Lujanbioren buruan pausatu da txapela
Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren arteko besarkada estuak eman dio amaiera, luzea izanagatik, azkar igaro den egunari. “2009ko Txapelketa Nagusiko txapeldun, Mailen Lujanbio”, iragarri du Saroi Jauregik lehiaren amaieran. BECek, egunean zehar beste hainbatetan bezala, eztanda egin du. Esaldi horrekin amaitu dira iragarpen, uste, susmo eta porra guztiak. Lehiatutako eta merezitako txapela jantzi du Lujanbiok buruan. Azken hilabeteotan iragarritako belaunaldi erreleboa gauzatu da bertsogintzan. Laugarren postuan geratu da Egaña, txapeldunen txapelduna.
Sailkapena honela geratu da: Maialen Lujanbio (1630,75 puntu), Amets Arzallus (1582 puntu), Jon Maia (1060 puntu), Andoni Egaña (1058 puntu), Unai Iturriaga (1046,25 puntu), Sustrai Colina (1037 puntu), Aitor Mendiluze (1009,25 puntu) eta Aitor Sarriegi (938,75 puntu).
“Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz”, izan da txapeldunaren azken aldarria, bertso festari amaiera eman dion puntua.
Aurretik, ordea, puntu eta bertso mordoa.
Parez-pare aritu dira bi finalistak. Ametsek, buruz burukoan eginiko kartzelako lan paregabearekin publikoa bereganatu badu ere, errenta zuen Maialenek. baina zaletuen artean kezka, egun osoko lana hartzen ote zen kontuan irabazlea izendatzerakoan. Eta bai, hala da.
“Hileko aurrez-aurreko bisita duzu gaurkoan. Heldu zara kartzelara eta funtzionarioak sartu nahi baduzu biluztu egin behar duzula esan dizu eta miatu egingo zaituela”. Buruz buruko kartzelako saioko gaia honakoa izan dute.
Minez, eta negarrez, biak kartzelatik lagun edo maitea ikusi gabe alde egiten ikusi ditugu.
Aitortzen dut samin handiz
uzten dudala kartzela
etorri naizen bezela
esperantza daukat bera
indartsu egongo dela
badakit badakiela
berekin izan naizela
Abestu du azken bertsoan Lujanbiok.
Honakoak izan dira, ostera, Arzallusen hitzak:
Heldu etxera eta hartu dut
paper baten zirri-marra
gutun txiki bat ta utzi ditut
bi muxu ta irriparra
hori delako nik biluzteko
dakidan era bakarra
Belaunaldi berrien txanda
Iragan hilabeteotan aipatu izan da hainbatetan, Egañak belaunaldi berriei tokia utziko ziela txapelketa honetan. Argi geratu da, ordea, txapela lehiatu egin behar izan dutela, Andoni fin aritu baita. Eta bete du agurrean aipaturiko helburua: “saio polita egin nahi nuke ezerk ez nau lotzen katez”.
Azken zutabea idaztear zuen kazetariaren larruan jarri dituzte kartzelako lanean. Egañak BECeko 14.000 zaleturen txalo zaparrada jaso du, Euskal Herri aske baten albistea idazten ari zenaren hitzetan: “Herri kontsulta gaur egin dute / ta emaitzak argi daude / Euskal Herria bihartik dugu / bere buruaren jabe”.
Arratsaldean ere goxo-goxo abestu dio zuhaitzaren azpian opariak ipintzen harrapatu dion bost urteko alabari. Eta zenbaitzuk, lan hori amaitzean, buruz-burukoan ikusi dute azken lau txapelketetako txapelduna. Laugarren postua lortu du, ordea, Jon Maiaren atzetik. Agur hunkigarrian, datorren finalean publiko artean izango dela abestu du:
Aupa Maialen zorionak
tokatzen zaizun antzera
adiskide ta bertsolari
ezin hobea baitzera
zure baimenarekin noa
elkartea aipatzera
gaur e lanean zenbat jende
asko bolondres gainera
nik erabakia hartu dut
hemendikan lau urtera
nahiz diferentzia badago
egon jeiztetik jeistera
ni oso harro pasako naiz
naturala horixe da
behien aulkia aipatzetik
behian aulkia jartzera
Final emankorra
Luzaz hitz egiteko eta luzaz idazteko aitzakia eman du azken saioak. Euskal presoez oroitzeko, nerabezaroaz, 36ko gerraz, amez, Egunkaria auziaz, etorkinen bakardadeaz edo maitasunaz mintzateko aitzakia izan dute, besteak beste, zortzi bertsolariek. Umorez, batzutan, eta serio besteetan, malko eta irrifarreak marraztu dituzte zaletuen aurpegietan. Neurri, doinu, zein errima ezberdinez, txalo egitera bultzatu dituzte gaur bertsozaleak.
