Maite ditut amonak
Maite ditut amonak
Amonekin maitemindua nago. Batzuk izaten dute umeekiko halako ahultasun bat. Umetxo bat barrez, negarrez, garrasika zein kaka egiten ikusi orduko lerdea dariola hasten dira. Niri antzeko zerbait geratzen zait amonekin. Txiki txikitatik izan ditut amonak gogoko.
Ile-apaindegi bat dugu familian, eta igandeko mezetara dotore joateko, larunbat goizez apaintzera etortzen ziren andreei entzuten orduak eta orduak pasatu nituen umetan. Amonari laguntzen nion gainerako amonei erruloak kentzen, eztarrirako karameluak eskaintzen, edo besterik gabe, entzuten.
Marrazki bizidunetan kontatzen zizkidaten istorioak baino dezentez pasarte eder eta katramilatsuagoak entzuten nituen emakume horien ahotik. Sua itzaltzeko pixa egin eta aluko ileak erre zituenekoa, denak lapiko beretik nola jaten zuten azaltzen zutenekoa, asto gainean azokara jaisten zirenekoa, hogei urterekin hirugarren alaba jaio zenekoa. Eta super amona horiek asto gainean, sua itzaltzen eta besoetan bina umerekin imajinatzen nituen; marrazki bizidunetako heroiak bezala kapa bat bizkarrera lotuta.
Gogoan dut behin emakume batek kontatu zidala bere aurpegiko zimur bakoitza, bere bizitzan bereziki garrantzitsu izan den pasarte bati dagokiola. Ordutik, maite ditu zimurrez betetako emakumeak.
Zimurrik gehien zuenaren ondoan esertzen ahalegintzen nintzen, aurpegiko arrasto horiek hizketan noiz hasiko zain; ondotik begira, kontatzeko gutxi eta entzuteko asko nuela jakinik. Zimurrak entzun nahi nituen, zaharragoa nintzenean neure buruari nola marraztu ikasteko.
Orain gutxi 90 urteko amona bat ezagutu nuen, marrazkilaria. Ikaskide gazte bat hil zitzaiola kontatu zidan, 67 urte soilekin. Eta berriro gogoratu nintzen, zimurren istorioaz. Gutxi dira 67, 90etik gora zimur dituen batentzat.
Oso ona!
Oso ona
Ederra!!!!!!!polita,hunkigarria…..