Mariano Izeta omenduko dute, ortziralean, Elizondon

Datorren urriaren 18an Nafarroa Oinez Elizondon eginen dela eta, urteroko hitzordua antolatu du Euskaltzaindiak Nafarroako ikastolen besta hartuko duen herrian, ortzirale honetarako, irailaren 25a. Aurten, gainera, ikastolaren bultzatzaile nagusienetakoa eta Ohorezko Euskaltzaina izan zen Mariano Izeta omentzeko baliatuko dute ortziraleko ekitaldia, jaio zeneko mendeurrenean.

Goizeko 10:00etan Baztango Udalak harrera eginen dio Euskaltzaindiari Balleko Etxean. Bertan eginen du ohiko batzarra Euskaltzaindiak, eta ondotik, ikastolaren egoitzak bisitatuko dituzte. Arratsaldeko programa, berriz, herritar guztiei zabalik egonen da. Arratsaldeko 16:30ean, Elena Zabaleta, Baztan Ikastolako lehendakariak agurra eginen du Arizkunenea kultur etxean. Paskual Rekalde euskaltzain urgazle baztandarrak, argitaratu berri den Mariano Izetaren Dirua Galgarri liburuaz solasaldia emanen du, eta ikastolako ikasleek Izetaren testuekin prestaturiko kontakizuna aurkeztuko dute. Ikasleen kantu batekin eta Andres Urrutia Euskaltzainburuaren hitzekin bukatuko da ekitaldia.

 

Mariano Izeta omenduko dute, ortziralean, ElizondonBaina nor izan zen Mariano Izeta?

Uztailaren 14ean bete ziren 100 urte Elizondoko Mutilenian jaio zela. Baztango kultura eta euskararen bultzatzaile eta ekintzaile nagusienetakoa izan zen, Errepublika garaian hasi, eta baita Frankismoaren ondorengo urteetan ere. Aitaren erloju-dendan aritu zen lanean, 14 urteetan hasi eta hil arte. Euskararentzat aparteko arnasgunea izan zen hori XX. mendeko urte anitzetan.

Errepublika garaian Baztango lehenbiziko ikastola sortzen lagundu zuen, baina denbora ttikian iraun zuen ikastola hark. 70eko hamarkadan Baztanen euskara biziberritzeko lanetan burubelarri aritu zen Izeta. Ikastolaren sorreran eragile, eskolako haur erdaldunei euskarazko klaseak eman zizkien, borondatez, beharra sumatu zuelako. Eta gauza bera egin zuen Gau Eskolarekin ere. 1974 eta 1977 artean, irakasle lanetan aritu zen, helduak euskalduntzeko ahaleginean.

 

Idazle eta kazetari

1957an hasi zen idazten Izeta, Lekarozen zegoen Etxarri Aranatzko Aurelio Ezkerra kaputxinoak bultzatuta. Garai hartan, Arantzazu aldizkaria argitaratu zen, eta bertan ekin zion artikuluak idazteari. Eta Arantzazun idaztearekin batera hasi zen idazten Nafar Izkuntzan, Herrian… Gerora etorriko ziren bere ohiko kolaborazioak Zeruko Argian, Euskaldunon Egunkarian, Ttipi-ttapan, Diario de Navarran, Navarra Hoyn, Diario de Noticiasen eta Xorroxin eta Irulegi irratietan, Baztango kontuez eta Baztango euskaran.

Literaturan Dirua Galgarri (1962) liburuarekin estreinatu zen, euskal nobela beltzaren hastapeneko lantzat hartu izan dena. Gero etorri ziren Nigarrez sortu nintzan; Baztango hiztegi ttipia (1985); Baztango hiztegia (1996), eta Baztango kontuak (1999).

 

Bertsogintzan eragile

Mariano Izeta eta Baztan banaezinak diren bezala, ezin uler daiteke Nafarroako bertsolaritza Mariano Izetarik gabe. Nafarroan bertsolaritza berpizteko hark egindako lanak ez du parekorik. Espainiako Gerra aitzinean, jadanik, aritu zen bertsolaritza han-hemen hedatzen. 1936an Nafarroako lehen Bertsolari Txapelketa antolatzen aritu zen. Gerra ondorenean, 1960an, berriz ere heldu zion Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzeari, Pedro Diez de Ultzurrun laguntzaile zuela. 1962an lehenbiziko aldiz gai-jatzaile lanetan aritu zen, San Anton egunez, Elizondoko plazan. Bertze 40 bat saio egingo zituen Elizondon, zein Elizondotik kanpo ere, zeregin horretan. Ederki ikasi zuen zentsurari eskin egiten, eta “Besta hau Nafarroako Diputazioneko Principe de Viana erakundeko laguntzarekin egiten da” leloa idazten zuen, zentsurak jarraipenik ez egiteko.

Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketetan epaile lanetan aritu zen, tartean 1967an, Xalbador txistuka hartu zuten final hartan. 1980an Nafarroako Txapelketa berreskuratu zenetik, eta 1986ra arte, urtero aritu zen epaile lanetan.

 

Gizon konprometitua

Herri mugimenduekin zein udaleko jardunekin estuki loturik aritu zen, alor anitzetan aritu ere. Hemezortzi urteak bete bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen. 1957 eta 1958 urteen artean Elizondoko Alkate juradoa izan zen, eta diktadura bukatu ondotik, lehenbiziko hauteskundeetan, EAJko kultura zinegotzi izan zen Baztango Udalean. 1982an Madrilgo Gorteetarako EAJren zerrendan joan zen, baina harekin eman zion akabera ibilbide politikoari, gerora EAJ barrenean izandako hausturek min handia eragin baitzioten.

Baztango ikastolaren sorreran; txirrindularitza proben eta pilota partiden antolaketan; Baztango mutildantzetan 50 urtez aitzindari lanetan; edota Elizondoko abesbatzan kantuan aritu zen, herri eta lur honi, zein bertako hizkuntza eta kulturari zion atxikimendu eta maitasunaren adierazgarri.

.

Mariano Izetaren biografia argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Bidegileak bilduman. Hemen eskuragarri.

Mariano Izeta omenduko dute, ortziralean, Elizondon

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.