Amaitu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta txapela, Maialen Lujanbioren buruan pausatu da, lau urtez, gutxienez.
Irudia | Egaña | Euskal Herriko Bertsozale elkartea | LGPL
Irudia | BEC goraino bete dute zaletuek | Euskal Herriko Bertsozale elkartea | LGPL
BECen emannuen egun osoa. Eta beste asko bezela, neu ere hunkitu, harritu, poztu… egin nintzen; gozatu, eta asko, hitz batean.
Gero, etxera bueltan, baina, lasaiago bizi izandakoaz hausnarrean aritu nintzen. Gaur ere, egunkari eta blogetako komentarioak irakurrita, telebista laburpenak ikusita, berriro gozatu dut oroitzapenean. Baina hausnarrean jarraitu dut. Bertsolariez ez ezik, bertsolariekin eta bertsozale guztiekin bizi izandako giroaz: entzundakoaz, ikusitakoaz, sentitutakoaz. Hona hemen zertzelada batzuk. Suposatzen dut denok ez zaretela ados egongo, baina horretarakoxe idazten dut, nahi duzuenon artean gogoeta egiteko, lasai eta patxadaz.. .ahal badugu.
Lehenengo gogoeta, orokorrena, han agertu eta aipatu zen herriaz da. Bertso jaialdi guztietan, nola edo hala, agertzen den herriaz. Zein herri da hau? “Herri lotua”, “guztion artean sortzen ari den herria”…; baina nork lotu edo azpiratzen du? Zein herri ari gara osatzen? Testuingurua gehiegi bortxatu gabe, Madrilek eta indar konstituzionalistek bultzatutako Jaularitzak lotzen dute herri hau. Madrilek (epaileek, poliziak…) lotutako herria da hau. Bai? Horrek soilik?
Txistuak. Sarien sari bakoitza banatutakoan (aurten, behintzat, egindakoan, antolatzaileek hartutako erabaki edo estrategia bati esker; eta ez banatzean). Zer dela eta txistukada sistematiko hori, hain zuzen ere, txapelketa osoa burutzeko ezinbestekoa den dirulaguntza ematen duten erakunde orori?
Gaiak. Aldez aurretik, nire zorionik beroenak eta zintzoenak Bertsozale Elkarteari (langile, bolondres, gai-jartzaile, aurkezle, epaimahaikide guztiei…) Baina gai batzuk ez ote ziren “tendentziosoegiak” izan? Noizko bizkartzaina behar duen norbait, autoa lehertu dioten zinegotziren bat, ETAK hildako baten senidea… halako final batean? Eta gaiotan azaltzen diren pertsonaiak (presoak…) ez ote dago sistematikoki heroitzat tratatzeko joera guztion artean?
Hasieran izandako sentsazioak bere horretan dirau. Baina esandakoak ere hor segitzen du.Gauza gehiago ere banituen esateko, baina bego honetan, oraingoz. Esateko moduan, agian, okertu naiz; esandakoan ere, agian, ez naiz egongo zuzen; baina hemen partekatzeko beharra sentitzen nuen, eta halaxe egin dut. Txarto esanak parkatu…
Nik Andoniren DIMISIOA azpimarratu nahi dut. Azken bi txapelketetako bertsolaria ikusita, atzokoan dimisioa aurkeztu zuen eta bete lanean aritu zen. Hala ere, zorionak.
Kaixo Aitor.
Gogoetarako jarri dituzunak interesgarriak iruditu zaizkit.
Gaien inguruan, tendentziosoegiak izatea aipatu duzu. Eta agian arrazoi duzu, gai batzuk agertzen dira beti eta beste batzuk ez. Zuk aipatu bezala, gehienetan (igandean, kasu) bertsolariek ez dute hitz egiten ETAk hildako baten senidearen larrutik. Batetik, esango nuke, bertsolariak berak duela askatasuna, gehienetan, noren larrutik hitz egin nahi duen erabakitzeko. Gaiak askotan irekiak dira. “Azken zutabea idaztear den kazetaria”-ren rolean jarri zituzten, adibidez, eta eurek hautatu dezakete nor izan nahi duten. Garako, Berriako, El Paíseko edo La Razoneko zutabegile izan zitezkeen. Edo bis a bis-ak, adibidez, ez dituzten soilik ETAko presoek eta euren lagun/senideek soilik izaten, hori bertsolariaren hautua da.
