Martxan da zientzia eta teknologiaren XI. Elhuyar Olinpiada

Elhuyar Fundazioak Euskal Herri osoko DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta antolatzen duen zientzia eta teknologiaren olinpiadak XI. ekitaldia du aurtengoa, eta dagoeneko izena emateko epea irekita dago.

Danel Solabarrietak, Elhuyar Olinpiadaren arduradunak, lehiaketak zer helburu dituen azaldu du: zientzia- eta teknologia-gaiak era atseginean lantzea; teknologia berrietan trebatzea; gazteak zientzia-gaietan sortzaile bihurtzea; eta beste ikastetxeetako gazteekin batera aritzea eta elkarrengandik ikastea. “Esperientziak erakutsi digu Olinpiada hau irakasleentzako tresna on bat izateaz gainera lehiaketa honen bidez ikasleak motibatu egiten direla, eta zientzia-gaiak taldean lantzeko, eta IKTetan eta komunikazio-gaitasunetan trebatzeko oso lagungarritzat jo dute orain arteko parte-hartzaileek”.

Elhuyar Olinpiadan parte hartzeko epea jada irekita dago. Parte-hartzaileek http://olinpiada.elhuyar.org webgunean eman beharko dute izena, eta ikasturtean zehar proposatzen diren probei ere bertan erantzun. Aurtengo ikasturtean zehar, parte hartzen duten ikasgelek lau proba gainditu beharko dituzte, eta gaiak honakoak izango dira: fisika eta zientziaren historia; energia eta jasangarritasuna; teknologia, ingurumena eta komunikazioa.

Sariei dagokienez, Olinpiadaren amaieran puntu gehien lortu dituzten lehenengo hiru ikasgelek lortuko dituzte sariak. Aterpetxeetan gaua pasatzea eta hainbat kirol ekintza burutzea! Horrez gain, proba bakoitzaren irabazleek ere izango dituzte sariak, eta azkenik, parte-hartzaile guztien artean sari ezberdinak zozketatuko dira.

Elhuyar Olinpiadaren babesle eta laguntzaileak
Elhuyar Olinpiada
Elhuyar Olinpiadaren babeslea Gipuzkoako Foru Aldundia da. Sari nagusietako laguntzaileak hauek dira: Senda Viva, Sobron Abentura parkea eta Aizpurua Autobusak.
Hileroko proben laguntzaileak honako hauek dira: Donostiako Aquarium, Berria, Kukuxumusu, Eureka! Zientzia museoa, Elkar, Skunkfunk, Gaztezulo, Karpin Abentura, Mendukiloko Kobak, Iruñeko Rocópolis eta Iruñeko Planetariuma.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.