Markel Olanori nekazaritzaz
Markel Olanori nekazaritzaz
Gaur ez dut nirea jarraian duzuen testua, baina nirea egiten dut. Nirea egiten dut txoko hau Baserri XXI eta Biolur Elkarteari eskainiz.
Izan ere, biek bidali zuten hainbat egunkaritara “Markel Olanori” izeneko artikulua eta inongo komunikabiderik ez du argitaratu. Eta hori mingarria izanik, are mingarriagoa da erantzunik jaso ez izana. Inork ez daki argitaratuko duten, zergatik ez duten argitaratu… Isiltasun administratiboa, hemen ere.
Ez naiz ni hasiko horren gaineko hausnarketak egiten. Gaur bozgorailua izan nahi dut, besterik ez.
MARKEL OLANORI
Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Gipuzkoa etorkizunari begira izeneko iritzi artikulu baten bidez, egin zuen legealdiaren bi urteko balorazioa eta aurkeztu zituen Gipuzkoak dituen erronkak. (Berria 2017-5-27)
Artikulua behin baino gehiagotan irakurrita ere ez da nekazaritzarekin loturiko hitzik azaltzen: ez baserria, ez lehen sektorea, ez elikadura, ez baserritarra, ez basoa, ez… Eta sobera bitxia egiten zaigu baserritarroi hutsune nabarmen hori; izan ere, 2016ko urrian hasi zen lantzen lehen sektorearen dinamizazioa Gipuzkoako Foru Aldundia –GFAko Herritarren Partaidetzako Foru Zuzendaritza, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza eta Mendi eta Inguruneko zuzendaritzaren bitartez–.
Dinamizazio-lan horretan, GFAk bidelagun izan zituen ENBA eta EHNE sindikatuak; informazioa izan zuten HAZIk, Landa Garapenerako Elkarteek eta Gestio Zentroek. Basogintzaren azpisektoreak ere bere tokia zuen. Sektorean adierazgarriak diren profil eta diskurtso ezberdinak identifikatu eta horien arabera parte-hartzaileak zeintzuk izango ziren adostu zuten GFAk, ENBAk eta EHNEk. Nabarmentzekoa izan zen Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartearen falta.
Prozesu guzti horren arrastoa izan genuen baserritar askok 2017ko urtarrilaren 27an, GFAk babesten duen Euskadi Irratiko Landaberri saioan. Sorpresa handia izan zen, ez baikenekien bilerarik izan zenik, are gutxiago Gipuzkoako lehen sektoreko diagnosia eta erronkak zehazteko helburuarekin.
Hainbeste lan hartu eta gero, ezustean harrapatu gaitu Olano jaunak nekazaritza arloari aipamenik ez egiteak bere artikuluan; gainera, ezin ahaztu GFAren hitzetan lehen sektorea estrategikoa dela. Hori horrela izanik, Olanok berak egindako erronka nagusien zerrendan hasi gara bila, eta lerro artean bada ere, aurkitu ditugu nekazaritzari aplikatu dakizkiokeen erronkak:
“ (…) Gure enpresen lehiakortasunerako beharrezko diren transformazioak gauzatzea”. Ea bada, hasten diren nekazaritzarako diru-laguntzetan eta politiketan transformazioak egiten, eta kantitateari –abelburu kopuruari, hektarea kopuruari, kilo kopuruari…– erreparatu beharrean, kalitatezko ekoizpenari laguntzen zaion; baita baserrian eta baserritik bizi direnei ere. Edota Zaldibiako eraldatze gunea bi urtez itxita mantendu eta gero, behingoz irekitzen den; horrela, milaka euroko inbertsioa egiteko modurik ez dutenek, aukera izango lukete euren produktuak transformatzeko.
“Gure gizartearen zahartzeari ikuspegi integralarekin erantzutea”. Horixe bera nahiko genuke baserriko jardunarentzat –eta lehen sektorearentzat orokorrean–, baserrietan erreleboa ahalbideratuko lukeen politika osoa, eta ez sektorean dauden gazteei eta gerturatzen direnentzako betiereko hipotekak.
“Gizon eta emakumeen berdintasunean sakontzea”. Halaxe beharko luke, baina sakontzen hasi baino lehen, hurbildu egin beharko genuke berdintasunera; izan ere, arestian aipaturiko dinamizazio prozesu parte-hartzailean 14 gizonek eta 4 emakumek hartu zuten parte.
