Hitz Jurasiko Inexorablea

Hitz Jurasiko Inexorablea

Noizbehinka, Txumari Alfaro, mediku naturopatian doktoratua –Wikipedia dixit– ikusten dut nire auzoan: oinez, pasieran, zenbaitetan; BMW Zz batean, bertze zenbaitetan –badira, jar gaitezen demagogiko eta ekar dezagun gogora, medikuntza edo erizaintza ikasi ondotik, atzerrira lan bila joan behar duten gazteak–. Kontua da Txumari Alfaroren arabera –Txumari Alfaro, Alfredo Landa, Eduardo Inda, Santi Leoné: zer egin dugu nafarrok, hori merezi izateko?–, kafea edanez gero, arras toxina kaltegarri bat gure gibelera joaten dela zuzen-zuzenean; gure gorputzak kafea ondertzetik xurgatuz gero, ordea, kafeina ailegatzen zaigu gure zainetara. Ondorioa, beraz, argi dago: kafea berotutakoan, udare batean sartu eta –gu saihets baten gainean etzanda gaudelarik eta udarearen punta olioztatu ondotik–, ttak!, gosaria ipurtzulotik sartu behar dugu, batere onik egiten ez diguten toxinak saihestu nahi baditugu bederen. Bideoan –Google-n erraz aurkitzen dena– kafe hutsa prestatzen du Alfarok; ondorioz, ez dakigu laktosari intolerantzia diotenek ere hobe luketen kafesnea ipurditik hartzea, edo komenigarriagoa ote den esnea goitiko bidetik eta kafea beheitikotik sartzea gure organismoan, erdibidean hor nonbait junta daitezen –kafe capuccinoa, irlandarra, eskoziarra eta vienarra perbertsioen apalean dira sailkatzekoak naski–.

Ezaguna den bezala, gure gernua edateko ere gomendatu izan du Alfarok –goizeko lehena, hain zuzen ere, kolorean biziena eta sustantzian aberatsena, dudarik gabe–. Izanen da, halere, metodo horri alde onak ikusiko dizkiona: jaiki bezain fite eguna horrela hasiz gero –gure lehen gernu kolore hori distirantekoa edanez, eta, kafesnea edan beharrean, kafenema hartuz, alegia–, hortik aitzinat datorrena datorrela ere, hobea izanen da nahitaez, egunak ez du okerrera egiten ahal.

Jende baikorra beti izaten baita nonahi, egoera txarrenari ere buelta ematen dakiena; Twitterren berriki ikusi dudan argazki batekin zihoan lelo batek zioen bezala, egunik grisenek ere badute kolorea. Baikortasuna, nolanahi ere, jarrera kontua da, eta susmoa dut beti autolaguntzatik –hau da, gure buruari gauza ororen gainetik eta maiz errealitatearen kontra animoa emateko borondatetik– hurbil dagoela: egunik grisenek ere badute kolorea, edo egunik koloretsuenek ere badute beltzetik? Bertze bideo batean –hori ere aise harrapatzen ahal da Google-n–, Txumari Alfarok alergiko batzuei azaltzen die duten alergia desamodioaren ondorioa dela, edo, bertzenaz, beren burmuinak asmatutako mekanismo psikologiko baten ondorioa, alergia eragiten dien horretarik beren burua babesteko. Horretarako, narrazio polit bat kontatzen die naturopatak, zientziatik deus ez duena baina alergiaren egun grisean kolore pixka bat paratzen duena. Sinestea da kontua.

Hitz Jurasiko InexorableaNafarroako Herri Batasunean ere, erran nahi baita UPN-n –bai, barkatu, arrunt txiste zaharra eta txarra da–, jende baikorra ba omen da, eta, horregatik, hondar hilabete hauetan alderdikideek Carlos Salvador eta Javier Esparza berretsi dituzte hautagai gisa –Salvador, Madrilera joateko; Esparza, Nafarroako lehendakarigaia izateko; Carlos Salvador, Javier Esparza, Mariló Montero, Santi Leoné, zer egin dugu nafarrok hori merezi izateko?–. Alfaroren erremedioekin gertatzen den bezala, uste izatekoa da alderdiaren esentzia foral eta espainolari kalte egiten ahalko lioketen toxinak saihesteko berretsi dituztela bi gizon horiek beren postuetan; ez dakigu helburu hori lortuko duten, baina, berriz Txumariren –gaurgero Txumari deitzen ahal diogu, nik uste– gosariarekin gertatzen den bezala, egia da hurrengo hautagaiak direnak direla ere, hobeak izanen direla nahitaez, neketan aurkituko baitituzte bi horiek bezain politikari kaskarrak –tira, orain ni naiz funts zientifikorik gabeko baikortasuna erakusten ari naizena, eta UPNk okerrera egiteko gaitasuna gutiesten ari naizena–.

