Sautrela 376. saioaren aurrerapena (Pello Salaburu)

Pello SalaburuAste honetako erreportajean euskal literaturaren itzulpenetan ipiniko dugu arreta; alegia, sortzez euskaraz idazten diren liburuen itzulpenetan. Azken hamarkadetan euskal literatura mundura zabaltzeko ahalegina egin izan da, baina benetan, zenbateko arrakasta izan du horrek? Irakurtzen al dira liburu itzuli horiek Euskal Herritik kanpo? Ze hizkuntzetara itzultzen dira gehien? Ze arazo topatzen ditu euskarazko liburu bat kanpoan hedatu nahi duenak? Horretaz gain, itzulia izango zarela jakiteak idazlearen sormen prozesuan eragiten ote duen galdegin diegu geure buruei. Berdin idazten ote da euskal irakurlea buruan edukita edo Euskal Herritik kanpoko irakurlea kontuan hartuta?

Elkarrizketan Pello Salaburu izango dugu gurekin. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia, euskaltzain eta filologo ezaguna, bere lanik literarioena aurkeztuko digu: Errateko nituenak. Cuzcoko kronika. Cuzcora egin bidaia bat aitzakia hartuta hainbat konturen inguruan mintzatzen zaigu Salaburu: oroitzapenak, hausnarketak, kritika zoliak, fikzio kutsuko pasarteak… Zer pentsatua ematen duen liburua, ezbairik gabe, baina baita zer gozatua ere. Izan ere, Salabururen jaioterriko hizkeraz onduak dira liburuko lerroak. Elizondo aldeko mintzairaren bizitasuna ekartzen digu lerro artera, eta plazerez irakurriko ditu horiek guztiak irakurle esker onekoak. Baserria eta hiria, Euskaltzaindia, borroka armatua… horietaz eta beste zenbait konturi buruz solastuko da, bada, Salaburu.

Saioaren azkeneko zatian Beñat Sarasolak Andoni Egañaren nobela bakarra gogoraraziko digu: Pausoa noiz luzatu. Nobela bakarra izan arren aski baloratua izan zen argitaratu zelarik 90. hamarkadaren hondarrean. Bi planotan idatzitako nobela, Espainiako II. Errepublika aurreko istorio bat eta Frankismopeko beste bat gurutzatzen ditu maisutasunez Egañak, idazkera ezin dotore eta finagoarekin.

Hori guztia izango dugu, beraz, gaur 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.