“Pertsonaren garapen osorako kontziliazio politikak sustatzea, jaiotza tasak handitzea”. Umeak baserrietan haztea beti ez da erraza, eta hiriguneetatik urrun bizitzeak zailtzen du egunerokoa–eskolarako bidaiak, aisialdia…–, kalera bizitzera jaisterainokoa, zenbaitetan. Hori saihesteko, adibidez, urrun dauden baserriak kalearekin lotuko lituzkeen garraio zerbitzuak oso lagungarriak lirateke jendeak erabakitzeko baserrian geratu eta bertan lan egitea.
“Kalitatezko enplegua sortzea”. Bide horretan aurrera egiteak, ezinbestean, suposatzen du lehen sektorearen produktuak prezio duin batean saltzea. Alferrik helduko dira supermerkatuetara gure produktuak, ekoizleok prezioan –besteak beste– ikusten ez badugu gure lana baloraturik. Iragarkietako nekazari hori ez da enpresentzako modelo eta bezeroak erakartzeko amua bakarrik, baizik eta jendartea elikatzeko ardura duenetariko bat.
“Gure hizkuntza bultzatzea, gure identitate eta kultura garatzea”. Nekazariok ez gara folklore,
ezta turistentzako edota jaiegunetarako atrezzoa edota osagarria.
“Hezkuntzan eta formazioan sakontzea”. Izan ere, aspaldian baztertu behar genuen estereotipoak bizirik darrai –nekazariok ezjakinak gara, ez dugu formaziorik, honetan ari gara beste irtenbiderik ez genuelako, beste edozertarako balio ez genuelako…–, eta erakundeen aldetik ez dago apustu koherenterik: diskurtsoak eta diruak ez datoz bat, alegia; hain estrategikoa izateko, lehen sektorean lan egiteko formazioak ez du nahiko babes ekonomiko.
“Talentua sortu eta erakartzea”. Ziur aski erronka honi emango zaio erantzuna orain arteko helburuak betetzen diren heinean. Zaila da edozein esparrutan talentua sortzea eta erakartzea oinarri sendorik gabe.
“Desberdintasun sozialak jaisteko gizarte politikak sustatzea”. Lehen sektorean badago nondik hasi; adibidez, diru-laguntzen politika aldatuz. Izan ere, gaur egun, zenbat eta handiagoa izan, zenbat eta buru gehiago izan, zenbat eta intentsifikatuagoa izan, orduan eta diru-laguntza handiagoak jaso. Eta hainbat kasutan heltzen da diru-laguntzetatik bizitzera, eta ez norberak egindako lanetik.
“Bazterkeria egoerak gutxitzea…”. Orain arte aipatu diren erronkei serioski eta zintzoki heltzen bazaie, berdintasun egoerak helduko zaizkigu, lortuko ditugu.
Olano jauna, nahiko genuke zure artikuluan zeuk diozun bezala “zilegi eta beharrezko diren ikuspegi eta iritzi ezberdinak modu demokratikoan bideratzea eta horretarako beharrezkoa den kultura politiko berrian sakontzea”. Horrek, zalantzarik gabe, eskatzen du nekazal munduan gauden guztion parte-hartzea, agintari politikoen gustuko filosofia ez izan arren –nekazari txikiak, ekologikoak…–. Halaber, ez genuke nahiko politikarien marketing-erako txorimaloak izan, eta zuen probetxurako zuekin batera argazkietan azaldu egun seinalatuetan –sari banaketetan, denboraldi hasieretan, zer edo zeren egunean…–.
Nahiko genuke, ordea, nahiz eta gure produkzioak txikiak edota ekologikoak izan, Gipuzkoako orainean eta etorkizunean parte aktiboa izan, gure lurraldearen elikaduraren ardura dugun neurrian; eta horretarako, hain zuzen ere, ari gara lanean, egunero-egunero gure baserrietan, kameretatik eta fokuetatik urrun.
Pena eta harridura, haserrea oraindik ez da sortu nere baitan.
Baserritar txikikok azalpenen bat merezi dugu gure ahotsaren aurrean gor daudenen aldetik. Izan Olano, izan ahots guztiak hedatzea zeregin beharko luketen hedabideen aldetik.