Gaiak errepasatzen aritu naiz eta ez zaizkit egia esan tendentziosoak iruditu. Nik uste dut, bestetik, gizartearen sektore jakin bati interesatzen zaiola, batik bat, bertsolaritza eta hori oholtza gainean eta oholtzatik kanpo ere azaleratu egiten dela, ezinbestean. (Noski ez da orokortu behar).
Ea asmatzen dudan inori azkurea eman gabe esaten: bertsolariak, publikoaren berotasuna behar du, bilatzen du. Bertsolariak badaki zein den publikoaren imaginarioa eta, kasu honetan, “Pirinioen bi aldera forro polarra jantzita” bizi den publikoa da, hau da teorikoki ETAko presoen aldeko publikoa, euskararen aldekoa, Espainiaren kontrakoa, ekologista, ez matxista, antifaxista, Egunkariaren aldekoa… etc. Bertsolariak beti botako ditu publiko horren pentsamenduaren olatuan erraz-erraz joateko moduko bertsoak. Bertsolariak irabazi nahi du, eta ez du publikoaren iritziaren kontrako kanturik egingo, baldin eta ez bada oso muturrera joan eta esperpentoa eginda edo sekulako ironia erabilita. Suizidioa litzateke publikoa haserretzeko moduko bertso bikain eta borobilak egiten dituen bertsolariarena. Leitzako UPNko bertsolari hori ez balitz hain txarra, edukiko genuke, akaso, enpirismorako aukerarik. Bitartean tesiak eta hipotesiak. Iritziak. Eta bai, neuri ere oso alde baterakoa iruditu zitzaizkidan gaiak, nahiz eta berez itxiak ez izan, aurrez genekielako denok norantz joko zuten bertsolariek: publikoaren belarriak atsegaberik gabe entzungo zituztenetara dota, hobeki, hunki zitzakeen lurraldeetara. Beti izan da hala, eta halaxe izango da: bertsolaria aldatuko da, publikoa aldatuko den neurri berean.
Ados publikoari egin diozun erreferentziarekin. Publikoaren zati bat (gehiengoa nahi baduzue), txaloka aritzen da preso bat eta borroka eta hori dena aipatuz gero. Txalo zaparrada jotzen du, barre artean, bertsolari EAJrekin sartzen bada. Eta, noski, txistu jotzen du ozen, Kutxako edo beste edozein erakundetako ordezkari oholtza gainera igotzean. Zati horrekin (gehiengo horrekin, nahi baduzue) ados ez dagoen publiko sektorea ixilik egoten da horrelakoetan, bazterrak ez nahasteko besterik ez bada gehienetan; nazkatuta eta lotsatuta askotan. Baina ixilik.
Hori bai, beste bertsolari batek ETA zuritzen duten horiek hipotetikoki kritikatzean, publiko zati batek txaloa joko balu, edo oholtza gainera saria ematera herri bateko alkate ezker abertzalekoa agertzean txistua joko balu… ixilik geldituko al litzateke beste publiko zatia (gehiengoa, nahi baduzue)?
Nazka ere ematen du horrek. Badirudi ideologia jakin batekoa ez bazara ia barkamena eskatu behar duzula euskaltzale izateagatik; edo, behintzat, ixilik geratu behar duzula, ondoko euskaltzaile pedegreedunak ez mintzeko. Eta zergatik minduko, eta beraiek askoz era zakarragoan egiten dutena egin nahi izango genukeelako noizbait…
Orain atera dadila ezker abertzalea zanpatua dagoela defendatuko duen jende saldoa. Nik ere salatzen du zanpaketa hori… Izan ere, salaketa guztiak plazaratzearen alde nagoelako.
Balitz balego eta hipotesi gehiegi darabilzu gertatu ez den gauza batek nazka ematen dizula esateko. Niri badakizu zerk ematen didan nazka, Txema? PNVk ez du aukerarik galdu urte luzeetan ezker abertzalearen kontra egiteko, bertso eta kultura mundua izango dira gutxien manipulatu dituen arloak. BAina etenik gabe horixe egin du, egurra eman ahal izan duen guztian.
Eta bai, ni ere salaketa denak plazaratzearen alde nago, baina salaketa batzuk gau ta egun dauzkagu komunikabide guztietan eta beste batzuk horrelako guneak topatu behar izaten dituzte.
Denok dakigu ETA eta ezker Abertzalea zeinen gaiztoak diren, baina igandeko bertsoak entzun aurretik zenbatek ezagutzen zituen aurreko asteetan kartzeletako bisabisetan gertatu zirenak. Non da horiek salatzeko lekua edo aukera???
Zuri nazka emango dizu, baina, 36 ordutan, ordubetez maite dudan lagun bat ikusteko 2000 Kmtik gora egin ondoren, arratsaldean txapelketari begira jarri nintzenean Maialenen bertsoak malkotan jarri ninduten, eta Ametsenak ere bai
Aupa Maialen!!
Kontua da, Jaio, inork ez duela ukatzen zure drama, eta inork ez duela ukatzen drama hori salatzeko eskubidea, eta oso ondo iruditzen zaidala bertso txapelketa erabiltzea horretarako, eta hunkigarria iruditzen zaidala bertso batek eraginik bota dituzun malkoak.
Baina kontua da badirudiela hainbat “gune”tan beste askoren malkoek ez dutela lekurik, beste drama asko hankapean pasatzen direla gune horietan. Aita tiroz galdu duen batek ere gustora botako lituzke malkoak, hartarako biderik balego.
Eta kontua da errazegi suyposatzen duzula nik kritika hau egiteagatik ezker abertzaleari egin zaion jazarpena ez dudala salatu eta salatzen.
Berriro diot, nik drama guztiekin enpatizatzen dut. Pozten naiz zuk ere drama guztiekin enpatizatzen baduzu.
Nik ez dut suposatu ezker abertzaleari egin zaion jazarpenik ez duzunik salatzen. Benetan sinisten dizut esan duzuna. Eztakit non irakurri duzun hori. Zuk bai errazegi suposatzen duzula inork ez digula ukatzen drama hori salatzeko eskubidea. Nik diodana da aita tiroz hil dioten horrek leku eta momentu asko dituela bere mina adierazteko.
Nahi duzu gure malkoek lekurik ez duten lekuak kontatzen hastea?
Interesgarria auzia. Denek duzue arrazoi, nire ustez, esaten duzuen denean gainera. Ez da beti gertatzen, baina kasu honetan halaxe da nire ustez. Denek, denean. Zorionak!
[…] gauean hemen argitaratutako kronikak, eztabaida eragin du bertsolaritzan jorratzen diren gaien inguruan. Alderdikoiegiak direla salatu […]
Kaixo lagunok! Harria bota eta eskua gorde, ez nuke horrelakorik egin nahi. Horregatik, interes handiz ari naiz jarraitzen eztabaida hau, beste foro batean antzeko beste baten aldean tonu lasai eta errespetuosoagoa nabaritzen dudala.
Zuen ekarpenak irakurrita, nik uste dut ezin garela mugatu esatera BECetik kanpo euren samina adierazterik ez dutenek BECen dutela aukera hori ; edo BECen adierazten ez dena BECetik kanpo adirazteko bide asko daudela.
Kontua zera litzateke: “herri batek”, bere osotasunean, bateko eta besteko samina eta sufrimendua bere egitea; giza-eskubide guztien (indibidualak zein kolektiboak) urraketa, nola edo hala salatzea.
Horixe da, nire ustetan, “herria osatzeko, herria sortzeko” bide ederra. Eta ez nork bere samina eta injustiziak salatu eta sufritu, bestearenak bazterrean utzita, ba omen direlako beste bide batzuk hori egiteko.
Eta, hor nonbait irakurri dudanez, bertsolaritzak, duen indar integratzaile eta sentipen sortzaile izateko gaitasuna ikusita, izan dezake zeresan eta zeregin handia. Ez, nonbait, kontzienteki, ardura edo karga hau hartuta (horrela, bere izaera propioa desitxuratuko luke); baina ezta beste norabide bateko jarrerak indartuta.
Eta “bertsolaritza” denok gara: bertsolariak, gai-jartzaileak … eta gu geu ere, entzuleak.