Martxoaren 12ko EAEko zerbitzu publikoetako greba erregistratu dugu

Martxoaren 12ko EAEko zerbitzu publikoetako greba erregistratu dugu –

Greba iragarri eta bi astera, Eusko Jaurlaritza, EUDEL, Foru Aldundiak eta Estatuko Gobernuko ordezkaria ez dira sindikatuekin harremanetan jarri. Gainera, sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzan; Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gasteizen, Santiago ospitalean.

Bilboko Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean, martxoaren 12ko zerbitzu publikoetako greba erregistratu dugu LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok, EAEko sektore publikoan % 80ko ordezkaritza dugunok.

Greba erregistratzeaz gain, sindikatuon ordezkariek elkarretaratzea egin dute han bertan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean.Ordu berean, elkarretaratzeak ere egin ditugu Donostiako Gipuzkoako Foru Aldundiako Jauregian, eta Gasteizko Santiagoko Ospitalean.

Bertan, salatu dugu Eusko Jaurlaritza, EUDEL, Foru Aldundiak eta Estatuko gobernu ordezkaritzak ez direla sindikatuekin harremanetan jarri zerbitzu publikoetako greba egin eta bi hilabetera eta hirugarren greba eguna iragarri ostean. Nahiz eta erakunde horiek izan grebara deitutako langile publikoen lan baldintzen arduradunak.

Erakundeek ez dute borondaterik erakutsi zerbitzu publikoak eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egiteko. Hori guztia diru bilketetan errekorra lortu eta aurrekontuetan superabita dutenean, eta langileen behin-behinekotasunak langa historikoa gainditu (%44) eta erosteko ahalmenaren galera % 8 baino handiagoa izan denean bi urteotan.

Egoera hori aldatzeko eta grebaren prestaketarekin jarraitzeko, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok dei egiten diegu EAEko sektore publikoko langileei martxoaren 5ean lantokietan “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” lelopean elkarretaratzeak egitera. Horrela, langilek grebarekin bat egin, eta erakundeei eskatuko diete zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde egin dezatela. Zehazki, honako eskaerekin:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, Madrilen inposiziorik eta betorik gabe.
  • %10eko soldata igoera, eta aurreko zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioari atea itxi eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasun plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskalduntzea
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude