Mañeruko udalaren zurikeriak
Aurreko ostiralean Mañerun izan nintzen nire adiskide Iker Tubiarekin batera, Sortzen Ikasbatuaz eskola publiko euskaldunaren aldeko elkartearentzat komunikazio lanean. Zuzeun bertan argitaratu nuen bertan grabatutako bideo ordu luzeen zatitxo txiki bat (‘Jaumek ez du Nafarroa ulertzen‘) urtarrilerako egin behar dugun dokumentaltxoaren aurrerapen gisa.
Gaur ordea, Tubiaren beraren txio baten hariari tiraka topatu eta irakurri dut Mañeruko Udalak Noticias de Navarra egunkarian argitaratu gutuna, jokoz kanpo utzi nauena aurrelari txarrenen eran. Zur eta lur. Eta lehen lerroan guziaren jarraipena egiten egon nintzenez, bertan kontatzen den bertsioa gezurtatu nahi nuke.
Ondo oroitzen dut: Mañerun dena zen borondatea, gogoa, irrika eta ilusioa. Behinola Iruñeko Hegoalde Ikastola okupatu zuten guraso haien dirdira bera ikus zitekeen han ginenon artean, beste garai baten traza zuen giroak. Garaiak gutxi aldatu dira Nafarroan zoritxarrez. Kazetariok han ginen, baina baita ere Sortzeneko kideak eta Artaxoa, Zangotza zein Mañeruko herritarrak.
Herritarren %95ak haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituelako eta herria “zona no vascofona” delakoan dagoelako hutsik dagoen eskola barruan sartu, eta bertan egin genuen asteburu horretarako akanpada. Iturri onetik dakidanez alkatearen oneritziarekin egin ere. Bertatik jendetza pasa zen elkartasuna adieraztera; Maiorga Ramirez Bilduko parlamentaria, Paul Bilbao Kontseiluko kidea, ELA, LAB eta EILAS sindikatuko bozeramaleak, Lodosako alkatea eta PSNko zinegotzi bat, Porrotx, PSNko parlamentuko ordezkaritza bat… eta ahantzi ditudanak.
Goizean herritarrek ekartzen ziguten gosaria. Sekulako bizkotxoak, txokolatea, kafea eta esnea. Tratua bikaina izan zen, Soria! Ez zen inolako istilurik izan! Duintasunez gainezka, etsenpluzko borroka. Nolako pena sentitzen dudan orain Mañeruko Udalaren zurikeria guzti horiek irakurtzean. Ikustean zer eragin duen ultraeskuinak Nafarroako instituzioetan eta zein erraz men egiten zaion Barcina eta bere tropari. Ez zen faltako amenazu eta hertsapenik. Zer pena.
Zer lotsa gutxi.
Konturatzen naiz nik ere (Jaumek bezala) ez dudala oso ondo ulertzen Nafarroa.
“Ez dut oso ondo ulertzen Nafarroa” esatean ez dakit kritika (Nafarroari, edo Nafarroa bati) ala autokritika (zeure buruari) egiten ari zaren. Edo agian bietarik, auskalo. Edo zurikeria ere bada? Mañeruko udalaren jarrera zurikeria baldin bada, edo lotsa falta. Askotan aurpegiratzen zaigu nafarroi kexuka aritzen garela, Nafarroaren egoera ezberdina dela, EAEtik ez dela Nafarroa ulertzen, edo ez dela kontutan hartzen nolakoa den… Mañeruko Udala salatu beharrean, zergatik ez gara saiatzen bere lekuan jartzen?
Ez dakit zehazki zer pasatu zen, ni ez nintzen bertan egon. Nahiz eta Mañeruko besta horrek oso itxura ona zuen, Tafallako Udalak zonalde mixtoan sartzea eskatu zuen, UPNren abstentzioarekin… “Aurrera goaz”, pentsatu nuen. Zonalde euskaldun delakotik.
Tira, erreza da kritikatzea orain, nire tokitik. Barkatu. Baina etsigarria da betiko paretaren kontra buruka aritzea. Neuk ez dut dudarik borondate onez joan zinetela Mañerura, eta esperientzia arras ona izan zela, bertan. Baina biharamunean Diario de Navarran agertzen da paraxutista talde vasco bat saiatu zela Mañeruko eskola okupatzen… Eta ematen du erreza dela egoera surrealista horri buelta ematea. Baina ez da.
Mañeru herri txikia da, 500 bat biztanle. Wikipedian (erdarazko bertsioan) bertako pertsonai ospetsu bakarra agertzen da: Victor Manuel Arbeloa. Seguru horrek ez zizuela gosaria prestatu. Eta prestatu izan balizue, neuk bi aldiz pentsatuko nukeen jan aurretik. Arriskuak neurtu zenituzten?
Wikipedian (euskarazko bertsioan) Demetrio Beriain ere agertzen da. Neuk ez nuen haren berri batere (1981an, Baionan hildako anarkista bat)
Zenbat haur dira herrian, eta inguruko herrietan? Bi eskola edo bi lerroko (G eta B?) eskola bat betetzeko adina ez, naski. Zenbat familiek eskatzen dute D eredua? Zenbat familiren benetako apustua da? Udalerako talde bakar bat aurkeztu zen, independientea izenez, izanez ez dut ezagutzen. Neuk ez dut dudarik borondate onez ari direla, eskolaren arazo larriari irtenbide bat bilatu nahian, herriko haur eta familia guztiak gogoan… Eta seguru nago aurtengo Euskararen Egunaz aski balantze txarra egin dutela.
Ez dakidana da zer ondorio izango duen, heldu den urtean Euskararen Eguna antolatuko den Mañerun, edo nolakoa izango den, nola bideratuko den afera, nola konponduko den Mañeruko haurren eskolatzearen arazoa… Zorionez, neu ez nago Mañeruko Udalekoen tokian. Baina, nire tokitik (eta barkatu kritika hemen agertzea, eta autokritika kolkoan gordetzea), une honetan nahiago dut Mañeruko Udalekoen tokian jartzen saiatzea, zuen tokian baino.
Eta gaur Olentzero… Tira, Eguberri on!
Hemen Sortzenekoen erantzuna: http://www.gareskoauzalan.com/index.php?option=com_content&view=article&id=1297:respuesta-de-sortzen-al-ayuntamiento-de-maneru&catid=23:herriak&Itemid=245