Zinemaldiko lehen eguna: hasiera borobila

Bat eta bakarra izaten da Donostiako Zinemaldiari hasiera ematen dion filma. Nicholas Jareckiren Arbitrage opera prima izan da Zinemaldiko arduradunek aurten aukeratutako pelikula. Zuzendari estatubatuarraren lehenengo fikziozko film luzeak Richard Gere eta Susan Sarandon izarrak, eta hauen atzetik dabiltzan milaka zale ekarri dituzte Donostiara. Ostirala izanik eta eguraldia lagun, jende asko batu da alfonbra gorriaren inguruan. Jose Coronado, Cayetana Guillén-Cuervo eta Barbara Goenagak aurkeztu duten irekiera ekitaldian 60 zenbakia izan da protagonista.
Eguneko beste hizpideetako bat Michael Hanekeren Amour filmaren aurre-estreinaldia izan da. Cannes-eko urrezko palma eta FIPRESCI sariak irabazi dituen filmak zur eta lur utzi ditu Antzoki Zaharrera zein beste aretoetara hurbildu direnak. Jean-Louis Trintigant eta Emmanuelle Riva aktoreek Printzipaleko pantaila handia txiki utzi dute. Nahiz eta pelikularen gaia gogorra izan, Ramon Agirre donostiarraren agerraldiekin irribarrea piztu zaie bati baino gehiagori, ezaguna zutelako edo euskalduna zelako, batek jakin.
Benh Zeitlin zuzendari amerikarraren Beats of the Southern Wild filmeko, Quvenzhané Wallis-ek interpretatzen duen Hushpuppy txikia ere ez da berehalakoan ahazteko moduko pertsonaia. Mississippy ibaiaren meandroek osatzen duten gune zingiratsu batean, mundutik bereizita bizi den komunitate baten istorio bitxi baina interesgarria.
Pablo Berger zinemagilearen Blancanieves film mutua hizpide izango da gaur eta bihar. Grimm anaien Edurnezuri ipuinaren egokitzapen askea da bilbotarrak proposatu duena. Maribel Verdú, Daniel Giménez Cacho, Macarena García, Pere Poce zein Ramón Barea aktoreek hezurmamitzen dituzte istoria fantastiko honetako pertsonaiak. Apustu handia bai, baina beldur naiz erantzuna ez ote den txikia izango. Teknikoki plano zaindu eta argiztapen egokia izan arren, istorioa nahiko sinplea izan da eta aukeran barre erraza bilatzen duten gag gehiegitxo.
José Luis Rebordinos eta bere lantaldeak memorian luzaz gordeko den edizioa izatea nahi dutela nabari da. Iaz Donostia Sari bakarra egon bazen, aurten bost sari emango baitituzte. 60. urteurreneko Donostia Sari bereziak: Dustin Hoffman eta Oliver Stnone aktore eta zuzendariari eta John Travolta, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei.

Hiru, bi, bat… ekin!

Izan ala ez izan Ander Barinaga-Rementeriaren sinaduratik hartua.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.