Norbaitek noizbait erakutsi beharko luke –erdaraz, ahal delarik– zer-nolako gauzak txiokatzen edo bertxiokatzen dituen Salvadorrek sare sozialetan: Vegako zezena eta abortua konparatzetik txiste misoginoak hedatzera pasatzen da di-da batean –argazkian, Anna Gabriel eta Arnaldo Otegi; azpian, Salvadorren ikuspuntutik irri-emangarria omen den elkarrizketa: -Anna, zergatik ari zara begiak okertzen? -Ez, estutzeko ariketak egiten ari naiz; bertzenaz, hilekoaren esponja eroriko baitzait–; edo, bertzenaz, PAIren aldeko txio ustez zorrotzak idazten ditu: “abertzaleak ingelesaren kontra; Nafarroatik kanpo kontatuz gero, jendea zur eta lur; sarrera kobratu beharko genuke”, eta, ondotik, behingoz espainol zintzo bati dagokion elebakartasun austeroa hautsiz, bi solas idatzi ditu ingelesez, abertzale anglofobikoek menderatutako –eta sarrera kobratzea mereziko lukeen– Nafarroa hori deskribatzeko: Jurassic word. Word, testu prozesagailuan bezala; ez world, it’s the end of the world as we know it REM-en kantan bezala. Ion Orzaiz Berriako kazetariak egoki laburbildu zuen bezala: bi hitz, eta bat gaizki –bi hitz, eta bat ongi, erranen luke pertsona baikor batek, %50: tira, Hizkuntza Eskolan notaren %60 erdietsi behar da gainditzeko; nolanahi ere, jar gaitezen demagogiko eta ekar dezagun gogora badirela euskaraz eta ingelesez ederki jakinda lan bila atzerrira joan behar duten gazteak–.

Javier Esparza ere ez dabil sobera fin hizkuntza kontuetan. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak inexorable hitza erabili zuen, erdaraz, Nafarroan gertatzen ari den aldaketa –tira, saia gaitezen toki anitzetan franko grisa den aldaketa honetan kolorea ikusten– definitzeko. Esparzak hiztegia kontsultatutakoan –“inexorablea zer den bilatu nahi izan dut, hitz bitxia iduritu zaidalako”–, bere interpretazioa egin zuen –“inori kasu egiten ez duen aldaketa da, diferenteak direnekin gupidarik ez duena”, guti goiti-beheiti euskaratua; jar gaitezen demagogiko berriz ere, eta ekar dezagun gogora bai euskaran bai erdaran lau silabako eta are bortz silabako solasak egoki eta dotore baliatzen dakiten gazte anitzek ez dutela lanik aurkitzen beren sorterrian–.

Atzo, Faktorian, Canneseko zinemaldiaz solasean, Begoña del Tesok erran zuen epel hartu zutela Pedro Almodovarren film berria, eta hori dela, epeltasuna alegia, egiten ahal zaion irainik handiena. Maitasuna bai, eta gorrotoa ere bai; baina epeltasuna indiferentziaren seinale da. Esparzak eta Salvadorrek ez gaituzte epel uzten, eta haien jarduna ikusita, nire iduriko normala da anitzengan amorrua piztea. Ez da hori misterioa. Misterioa kontrako erreakzioa da. Futbolean Espainiako erregearekin gertatzen den bezala: txistu egiten diotenek badakigu zergatik egiten dioten txistu; argitzeko dagoena zera da, gainerakoek zergatik egiten dioten txalo. Nolanahi den ere, segi dezatela horrela; gauza batzuen gainbehera benetan, zera da, inexorablea.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Hitz Jurasiko Inexorablea / Hitz Jurasiko Inexorablea / Hitz Jurasiko Inexorablea / Hitz Jurasiko Inexorablea
inexorablea
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

3 pentsamendu “Hitz Jurasiko Inexorablea”-ri buruz

  • Hau seguru kafea hartuta idatzi duzula! brutala :))))

  • Ederki idatzia!

  • Ze ona eta ze gorea, Santi! Ia-ia ondestea lehertzerainoko barreak egin ditut. Dena den, uste dut ez dela soberan egongo ohartaraztea, prebentzio gisara, uzki bidetiko praktika batzuk arras desegokiak eta are perilez beteak ere gerta daitezkeela; horietan bat, alkoholema. Zure idatziak gogora ekarri dit “1000 ways to die” telesaio gogoreangarri hartan ikusitako atal bat, gaztelaniaz “Hasta el culo” eta “Ebriedad mortal” izenak paratu zizkiotena, alkoholak uzki bidetik hartzeak dakartzan ondorio hilgarriez aski argigarria dena. Zilegi bekit, Santi, atrebentzia handiz, esteka hona ekartzea, zure idazki ezin berdinduzkoaren osagarri-edo:

    http://1000manerasdemorirx.blogspot.com.es/2012/05/manera-de-morir-385-ebriedad-mortal.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude