LOMCE eta murrizketei aurre egin gabe, ez dago baleko legerik
LOMCE eta murrizketei aurre egin gabe, ez dago baleko legerik
“Aho bete hortz utzi nau Heziberriren «lorpen handien» artean lehen faseak hezkuntza «eragileen gehiengo zabal baten oniritzia» jaso zuela irakurtzeak. Nortzuk dira hezkuntza eragileak Telliturentzat?
Nortzuk kontuan izanik sindikatuok eta ikasle erakundeak eztabaida horretatik kanpo utzi gintuela Jaurlaritzak?
Nortzuk sindikatu guztiak, ikasle erakundeak, familia elkarteak (EHIGE eta Sortzen) prozesuaren forma, helburu eta edukiekiko oso kritiko agertu ginela kontuan izanik?
Hori horrela, norekin eraiki nahi ditu Tellitu jaunak gure herriko hezkuntzaren oinarriak?…”
Xabi Irastorza Garmendia – ELAren Irakaskuntza arduraduna
Harridura eta kezka sortu didate Ikastolen Elkarteko lehendakari den Koldo Tellituk azaroaren 17an idatziriko artikuluan eginiko hainbat adierazpenek. Euskal Herrian azaroaren 26ko lanuzte eta mobilizazio deitzaile izan ginen ELA eta Steilasen inguruan Ikastolen Elkarteak esandakoa (gure siglak aipatu gabe) eta bere jarrera zein izan zen jakiteko, mobilizazioen bezperan ikastetxeetara bidalitako oharra irakurtzea besterik ez dago (http://www.ikastola.net/berriak/18065). Norberak atera bitza ondorioak.
Aho bete hortz utzi nau Heziberriren «lorpen handien» artean lehen faseak hezkuntza «eragileen gehiengo zabal baten oniritzia» jaso zuela irakurtzeak. Nortzuk dira hezkuntza eragileak Telliturentzat? Nortzuk kontuan izanik sindikatuok eta ikasle erakundeak eztabaida horretatik kanpo utzi gintuela Jaurlaritzak? Nortzuk sindikatu guztiak, ikasle erakundeak, familia elkarteak (EHIGE eta Sortzen) prozesuaren forma, helburu eta edukiekiko oso kritiko agertu ginela kontuan izanik? Hori horrela, norekin eraiki nahi ditu Tellitu jaunak gure herriko hezkuntzaren oinarriak?
Harridura sortu dit Heziberriren 1., 2. eta 3. faseen bereizketa, bakoitza independentea bailitzan, eta hirugarren faseak, hau da, Hezkuntza Legeak, aurrekoen gabeziak konponduko balitu moduan. Eta hori guztia gure hezkuntza sistema osoa baldintzatu eta txikitzen duen LOMCE hezkuntza erreforma izango ez balitz bezala edota Jaurlaritzak aurre egin eta estatuarekin konfrontatzeko asmorik izango balu moduan.
Eusko Jaurlaritzak argi utzi du LOMCEren kasuan eta beste hainbat eraso eta gatazkatan, estatuaren kontrolpean dauden tribunaletan helegiteak jartzeaz harago, ez duela Estatuarekin inolako konfrontaziorik nahi. Horrela dago pentsatua Heziberri eta bere curriculum dekretuak eta berdin aurreikus liteke balizko Hezkuntza Lege baten kasuan. Hezkuntza akordio eta lege baterako itxaropen eta indar nagusiak legebiltzarrean jartzea zalantzagarria izan daitekeen arren, benetan uste du Tellitu jaunak eta Ikastolen Elkarteak egungo euskal politikan eta Eusko Legebiltzarrean indar-harreman nahikoa dagoela LOMCEri eta estatuari aurre egingo dion Hezkuntza Lege bat aurrera ateratzeko? Norekin?
Nik ez dut ezbaian jarri ezta baliorik kendu ere ikastolen ibilbide eta lanari, besteak beste ELA bide horren bultzatzaile eta parte garrantzitsu izan baita. Ezta esan ere ikastolek LOMCE aplikatzeko prestasuna dutenik. Baina norbaitek uste al du gure hezkuntza sistema propioa eraiki dezakegula Lomcek ezartzen duen hezkuntza eredu eta dituen kontrol mekanismoei aurre egin gabe? Eta hori egin ezean zer geratuko zaigu, bada, LOMCEk uzten dizkigun espazio eskasak koloreztatzea baino? Hau honela, zer da harrigarria? ELA, beste hezkuntza eragileekin batera, gure hezkuntza sistemaren garapena bermatzeko LOMCE eta horren neurrira mozturiko jantzia den Heziberriri aurre egin eta bertan behera uzten saiatzea? Hala egoera tamalgarri honen gainean eraikitzen ari den egitasmo eta lege aukera bati babesa ematea? Eta horrela bada, zergatik? Finantzaketa egitura egonkor bat lortzearren?
ELAk inola ere ez dio uko egiten euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege bati. Are gehiago, ezinbestekotzat jotzen dugu gure hezkuntza sistema propioa arautu eta bermatzeko. Baina inola ere ez diogu babesik emango edozein legeri. Are gutxiago, LOMCEren hezkuntza eredu eta kontrol mekanismoak bereganatu edo bide ematen dion egitasmo edo lege bati. Edota murrizketa politikak egituratu eta gure hezkuntza sistemak ezinbesteko dituen baliabideak ukatzen dituen politikari.
Bide horretan, kanpo injerentziei muga jarri eta oinarrizko ardatzak garbi dituen hezkuntza sistema defendatuko dugu:
- Hezkuntza publikoa ardatz harturik Europako batez besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.
- Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasuna, ekitatea eta kalitatea oinarri.
- Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ardatz duena.
- Hezkuntzaren gaineko erabakietan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.
Horretan ahaleginduko da ELA antzeko irakurketa egin eta bidea egin nahi duten eragile, alderdi eta erakundeekin.