Martxan da Elhuyar Fundazioaren Teknoskopioa, Euskal Herriko proiektu-lehiaketa
Urtero legez, Elhuyar Fundazioak Teknoskopioa lehiaketa abiarazi du. 14-18 urteko gazteentzako lehiaketa bat da, eta parte-hartzaileek bi modalitatetan har dezakete parte: Ikerketa-proiektuan edo Proiektu teknologikoan. Ikerketa-proiektua modalitatean, aukeratutako arazoari konponbidea emateko ikerketa-lan bat garatu behar dute gazteek; Proiektu teknologikoa modalitatean, berriz, aukeratutako arazoari konponbidea emateko produktu teknologiko bat diseinatu behar dute. Teknoskopioa lehiaketan izena emateko epea azaroaren 5ean hasiko da. Izen-emateak http://teknoskopioa.elhuyar.org webgunean egin behar dira.
Proiektu-azoka
Parte-hartzaile guztiek stand bana izango dute bisitariei beren proiektuaren berri emateko. Horrez gain, finalistek beren lana defendatuko dute, saria lortzea baitute helburu.
Sariei dagokienez, modalitate bakoitzeko proiektu onena egiten duten taldeetako kideek tableta bana eta Tecnalia korporazioko zentro bateko egonaldia irabaziko dute, eta benetako ikertzaileekin lan egiteko aukera izango dute. Bestalde, proiektuen komunikazio onena ere sarituko da, eta modalitate bakoitzeko irabazleek tableta bana eta Elhuyarren produktu-sorta bat eskuratuko dituzte.
DBHko 2. zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ziklo ertaineko eta goi-zikloko ikasleek har dezakete parte Teknoskopioan, bi eta lau lagunen arteko taldetan antolatuta. Teknoskopioaren helburua da gazteak ikerketan eta ikertzaileen jardueran murgiltzea, eta ikerketa edo proiektu teknologiko bat antolaraztea. Beraz, proiektu baten prozesu osoan hartuko dute parte gazteek: ideia sortu, proiektua garatu eta proiektuak jendaurrean aurkeztu.
Teknoskopioaren webgunean daude lehiaketari buruzko oinarriak eta aurreko urteetako lanak. Izen-ematea ere bertan egin behar da.