Maroto ez da arrazista
Arrazistak ez direla diotenak arrazistak zirela uste nuen. Excusatio non petita, accusatio manifesta. Alua ni. Oso erratuta nenbilen. Ikus bestela Javier Maroto Gasteizko alkatea. Lokutorioak dantzan jarri ditu, etorkinei diru-laguntzekin zapata garestiak erostea egotzi die, eta meskiten aurkako kanpaina sustatu du. Arrazista dela frogatzeko argudio gehiago beharrezkoak dira? Maroto oso listoa da, marketinean iaioa, eta horregatik ez du eskatu gabeko aitzakiarik ematen.
Gaur heldu da gizon beltz-beltz bat Gasteizera, kirol poltsa aldean duela, lana aurkitu baitu hirian. Ez zuen beharrik aurkitzen bere jaioterrian eta. Ez daki espainolez, are gutxiago euskaraz. Panorama iluna berea… ez balitz NBAko super izar bat izan. Lamar Odom du izena, eta Gasteizko alkateak harrera beroa egin dio hiriaren bihotzean. Marotok ez du aukera alferrik galdu, eta Gasteiz Gastronomiaren eta Berdetasunaren hiriburua dela saltzeko erabili du Odom. Baskoniako jokalari berria diru iturri primerakoa bihur daiteke, hiriarentzat hein batean eta Josean Kerejeta Baskoniako presidentearentzat batik bat. Publizitate ikur bat da Odom, ez baita Gasteizen bizi diren beste Odom batzuk bezalakoa.
Ez da arrazismo kontua, klasismoa da. Beti izan da horrela, eta Marotok berretsi digu gaur. Beltza eta pobrea da baztertzen duguna, moroa eta pobrea, baita zuria eta pobrea ere. Koloreak bost. Odom ez da Ceuta-ko hesian jauzika dabilenetako bat. Odom saskibaloi jokalaria da, eta beste gauza ez-eredugarri asko ere bai. Baina Odom-ek dirua ekarri du kirol poltsaren barruan, eta ez kaltzontzillo bi eta galtzerdi parea. Odom ez da musulmana, baina hala balitz ere ezer gutxi inportako liguke. Orduantxe belaunikatuko litzateke Maroto alfonbrako otoitzan.
Arrazistatzat ditugun gehienak klasistak dira, “etorkinek lana kentzen digute” diotenak. Behe klase berekoak dira maiz arrazista eta haren biktima. Eltze beretik atera behar dituzte babak, eta ez dago bientzako adina. Lamar Odom, aldiz, Armentiako gaztelu hesidun batean biziko da. Akaso noizbait Gasteizko diskoteka batean aurkitzen dituen neska lirain guztiei direnak eta ez direnak esango dizkie. Ez dute Odom kalera botako, bere azalaren kolorea duten askok sartzeko ere komeriak ikusten dituzten bitartean. Beltza da, baina ez beltz-beltza. Maroto, gasteiztarrok, ez da arrazista, aberaskume bat baizik. Eta diruak ez du kolorerik, camarada.
Demagogiaz betea dago goikaldeko iritzi hau. PPtarra izan ez arren, egokia iruditu egin zait Marotok egindakoa Odomekin. Gure hiria mapan jartzeko aukera ezinhobea baita. Ondo izan.