoren? Zer iritzi ote du euskara batuaren eta euskalkien arteko dialektikaren inguruan?

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Jose Luis Otamendi, joseba sarrionandia, Laura Mintegi, lur bat zure minari, mila salterain, nerea azurmendi, Sautrela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude