LTD baimenak: euskaraz bizitzeko nahia zapuztu nahi du Nafarroako Gobernuak
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok oinarriei buruzko iritzia agertu du: “Euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzen ari den honetan, azpimarratu nahiko nuke oinarriek ez diotela nahi horri erantzuten. Beste behin, euskaraz bizitzeko aukerak zabal ditzaketenean, euskaldunak baztertzen dituzte, ez dute espazioak euskalduntzeko urrats eraginkorrik ematen.”
Bilbaoren arabera Nafarroako Gobernuak argitaratutako esleipenetan euskararen inguruan ezarritako oinarriak Gobernu horrek euskararen aurka daraman hizkuntza-politikaren isla dira: “ez du euskara hutsezko lizentziarik gorde, eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa hutsaren hurrengoa da” azaldu du.
Horrekin batera, gogoratu du Nafarroan hizkuntza-eremuen bidez ezarrita dagoen bidegabekeriari eusten diola Gobernuak; izan ere, demarkazio-eskualdeak zehaztu zituenean ez zen berariazko eskualderik ezarri legeak ezarritako eremu euskaldunean, eta ondorioz, Vascuencearen legeak ezarri zuen diskriminazioa baliatzen du beste behin.
Deialdi hau Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideen aurka daraman politikaren jarraipena dela uste du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Euskarazko hedabide ez-publikoak dirulaguntzarik gabe utzi ditu, EAEko euskarazko telebista publikoa ikusteko aukerak itxi ditu… Euskararen desagertze soziala helburu duen hizkuntza-politikan kokatu behar ditugu Nafarroak Gobernuak argitara eman dituen oinarriak”.
Horrekin batera gogorarazi du, duela hiru urte euskara hutsez emititzen zuen telebista-kate batek ateak itxi egin behar izan zituela Gobernuaren politikaren ondorioz.
Bilbaoren esanetan, Kontseiluak definitua duen Hizkuntza politika berri eraginkorrean hedabideen inguruan hartu beharreko neurriak ere jasotzen dira. “Kontseiluak ohikoa duen moduan, diru-inbertsioen bidez egin beharrekoak eta arau bidez lotu beharrekoak bereizten ditu eta horren arabera egiten ditu proposamenak. Arau-bitartez lotu beharrekoari dagokionez, batetik euskara hutsezko irratiei dagokienez, euskaldunak %75tik gora diren eremuetan esleitu beharreko irratietan zerbitzu guztiak euskara hutsezkoak izatea; euskaldunak %50-%75 bitartekoan direnetan gutxienez hiru laurdenak euskara hutsez izatea; euskaldunak %25-50 bitarteko eremuetan gutxienez erdiak euskara hutsezkoak izatea eta hortik beherakoetan gutxienez batean.
Horrekin batera, euskara hutsez emititzen ez dutenentzat, Euskal Herrian hedatzen diren hedabideek euskararen erabilera kuota legez ezarria izango dutela zehazten du Kontseiluaren proposamenak. Kuota kalkulatzeko, uneko ezagutza-tasari 10 puntu gehituko zaizkio, eta tasa hori lau urtez behin berritu beharko litzateke. Horrekin batera, dagokien tasa gainditzen duten hedabideak diru-laguntza bidez hornituko lirateke, beti ere ahaleginaren arabera; eta euskara hutsezko hedabideek laguntza berezia jaso beharko lukete.”
Halaber, kuotak ezartzeaz gain, horiek beteko direla bermatzeko mekanismoak ere abian jarri behar direla berretsi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Beste behin, Nafarroako Gobernuak beste aukera garrantzitsu bat galdu dutela ondorioztatu du Kontseiluko idazkari nagusiak: “euskarari telebistan espazio berriak ez eskaintzeak euskararen normalizazio-prozesuan aukerak galtzea ekarriko du. Hortaz, herritarrok euskaraz bizitzeko nahiari are determinazio handiagorekin eutsi beharko diogu eta bidegabekeria hauei guztiei erantzuten jarraitu”.