LOSU berriaren aurrean
LOSU berriaren aurrean –
Martxoaren 9an onartu zuen Espainiako Kongresuak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) lege-proiektua. Senatuan onartutako emendakinek ez diote funtsezko aldaketarik ekarri aurretik Kongresuan onartutako proiektuari, ez bada kontratazio moldaketak eta irudi berriak ezartzeko malgutasuna eta denbora luzeagoa emateko unibertsitateei. Beraz, kongresutik ateratako proiektu ia bera da orain onartuko dena.
Steilasen iritziz, ez da Euskal Herriko unibertsitate mailako hezkuntza publikoak dituen beharrak eta asmoak asebeteko dituen legea. Ez du erkidegoen eta estatuen arteko zatiketa administratiboa gainditzeko aurreikuspenik egiten edo horretarako tresnarik eskaintzen. Ez da, ezta ere, unibertsitateak egungo dinamika merkantilista eta burokratizatzaileetatik askatuko dituen legea, nahiz eta legearen atarikoan bestelako diskurtsoa irakur daiteken.
Baina, horrekin guztiarekin ere, baditu zenbait alderdi eta ezaugarri interesgarri, aintzat hartzeko modukoak eta zuzenean interpelatzen dituenak hala Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa, nola Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gobernua eta Nafarroako Foru Erkidegokoa ere.
Horrela, bada, eta 2030eko urtea helmuga jarrita, legeak unibertsitate publikoen finantzaketa publikoa BPGren %1eraino igotzera behartzen du. Gaur egun EAEn EHUren aurrekontuaren finantzaketa publikoa BPGren %0,4raino baino ez da heltzen. Azken urteotan portzentaje horrek hobera baino okerrera ere egin du, eta laster onartuko den 2023-2026 aldirako Unibertsitate Plan Berriak ez dakar aurreikuspen onik unibertsitate publikoaren finantzaketa publikoaren ikuspuntutik. Nafarroa Garaian, berriz, baxuagoa da oraindik ekarpen publikoa, BPGren %0,36ren ingurukoa baita.
Ez da Euskal Herriko unibertsitate mailako hezkuntza publikoak dituen beharrak eta asmoak asebeteko dituen legea. Ez da unibertsitateak egungo dinamika merkantilista eta burokratizatzaileetatik askatuko dituen legea
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezin diote iskin egin agindu horri, eta horixe izango da datozen urteotan unibertsitate publikoen eta gure gobernuen erronka nagusia.
Bestelakoan, unibertsitatearen egitura, gobernantza eta irakaslegoari dagokionean ere alderdi positiboak ditu legeak (sufragioan oinarritutako ordezkapen eta aginte egiturei eusten die, irakasle laboralak eta funtzionarioak berdintzen joateko bidea irekitzen du, errektore izateko ez du jada funtzionario izatea eskatzen; genero berdintasunaren aldarrikapena) baina baita ilunak ere (mantentzen da Unibertsitate Publikoetako irakaslegoaren gehiengoa funtzionario izan behar delako baldintza; Gizarte Kontseiluaren egitura ere ia bere horretan mantentzen da, aukera galduz gizartearen ordezkaritza zabal eta anitzago baten alde egiteko aukera, gaur egun nagusi diren estamentu politiko eta enpresarialen ordezkaritzaren ordez).
Ikasketen egiturari dagokienean, ez da graduen eta graduondokoen egitura aldatzen baina bizitza osorako ikasketen garrantzia azpimarratzen da eta mikrokredentzialak edo mikrograduak ere aipatzen dira berrikuntza modura. Zertan gauzatuko dira halako proposamenak? Enpresekiko menpekotasun areagotuan ala gizarte zerbitzurako eskaintzan? Hemen ere legeak eta politika publikoek agintzen edo sustatzen ez dutena merkatuak erabakitzeko arriskua dugu azkenean. Horregatik da, besteak beste, horren garrantzitsua unibertsitate publikoen finantzaketa hobetzea.
Plantillaren eta batez ere irakaslegoaren egonkortzeari dagokionean, aldi baterako kontratazioa %8raino jaisteko konpromisoa hartzen da. Baina kopuru horretan ez dira irakasle atxikiak aintzat hartuko, ezta osasun arloko irakasle elkartuak ere. Egonkortze neurriak irakasle elkartuei zuzentzen zaizkie bakarrik, eta haienak kontratu mugagabeak bihurtzeko aukera ematen du. EHUn eragin mugatua izango du neurri horrek, ez baita Espainiako beste unibertsitateen adinako gehiegikeriarik gertatu irudi horrekin. Ez da, ordea, arduraldi partzialeko bitarteko irakasleen egoeraz eta prekaritateaz ezer esaten, eta horiena da gure unibertsitateko prekaritate poltsarik handiena, hain zuzen ere, legeak ezartzen duen ordezko irakasle kategoria berriarekin betikotzeko arriskua dagoena.
Hartara, ez da plantillaren funtsezko egitura aldatzen, eta nahiz eta orain irakasle atxikiei ez zaien akreditazioa eskatuko, plantillan egonkortzeak eta ibilbide akademikoan aurrera egiteak oraindik ere akreditazio sistema burokratikoaren menpe geratuko dira, horrek irakasleengan sortarazten duen elkarren arteko konpetentzia eta antsietate guztiarekin.
…
Patxi Azpillaga Goenaga eta Nagore Iturrioz Lopez
Steilas sindikatua