Maltzaga posible da? Eneko Bidegain

Maltzaga posible da?

Eneko Bidegainek idatzi zuen aurrez etxe honetan Maltzaga kontzeptuaren inguruan. Pasa den astean artikulu hau argitaratu zuen Enbatan.


Maltzaga posible da?

Erregularki itzultzen da Maltzagaren metafora euskal politikagintzara, ez beharbada alderdi politikoetako arduradunen ahora, baina bai politikaz interesatzen diren anitzen lumara.

Errepika ote daiteke Lizarra-Garaziko giroa? Itxura guztien arabera, ez. EAJk ez du berriz abiatu nahi Lizarran hasi zuen bezalako bidetik, ez duelako konfiantzarik Ezker abertzalearengan. Ezker abertzealeak ere aski argi du independentziara buruzko bidea, hastapen batean bederen, EAJ gabe egin beharko dela. Eta iritzi horrekin bat egiten du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak. EAJko agintariek berek ere uzkur begiratzen dute Kataluniara, eta ez dira prest gisa bereko apustua egiteko. Iñigo Urkullu bera mintzatu da estatu independente baten kontra. Eta betiko korapiloa ezin askatuz ari gara.

Maltzaga posible da?Batzuen ustez, nekez egin daiteke bidea independentziara begira EAJren den mendreneko inplikaziorik gabe; beste batzuen ustez, nehoiz ez da eginen urratsik independentziarantz, EAJren beha egonez.

Horregatik diote oraindanik hasi behar dela lanean, EAJ gabe. Eta hain segur mugimendu sozial batetik sortu beharko da proiektu independentista, alderdi politikoen lidergotik aparte.

Azken urteetan eztabaida handiak badaude: norekin egin independentziaren aldeko lana, norekin ez, zein diskurtsorekin, nola… Euskara, historia eta gai horiek bazterrean utzi behar direla diote batzuek; lehen planoan “hobeki bizitzea” jarri behar dela, beren burua euskalduntzat ez daukatenak ere eroso senti daitezen proiektu independentistan.

Batzuen ustez,
nekez egin daiteke bidea
independentziara begira
EAJren den mendreneko inplikaziorik gabe;
beste batzuen ustez,
nehoiz ez da eginen urratsik
independentziarantz,
EAJren beha egonez

Energia anitz xahutu dute euskalgintzaren kontra, abertzale “existentzialisten” aurka… Baina hasi ote da lanik eta kanpainarik “beste jende” horrengana joateko?

Beharbada ordu da proiektu independentista bat sortzeko denen artean eta denen arteko errespetuan.

Horrek eskatzen du hiru dimentsioko Maltzaga bat: “existentzialisten” eta “kontruktibisten” arteko errespetutik hasi behar litzateke, tendentzia horien guztien artean diseinatzeko proiektu bat independentziaren aldeko argudioak biltzeko, euskal estatu bat irudikatzeko eta independentziaren aldeko kanpaina zabal bat egiteko. Bigarren dimentsioko Maltzaga (Maltzaga-edo) izan behar litzateke alderdi abertzaleen artean, ez beharbada akordio batera heltzeko independentziari buruzko estrategia baten inguruan, ez eta ere erdibideko urratsen inguruan ados jartzeko, baina bai elkarren arteko errespetu eta elkarlan giro baterako. Bestela, independentziaren bide horretan kontrajartzen badira Ezker Abertzalea eta EAJ, eztabaida uzten bada mintzera, ondorioak pairatuko dira (lehen bezala gaur eta bihar ere) gainerako arlo gehienetan: euskalgintzan, komunikabideetan, karrikan, lan arloan, ingurumenean… Giro txar horretan bizitzera ohitu da euskal mugimendua, eta badirudi kostatzen zaigula giro horretatik ateratzea. Giro horretan segituz, ordea, kalte handiena herri mugimenduak jasaten du. Eta, ondorioz, herri proiektuak eta baita ere independentziaren proiektuak. Maltzaga bikoitz horrek balio behar luke giro sanoan lan egiteko independentziaren aldeko argudioen zabaltzeko, kanpaina politiko bat garatzeko, baina baita ere – eta bereziki – gure egitura eta tresna nazionalak indartzeko eta berriak sortzeko.

EAJk dio Euskal Autonomia Erkidegoan ari direla estatu egiturak sortzen. Hobe litzateke estatu egitura horiek Euskal Herri osoan eta Euskal Herri osorako sortzea. Horrela baizik ez da lortuko jende gehiago bihurtzea euskal estatuaren alde, paperean zehaztutako proiektu baten bidez baino gehiago.

Eta hor dago hirugarren Maltzaga: Euskal Herri osoko eragileen artekoa.

Maltzaga posible da?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Maltzaga posible da? Eneko Bidegain”-ri buruz

  • Hiru ideiatxo:

    1- EAJk ez dauka ezker abertzalearen mesfidantzarik, baina independentziaren beldurra, ahalmen ekonomiko-kudeatzailea galtzeko beldurra. Espainian goxo dago eta ez du aldatzeko asmorik.

    2- Ezinezkoa da Euskal Herri osoa euskalduntzea. Bazter batzuetan euskararen kontrako resistentzia gogorra egongo da are euskara desagertzeko zorian dagoenean ere. Euskaldun lurraldea zehaztu beharra dago.

    3- Euskaraz bizi nahi dugunok bat egin behar dugu, erdaldunak baztertuta (izan abertzale edo ez), eta estrategia bat prestatu, tokiko egoeretara adaptatua, gradualki uzteko erdara hegemoniokak erabiltzeari.

  • EAJ-k rejionalismora martxa zuzena sartu du. Azken tabua ere hautsi du berriki: PPrekin ituna egin du, Franquismoaren ondorengoei zentralitatea aitortuz.
    Barregarri geratzea da EAJren zain egotea independentziara “bidean”. Ez da bide horretatik igaroko.
    Bestalde, ezker abertzalearen noraeza antologikoa da, eta ez dago inongo prozesuren buru izateko moduan.
    Independentziaren aldeko aukera gizarte ekimenetik abiatuko da edo ez da mamituko.
    Garrettekin ados, bestalde.

  • Erregionalismoa, hori ba dela etiketa zital bat, ezertarako balio ez duena.
    Erregionalismoa deitzen duzun horrek eman dio Euskal Herriari bere indarra. Aldiz, ezker abertzalearen “independentismoa” tranpa bat dela demostratu da.
    Indepdentzia eredu ezkertiar muturrekoaren bidean ez da abertzalerik egon behar. Orain ezker abertzaleak Podemoseko jendea erakarri nahi du esanez “independentista izatea oso ezkertiarra da”. Era berean, EAJren oinarria berarekin eraman nahi du esanez “oso abertzaleak gara”.
    Oraindik ez dut ikusi ezker abertzalearen abertzaletasun izpirik nimiñoena ere. Hori bai, besteei esatea “erregionalistak” direla, ahotan dute, beraiek duten eztabaida eta hitzegiteko modua ahoa tapatu nahi baitu, aginduak ematen dituzten bitartean.
    Giza ekimen hori ezker abertzalearen beste txotxongilo bat besterik ez da, itxurakeria, artaldekeria eta abar.

  • Urkulluk (EAEko Lehendakaria) ezinezkotzat jotzen du independentzia eta ez doa hiru probintziez haratago. Trebiñuz ere ahaztuta dago eta!

  • Ezker abertzalea asko gogoratzen da baita Petilla de Aragonetaz ere baina ez du ezer eraginkorrik egin, alderantziz baizik.