Manifestazioa bai, baina…

Manifestazioa bai, baina…

“Manifestazio batek ez du ezertarako balio”. Esaldi atzerakoi eta inmobilista hau maiz errepikatzen da tabernazuloko sasi-jakintsuen artean, eta berdin erabiltzen dute grebak gutxiesteko ere. Aldarrikapenetarako zuloa baino kalea nahiago dugunok, oro har, ez dugu bat egiten halako adierazpenekin, baina haserrea puzten ari den heinean, gero eta gehiago dira manifestazio tradizionala baino zerbait gehiago egitearen aldekoak, dela desobedientzia zibila, dela imaginazioa edo dela -zilegitasunik falta ez duen- “indarkeria” erabiliz. Hala gertatu zen martxoaren 3an Troika Bilbora etorri zenean ere.  Probokazioari erantzunez, banku eta enpresari handien kontrako haserrea egoitza eta dendetako erakuslehioen aurka jaurti zuen askok, eta milaka izan ginen Bilboko kaleak hartu genituenak.

Manifestazioa bai, baina…

Hurrengo goizean, martxoaren 4an, Guggenheimetik kilometro gutxi batzuetara,  Maite ete bere alabaren etxegabetzea geldiaraztea lortu zuten Kaleratzeak Stop eta Langabetuen Asanbladako kideek. Handik bi egunera, martxoaren 6an, elkarretaratzea egin zuten Sarrikon, etxegabetu behar zutenean bere buruaz beste egin zuen gizonaren heriotzaren urteurrenean, omenaldia eskaini eta hori egitera eraman zutenak salatuz. Jakin nahi nuke martxoaren 3an bankuen eta Troikaren kontra oldartu ginen horietatik, zenbat izan ote ginen bertan.

Martxoaren 6an bertan ezagutu nuen Karmele, elkarrizketa egin nionean. Langabezian dago eta adin txikiko hiru seme-alaba baditu ere, etxetik botako duten beldur da, jasotzen zuen laguntza murriztu diotenetik ezin baitu Kutxabankek eskatzen diona ordaindu. Bere hitzetan: “Ezinbestekoa da besteen babesa sentitzea, oso gogorra baita psikologikoki zure etxea galtzeko beldurrarekin bizi beharra. Baina oraindik jende gutxiegi mugitzen da. Herritarrok bankuei aurre egin behar diegu, gaur ni nagoen bezala, bihar beste edonor egon baitaiteke etxebizitza galtzeko arriskuan”.

Manifestazioa bai, baina…

Manifestazioak baliagarri, eta are ezinbesteko dira, bai. Haserrea adieraztea zilegi da, bai. Baina gutxi dira egoera ekonomiko larrian dagoen familia batek bere etxea manten dezan, unean-uneko bankuaren nahien kontra egindakoa bezain borroka ezinbesteko, baliagarri eta zilegiak. Ea, neronek ere,  hitzon pixua gain hartu eta ekintzekin bide bera jarraitzen dudan, kontraesanean erori gabe.

NIRE KONTRA ESANAK