Desjabetzea

 

Ama negar zotinka dagoen bitartean, aitak arrenka eskatzen ditu egun gutxi batzuk bankuak utzi zion dirua bueltatzeko. Umeak lurrean eserita daude, gurasoak itxaroten. Gurasoek, umeek ezer ulertzen ez dutela pentsatuz, aurpegi ona jarri eta dena ondo doala errepikatzen diete behin eta berriro, ez dezatela beldurrik izan. Baina nola da posible beldurturik ez egotea munstro batzuk aurrean izanda? Bai, munstroak, bihotzik ezta arimarik ez dutelako horiek. Leporaino armaturik daude, aurpegia estalita, eta daramaten plaka aitzaki, basakeriak egiteko baimena dutela dirudi.

Oroitzapenak besterik ez zaizkie geratzen familia hari. Zenbat alditan agurtu zituzten auzokoek, zenbat biderrez egon ziren beraiekin arratsalde pasa udako egun beroetan. Joan ziren garaiak gogoan, dena errazago eta politago zenean. Kalea barre eta algaren topalekua zenean eta ez anti-depresiboekin lehortutako malkoena. Faltan botatzen dute umeek txokoetan berandura arte jolasten zuten garaiak, etxera belaunak zaurituta baina pozik bueltatzen zirenean. Ezezagunek euren artean hitz egiten zutenean, jendeak izaera eta printzipioak zituenean. Baina laster errealitatera bueltatu behar dira, errealitate gordinera: jendeak ez du hitzik egiten, berarengan bakarrik pentsatzen baitu, beldurra gidari, duen lanpostu madarikatua beste egun batez mantentzeaz bakarrik arduratuz. Tamalez, beste desjabetze bat aurrera eramaten den aldi berean, kaleek isiltasuna bahitzen dute espaloi eta erakusleihoen artean, pixkanaka-pixkanaka, auzokoak elkartzen zituzten loturak askatuz.

Izan ere, gutxi batzuk bakarrik diraute hortxe, familiarekin, poliziari garrasika, isunetara eta erasoetara aurre eginez. Auzoko guztietatik gutxi batzuek bakarrik eman dute aurpegia, egoera larri berdinean ikusten baitira murgilduta. Baina pertsona talde bat ere izan da han, eztarrian korapilo bat dutelako, eraisten ari den mundu honen aurka oihukatzen dutelako, pasibitatearen aurka borrokatzen dutelako. Azkenik desjabetzea bertan behera gelditzea lortu dute guztien artean. Elkartasunaren eta enpatiaren garrantziaz konturatu dira, eta jada ezer ez da berdina izango.

Leire Regadas

Kazetaria. Mugimendu sozialak eta gatazkak.

2 pentsamendu “Desjabetzea”-ri buruz

  • TEN MARITXU 2012-10-17 18:27

    Arratsalde on, Leire:
    Lehenik eta behin, zoriondu nahi dizut zure blogarengatik. Gaia, oso interesgarria iruditu zait, gaur egungo egoerak deskribatzen dituzulako.
    Nire ustez, zuk aipatzen duzun egoera, nahiz eta gezurretazkoa izan, edozeini gertatu ahal zaio. Tamalez, gero eta jende gehiago gelditzen ari da langabezian eta ondokoak ez direla ohartzen edo, agian, ez dute ohartu nahi. Horrelako pertsonen artean denetatik egongo da; Hau da, besteen arazoak ez zaizkienak azolatzen, egoera berean daudenak edo laguntzeko ausartzen ez direnak beldurrarengatik.
    Egia esan, ulertu ditzakegu aukera guztiak. Hala ere, gure ondokoari hori gertatzea ikusten dugunean, agian pentsatu behar dugu, guri hurrengo egunean gertatuko zaigula. Beraz, enpatia eta elkartasuna landu behar dugu gure ondokoekin. Gutxienez, behar baldin badugurako…

  • Leire Regadas

    Bizi garen gizartea geroz eta indibidualistagoa da eta horrela ez goaz inora. “Non daude baloreak?” sarreran ere enpatiaren garrantziaz mintzo naiz, pertsonen arteko erlazioetan ezinbestekoa dela uste dudalako, batez ere, bizi garen garaietan.
    Eskerrik asko zuri bloga irakurtzeagatik eta komentatzearren, eskertzen da, benetan.