Marie de Jongh antzerki taldearen lan berria: Ikimilikiliklik
Marie de Jongh antzerki taldearen ikuskizun berria da “Ikimilikiliklik”, Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren datorren igandean, otsailak 2, Donostiako Victoria Eugenia antzokira iritsiko dena.
Haur eta helduentzako, familientzako egokia den antzezlana da “Ikimilikiliklik”, mundu magikoan murgiltzen dena beldurren gaia jorratzeko, Jokin Oregi eta Ana Meabek sortutako obraren bitartez.
Ikuskizunaren lehen protagonista Ekhi da, umetan sorginei sekulako beldurra zien arren urteen joanean sorgin bihurtuko dena. Eta bigarrena, berriz, hitza. Izan ere, orain arte hitzik gabeko antzerkia jorratu izan du Marie de Jongh taldeak -Espainia aldean sari potoloak lortutako konpainia dugu-, keinu eta maskara bidezko antzerki mutua.
Oraingo honetan, istorioak horrela eskatzen duelako, edo hobe esanda, kontatzeko modurik egokiena hitza erabiliz izango zela jakinik, hura baliatzea deliberatu dute. Erronka polita, bada, salda berean hitza, sorgin -keri eta -tasunak sartzea. Hitzaren erabileraz aparte, oholtza gainean benetako gaztetxo-aktoreen presentzia izango da antzezlanaren berritasunetako bat.
Honela dio antzezlanaren sinopsiak:
“Ekhi, umetan, hamaika arrazoigatik beldurtzen zen, baina baziren bi gauza guztien gainetik beldur izugarria eragiten ziotenak: norbait babesgabe dagoela ikusteak eta Sorginek, mendi tontor bateko etxola zaharkitu batean bizi ziren emakume bakarti eta maltzurrek.
Ekhi, maite zuen armiarmatxoa salbatzeagatik, beldur ugari gainditzen joan zen.
Hala kontatzen digu Ekhik berak, urteek aurrera egin ahala “sorgin” bihurtu den emakume
edadetuak”.
Sorgin-istorio bat
sorginik gabe
ausartei buruzko istorioa
ausartik gabe
istorio magikoa
magorik gabe
umeei buruzko istorioa
horren ume ez badira ere
eta nagusiei buruzkoa
nagusiegi izateke
Marie de Jongh taldearen ikuskizun berria Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen urtarrilaren 21 eta 22an, eta Leioan taularatu zen gero, urtarrilaren 26an. Asteburu honetan, Hondarribian izango da bihar, otsailak 1, eta Donostiako Victoria Eugenian antzokian etzi, otsailak 2. Eta ondoren, beste makina bat tokitan:
.
EMANALDIAK
Urtarrilaren 21 eta 22an BILBOko Arriaga antzokian (estreinaldia)
Urtarrilaren 26an LEIOAko Kultur Leioan
.
Otsailaren 1ean HONDARRIBIAko auditorioan
Otsailaren 2an DONOSTIko Victoria Eugenia Antzokian
Otsailaren 8an LASARTEko Manuel Lekuona aretoan
Otsailaren 9an PASAIAko Donibane Kultur Etxean
Otsailaren 15ean HERNANIko Biteri aretoan
Otsailaren 16an SANTURTZIko Serantes aretoan
Otsailaren 29an BERGARAko Seminarixoan
Martxoaren 7an EIBARko Coliseo antzokian
Martxoaren 8an ELORRIOko Arriola antzokian
Martxoaren 13an BERRIZko Kultur Etxean
Martxoaren 14an GALDAKAOko Torrezabal Kultur Etxean
Martxoaren 21ean MUNGIAko Olalde aretoan
Martxoaren 22an GASTEIZko Principal antzokian
Martxoaren 28an ARRASATEko Amaia antzokian
Apirilaren 19an ARRIGORRIAGAko Lonbo aretoan
Apirilaren 25ean ZORNOTZAko Zornotza aretoan
Apirilaren 26an SOPELAko Kurtzio Kultur Etxean
Maiatzaren 3an DURANGOko San Agustin aretoan
Maiatzaren 6 eta 7an BARAKALDO antzokian
Maiatzaren 24an GERNIKAko Lizeo antzokian
Ekainaren 7an ANDOAINgo Bastero aretoan
Irailaren 25ean LEZOko Gezala aretoan
Urriaren 4an BASAURIko Social Antzokia
.
Argazkiak: Pio Ortiz de Pinedo
Marie de Jongh antzerki taldearen lan berria: Ikimilikiliklik